Maritzuli-ren Nundik Nora ikuskizuna Hondarribian, uztailaren 8an

2014/07/04
Maritzuli-ren Nundik Nora ikuskizuna Hondarribian, uztailaren 8an

Datorren uztailaren 8an, asteartean, arratsaldeko 20:30etan, Hondarribiko Itsas Etxean, Maritzuli konpainiaren Nundik Nora ikuskizun berria ikusteko aukera izango da, euskarazko estreinaldia izango baitu hain zuzen ere. Maritzuli konpainia eta Jon eta Claude Iruretagoiena-ren eskutik, Nundik Nora ikuskizunak zuberoako dantzen historia eta jatorriaren inguruko lezio didaktiko argigarria eskaintzen du. 

Dantzaren eta maskaraden historiak, eta dantza maisuen oroitzapenak

Hitzaldi dantzatu moduan abiatu zen Nundik Nora eta Dantzan Ikasi egitarauan berauz gozatzeko aukera izan genuen. Orain, ikuskizun bihurtu da, eta Jon Iruretagoienak gidaturik, maskaradetako hainbat dantzaren sorrera eta bilakaera historikoa aurkezten dizkigu modu erakargarri eta ikusgarrian. Zuberoako maskaradako dantzen hariari tiraka, XVII. mendetik abiatzen da Nundik nora ikuskizuna, Luis XIVren gorteko la bell danse abiapuntu hartuta, XVIII. mendeko kontra-dantzak, quadrillearen sorrera, Vestris eta Dupont bezalako dantza-maisuen ekarpenak, armadako ikasketak eta haien aztarnak gure dantzetan, eta Zuberoako dantzetan aurrekari horiek guztiek utzitako aztarnak azalaretzen ditu ikuskizun honetan Maritzuli konpainiak.

Maritzuli: Nundik Nora. Hendaia, 2014-06-20. Argazkia: Iñaki Zugasti / dantzan.com CC-BY-SA

Jon Iruretagoienaren hitzezko azalpenak Jon berak eta hamabi dantzarik bertan dantzatuko dituzten piezekin osatuko dira, XVIII. mendeko quadrileak, fricasse, anglaise, gavotte (Vestrisena, adibidez) eta gabota (Zuberoakoa) besteak beste. Zuberoako maskaradetan ohikoak zaizkigun urrats eta dantzen aurrekariak agerian jarriko ditu ikuskizun honen, dantza horietaz gozatzeko parada eskaintzen duen aldi berean.

Jon Iruretagoiena, dantza-maisua

Pasa den ekainaren 20an, Hendaian estreinatu zen Nundik Nora ikuskizuna, eta bertan, dantzaren hiru ikertzaile eta ezagule handik, Thierry Truffaut, Juan Antonio Urbeltz eta Thierry Malandain-ek, Jon Iruretagoienak egindako lan sakona txalotu, goratu eta XIX. mendeko dantza-maisuen egiaztagari zen Brevet edo Dantza-Maisu agiria eskaini zioten.

Gaztemundu, Dantzagunea eta Hondarribiko Udala

Nundik Nora euskarazko ikuskizunaren estreinaldia Dantzan Ikasi programaren baitan eskaintzeko aukera dugu, hain zuzen ere hainbat erakunde eta talderen ekarpen eta laguntzari esker. Gaztemundu eta Dantzan Ikasi programen baitan, egoitza Errenterian duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantzagunean, Jon eta Claude Iruretagoienak eskainiko dituzten ikastaroen osagarri eskaintzen da ikuskizun hau, eta bertan izango dira Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programaren bidez egunotan Euskal Herrian izango dira diasporako 25 dantza irakasleak. Dantzaguneak eskainitako babesaz gain, ezinbestekoa izan da Hondarribiko Udalaren ekarpena, Itsas Etxeko auditoriuma eta bere teknikariak ikuskizuna aurrera emateko jartzeaz gain, emanaldiaren gastuen zati bat bere gain hartu baitu. 


Sarrerak eta xehetasunak
  • Ikuskizuna: Nundik Nora. Dantzaren eta maskaraden historiak, eta dantza maisuen oroitzapenak
  • Konpainia: Maritzuli konpainia, Jon eta Claude Iruretagoiena.
  • Noiz: 2014ko uztailaren 8an, asteartea, 20:30ean
  • Non: Hondarribia, Itsas Etxea Auditoriuma - Matxin de Arzu 2
  • Sarrerak: 3 €   (Kutxabank bidez salgai eta Itsas Etxeko txarteldegian ikuskizuna baino 2 ordu lehenagotik)