Neurria eta proportzioa: prozesioan dantzan Carles Masekin

2019/07/09
Neurria eta proportzioa: prozesioan dantzan Carles Masekin

Aurreikusitako larunbat luzea azkenean ere motz gelditu zen Carles Masekin XIV eta XV mendeetako prozesio dantzen inguruan antolatutako ikastaroan. Guillermo Perez organettoarekin lagun zuela, goizeko eta arratsaldeko saio bikoitzean, denboran bost mendez atzera eraman gintuen doinuz, dantzaz eta baita orduko gizarte dantzari hura kontestuan jarri eta ulertzen lagundu gintuzten estetika kanon eta portaera ereduez ere.

Baxa dança eta dança alta aipatuz eta desberdinduz hasi zuen sarrerako solasaldia Masek, a lo bajo ala a lo alto dantzatzea alegia, lasaia bata eta bizia bestea, horizontala eta bertikala. Bigarrenei ere tartea uzteko nahia adierazi bazigun ere, batik bat lehenengoak landuko genituen larunbat hartan.

Ustezko italiar jatorria dudan jarriz, Flandria, Borgoña, Ingalaterra nahiz Katalunian dantza honen erreferentzien berri eman zigun. Prozesioko dantzak ziren, leku batetik bestera ―palazioren batetik elizara adibidez― herria mugitzen zutenak. Estamentu eta gizarte mailaren arabera sailkatuta, denek parte hartzen zuten, eta esan nahi du beraz noble zein herritar xume, denek ere ongi ezagutu behar zituztela dantza hauek gero gizarte erakusleiho hartan moldatu ahal izateko. Mendeetan aurreragoko martxa militarren aurrekariak izango dira eta XX. menderaino salto eginez besteak beste pasodoble forma hartuko dutenak.

Lehen azalpen sarrera eta aurkezpenen ostean danborrari heldu zion Masek eta perkusio hutsez erritmo desberdinen erabilerarekin eta denok borobilean inguruan ginela, beroketa saioa gidatu zuen.

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Gorputz eta buru behin aktibatuta, hasieratik kontuan hartu beharreko zenbait kontzeptu eta idea azaldu zizkigun. Dantzaren forma eta dantzaerari dagokionean proportzioa eta neurria, italiarrek zerabilten mexura musichale delakoa, seinalatu zizkigun, erritmoa jarraituz dantzatzea alegia. Garaiko tratatuek ardura izan zuten bono dançatore batek kontuan izan behar zituen arauak jasotzen. Domenico Piacenzak italierazko lehen tratatuan jasoak, gerora haren ikasle izandako Antonio Cornazanok eta Guglielmo Ebreo da Pesarok ere aipatu zituzten arauok haien lanetan. Movimenti naturali eta accidentali (gaur egun urratsak eta apaindurak deituko genituzkeenak) haietaz harago, urratsa segida soila dantza bihurtzen duten xehetasunetan oinarritzen ziren arauak ziren. Besteak beste memoria, dantzan espazioa zein denbora zatikatzeko gaitasuna, edota mugimenduak musikarekin eta zegokion musika instrumentuarekin bat eginda ―"harmonian"― izateko beharra. Arautzeko eta zehazki deskribatzeko beharra XV. mendeko dantza hauen zailtasunaren erakusle da.

Proportzioa eta mesura oinarri zirela beraz, Guillermo Perezek organettoarekin lagunduta oraingoan, oinez jarri gintuen, eta oinez aritzea dantza bihurtu nahi zuten azalpen eta aginduak eman zizkigun, gorputzaren jarrera, buruaren posizioa, begirada, pisu aldaketa, organettoak markatzen zuen "tenoreari" jarraitzea... Ombregiare, ondegiare, rilevamento... bezalako terminoak agertuz joan ziren. Itxurazko sinpletasunean gordetzen den konplexutasuna ulertu eta errepikatu nahian joan zitzaizkigun hurrengo minutuak.

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Proportzioaren kontestu horretan bazterrean zen arbelera hurbildu eta paperean beste zenbait azalpen eman zizkigun Masek. Baxa dança zen oinarrizko neurria ezartzen zuena, eta hari proportzio desberdinetan sortzen ziren beste erritmoak. 6 zatitan banatzen zuen denbora bakoitza baxa dançak. Neurri beraren 5 zati hartzen zituen quaternaria izenekoak, 4 berriz saltarelloak eta 3 pivak, erdia alegia, denetan bizienak. Proportzio horretan berriz,  lauko zatiketa zuen quaternariak (bosteko neurrian), seikoa saltarelloak (lauko neurrian) eta seikoa baita ere pivak (hiruko neurrian).

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Hartara, mexura kontzeptuari neurria hartzen ahalgindu ostean lehen danza bassari heldu genion, "Bassa francese" izenekoa. Neurria hasieratik markatua dakar partiturak eta "per adittamenta" izeneko eraikuntza mota darabil. Gurean gaurdaino iritsi zaizkigun zenbait dantza ereduekin (Gipuzkoa, Bizkaia nahiz Zuberoako dantza-maisuen tradizioak, edota dantza-jauzi eta mutil-dantzak) lotura egitea berehalakoa izan zen. Partitura hauetan erabilitako ikurren inguruko azalpenak eman ostean, paperean izkiriatu zituen baxadança hau osatzen zuten urratsak: erreberentzia, continenza, sempio, doppio, represa... Pixkanaka-pixkanaka memoria lanean jarriz ezagun egiten joan zitzaigun urrastegi berria eta dantza osatu ahal izan genuen.

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Atzetik etorri zen izenez behintzat gertuagokoa zitzaiguna: "Bassa navaroyse". Eta oinarrizko arauak jarraituz prozesio dantzetan murgiltzen jarraitu genuen. Sentipen kolektiboaz ziharduen Mas, mugimendu kolektiboaz, inguruaz jabetzeaz, dantza lagunaz, arnasaz. Proportzioa, neurria, harmonia. Gaur egun hezitu gabeko buru eta gorputzarentzat kontzeptu konplexuak.

Goizeko ordutegiaren mugak igarota atsedentxo bat egin genuen freskatu eta ahora mokadutxo bat eramateko. Dantzaguneko pasillo zabalean prestatutako jangela inprobisatuan goizean landutakoen gora beherak komentatzeko aukera izan zen.

Atsedena lar luzatu gabe, Guillermo Perezek ekarritako instrumentuen azalpen txiki bat eman zigun: organettoa eta clavisimbaluma-a. Perez nazioartean ezaguna da organettoarekin egindako ikerketa lanengatik zein intereprete moduan ere, eta aukera paregabea izan zen eskuizkribuetako miniaturetatik sortutako berrerainkuntza haien inguruan zerbait gehixeago jakiteko. Izan ere Carlesek goizean azaldu bezala dantza eta musika, dantzaria eta musikaria, bat eginda doaz ezinbestean garai honetako errepertorioa ulertu ahal izateko.

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Azalpen hauen atzetik dantzako lehenengo lanak "cupido" izeneko baxadançarekin hasi genituen. Garaiko doinu arrakastatsua izan omen zen Europako hamaika txokotara iritsi zena, doinua zein dantza. Guztira 30 puntu edo nota zituen dantzatu beharrekoak. Paperaren laguntzarekin urratsak markatu zizkigun eta bi lerrotan ginela honekin ere ahalegindu ginen.

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Urratsen hiztegia ere aberasten joan ginen: perfecta muy grande esan ohi zitzaion aurretik eta atzetik sempio edo sencillo bat zuen bost urrats bikoizdun segidari. Perfecta mediana zen, ordea, bost beharrean hiru bikoitz zeudenean sempio artean eta imperfecta pequeña berriz doppio bakarrarekin.

Arratsaldea aurrera zihoan eta erritmo bizixeagoei tartea egin zien Carles Masek. Saltarelloa lantzeko "El Gioioso" pieza proposatu zigun lehenengo eta "Petit riense in tri francese" piva erritmoan aritzeko.

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Orduak jota, azken ohar eta galderentzat tartetxo bat izan zen. Esker onez eskainitako saio ederrarengatik agurtu genituen Carles Mas eta Guillermo Perez.

Ondoko loturan aurkituko dituzue ikastaroan zehar landutako zenbait dokumentu: 

Dantza-luzeak, soka-dantzen aurrekariak Carles Mas-en eskutik, Dantzan Ikasi, Errenteria, 2019-02-09. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA