Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Ezpata-dantza Gipuzkoako urrezko dominaren ekitaldian

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantza Gipuzkoako urrezko dominaren ekitaldian

Ezpata-dantza Gipuzkoako urrezko dominaren ekitaldian

Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Pasa den abenduaren 18an egin da Donostian, Gipuzkoa Plazan, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian, 2019ko Urrezko Dominaren ekitaldia. Eta azken 15 urteotan bezala, ezpata-dantza izan da omenduei harrera egiten. Aspegiri, emakume profesional, enpresari eta zuzendarien elkarteari eskaini dio errekonozimendua Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko Urrezko Dominaren ekitaldian.

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Urrezko ezpata-dantza 

Izan ere, hamabost urtetik gora dira Gipuzkoako Diputazioaren Urrezko Dominaren ekitaldian ezpata-dantza egiten hasi zela. 2003. urtean izan zen lehen aldia. Gipuzkoako Diputatu Nagusia Ikerfolk elkartearekin harremanetan jarri zen, Juan Antonio Urbeltzekin hain zuzen ere eta erakunde horrek ematen duen errekonozimendu nagusia izanik, ekitaldi horren neurriko protokolo koreografikoa prestatzeko enkargua egin zion.

Ezpata-dantza urrezko domina 2003
Ezpata-dantza Gipuzkoako Urrezko Dominaren ekitaldian, 2003-12-23. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC by-sa

Urbeltzek ezpata-dantza proposatu zuen, hain zuzen ospakizun egun handienetako dantza. Ikerfolkeko lantaldea ezpata-dantza antolatzeko lanean jarri zen. 

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Hil eta berpiztu

Azken hamarkadan ezpata luzeekin eta lau lerrotan egiten diren ezpata-dantzak ohikoak bihurtu badira ere, 2003an ez-ohikoak ziren. 1936ko gerra aurrean, Zaldibian Juan Inazio Iztuetari egindako omenaldian edo Donostian Santa Maria basilika aurrean egindako ezpata-dantzen irudiak badira, baina gerra ostean ezpata-dantzak bakandu eta egiten zirenak bi lerrotakoak izan ziren gehienetan.

Zaldibia 1929 ezpata-dantza
Ezpata-dantza Zaldibian Juan Inazio Iztuetaren omenaldian, 1929-09-01.
 

1970eko hamarkadan Argiak Gipuzkoako dantzen berrikusketa lan sakona abiatu zuen eta hortik plazaratu ziren berriz lau lerrotako ezpata-dantzak. 1980-90eko hamarkadetan zenbait ekitaldi handitan eskaini ziren lau lerrotako ezpata-dantzak: Manuel Larramendiri eskainitako omenaldian Andoainen, Anoeta estadioaren inaugurazioan (1993), Kursaaleko kuboen inaugurazioan (1999), Elgoibarko San Bartolome egunean (1994) eta herriaren sorreraren 650. urteurrenean (1996) eta Goizaldi dantza taldearen 50. urteurrenean (1999), adibidez, baina bereziki aipagarria da 1988tik 1994ra bitartean, Zortziko eta Alakiketan ikuskizunaren bidez Euskal Herri osoan erakutsi zuela Argiak, eta baita Parisen eta Madrilen ere. 

Alakiketan ezpata-dantza Argia
Ezpata-dantza Argia dantzari taldearen Zortziko (1988) ikuskizunean.

Gipuzkoarren ezpata-dantza

Urrezko Dominaren ekitaldian egiten den ezpata-dantza ez da talde bakar bateko dantzariekin osatzen, hainbat taldetako dantzariekin baizik. Hori horrela izan da 2003an, Urrezko Dominaren ekitaldian egin zen lehen ezpata-dantzatik, eta hurrengo urteetan sakontzen joan da talde osaketa anitz hori. Argia taldearen Zortziko ikuskizunean du jatorria eredu ireki horrek, eta taldeen egiturak gaindituz dantza proiektuak konpartitu eta elkarlanean aritzeko bidea ematen du.

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Horrela, Ikerfolken zuzendaritzarekin, Argia, Haritz, Arkaitz, Gure-Kai eta Kezka dantza taldeetako dantzariekin eta Elgoibarko udalaren txistulari bandako musikariek osatu zen 2003ko ezpata-dantzarien taldea. Gipuzkoako ekitaldi instituzionala izanik ordezkaritza hori Gipuzkoa osoarena izateak, sinbolikoki beste neurri bat hartzen zuela ikusita, ondoko urteetan gehiago zabaltzen joan da parte hartzen duten taldeen zerrenda: Aurtzaka, Udaberri, Urki, Eraiki, Kemen, Goizaldi, Sahatsa, Itxaropena,... eta azken urteotan Indarra eta Dantzertitik ere bai, Gipuzkoa mendebaldera zein hegoaldera nahi adina hedatzen dela agerian jarriz. Parte hartze hau irekia da eta beraz, hurrengo urteetako ezpata-dantzetan parte hartu nahi duten talde eta dantzariek jarri besterik ez dute. Txistulariei dagokionez, Usartza txistulari taldeak jotzen du ekitaldi azken urteotan. 

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

2019ko ezpata-dantza

Abenduaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, ezpata-dantza Diputazioaren Jauregiko ate nagusitik atera da txistulariak aurretik dituela. Gipuzkoa Plazaren ertzeko kalea zeharkatu du Diputatu Nagusiaren ondoan dauden omenduei, Aspegi elkarteko ordezkariei harrera egitera. Bi zubi egin dira ezpatatekin haien aurrean eta ondoren ezpata-dantza dantzatu dute lau azkendariek eta gidariak. Segidan, beste zubi bat egin eta etorritako bidetik itzultzen hasi da ezpata-dantza, Diputatu Nagusia eta omenduak atzetik dituela. Ate nagusiaren aurrean, korrika hasi dira ezpata-dantzariak eta erdiko aurkepan ezpatekin arkua osatu dute omenduak azpitik pasaz Jauregira sartu daitezen. Gainontzeko diputatuak egin diete harrera bertan omenduei, eta segidan, dantzarien bi kapitain aurretik dituztela igo dira ekitaldia burutuko den aretora.

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

 

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Ezpata-dantzariak eta musikariak

Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argiako Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik gainbegiratuta, Argia, Arkaitz, Aurtzaka, Gure-Kai, Haritz, Dantzerti, Urki, Indarra eta Itxaropena taldeetako dantzariek parte hartu dute ezpata-dantzan. Ezpata luzeekin aritu dira: Leire Dorronsoro, Anne Garzia, Helene Nater, Oihane Sarriegi, Iera Larrañaga, Egoitz Irazabalbeitia, Aitor Marañon, Maren Basterretxea, Ana Ochoa, Sara Calderon, Maider Callejon, Eñaut Egaña, Sonia Antolinez, Ainhoa Mujika, Asier Garmendia, Amaia Loiola, Maider Mantecon, Mikel Legorburu, Oier Araolaza, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Jokin Hazas, Asier Estivariz eta Amaiur Aristi. Azkendariak izan dira Igor Baroja, Miren Hazas, Ainara Aizpurua eta Andoni Alonso. Kapitainak: Amaia Loiola eta Gari Otamendi. Gidaria: Josu Garate.

Ezpata-dantza urrezko domina 2019
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo

Hona orain arte Gipuzkoako urrezko domina jaso dutenen zerrenda:

1982 Jose Migel Barandiaran.
1983 Manuel Lekuona.
1985 Orfeon Donostiarra.
1987 Eibarko Armagin Eskola.
1991 Carlos Santamaria.
1994 Euskaltzaindia.
1998 Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak.
2003 Jose Maria Setien, Juan Zelaia eta Iñaki Gabilondo.
2008 Mikel Laboa.
2013 Nestor Basterretxea (Urrezko plakak: Egin eta Euskaldunon Egunkaria).
2014 Benito Lertxundi (Urrezko plakak: Frankismoan Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria jasan zuten emakumeak eta “Beroa” Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea)
2019 Aspegi

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com