Dokumentuaren akzioak
Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
Dantzaren Nazioarteko Eguna, Eibar, 2022-04-29. Argazkia: Olaia Gabirondo - Kezka dantza taldea (cc) by-sa
Dantzak Eibarren duen indarra erakusteko aukera eskaini digu 2022ko Dantzaren Nazioarteko Egunak. Kaxako lagunen proposamenak dantzan jarri gaitu herriko hainbat dantza talde eta eskola: Biraka, Ballet Eibarres, NeleDantza, Os Galaicos, Kaxa bera eta Kezka, denok bat hartuta, kaleak hartu ditugu eta dantzan jarri ditugu herriko hainbat bazter. Eskerrak eta zorionak Kaxakoei akuilua dantzan jartzeagatik. Gogoeta txiki bat, gure saioen argazki-kronika eta Martal Prol eta Yanire Sagredok hartutako irudiekin osatutako egunaren laburpen bideoa dituzue sarrera honetan.
Euskal dantzaren erronka
Euskal dantzariontzat ez da erronka makala izan. Emanaldietan, gure aurretik eta ondoren aritu diren dantzariak bikain prestatuta eta koreografia ikusgarriekin aritzeaz gainera, modako musika indartsuak, erritmo biziak, baliabide handiz goi mailako produkzio musikaletan grabatutakoak eta soinu ekipoek bolumen handiz haizeratzen zituztenak baliatu dituzte.
Lehen notak entzun orduko ikusleak ere dantzan jartzen dituzten saio horien ondoren, gure txandan txistu soilez, erdi-purdi sonorizatutako mikroetatik sartzen ziren doinuak, erritmo lasaiago eta konplexuagoak, eta gaurko ikusle gehienentzat arrotzak geratzen zaizkien doinuak baliatzen genituen dantzarako, gure gorputz hizkuntza hieratikoago eta ikusleen begietarako ez-ohikoagoan dantzatuz.
Bi hitzetan esanda, bagenuen KEZKA gure dantzaldiek testuinguru horretan zer nolako harrera izango zuten. Azterketa hainbestean pasa dugun irudipenarekin geratu gara. Gutxienez ez gaituztela tomateka bota plazatik... Errepertorioak ongi pentsatu, saio bizi eta entretenituak prestatzen saiatu gara (beti bezala!), eta musikariek txistulariez gain eskusoinu, txirula, saxofoi, dultzaina eta abarrak jarri dituzte dantzan. Dena behar eta soberakinik ez.
Dantza modernoa eta emakumeak
Ekitaldiak balio izan digu Eibarko dantzaren argazki bat egiteko. Eta argazki horretan dantza modernoa eta emakumeak nagusi direla ikusten da. Euskal dantza, balleta edo galiziar dantzan ari garenak talde txikietan gabiltza. Euskal dantzaren kasuan garai batean dantza jardun nagusia zen, baina gaur egun txikien multzoan gaude. Dantza modernoa egiten duten taldeak oparo agertu dira plazan. Gure herrian euskarak bizi duen egoerarekin parekatzen dugu euskal dantzarena. Bertako (gorputz-)hizkuntza izan arren, gutxiengo egoeran gaude eta arrotza da gehienentzat.
Bestalde, bagenekien dantza nagusiki emakumeek egiten dutela gaur egun, baina argazkiak erakutsi diguna hori baino gehiago da, izan ere, gizonezkoak dantzan desagertzear daudela ikusi dugu. Apenas dagoen mutilik dantzan. Break dancean ume-moko batzuk eta euskal dantzan banaka batzuk. Kitto. Eta hau ere larria iruditzen zaigu.
Generoa eta estereotipoetaz asko hitz egiten da, emakumeak kiroletara bultzatzeko hainbat kanpaina dago, baina hemen gertatzen ari den konturik nabarmenena da gizonezkoek milaka urtez egin duten gorputz jarduera, dantza, abandonatu dutela, eta ez dela joera horri aurre egiteko inolako ahaleginik sumatzen.
Urkizun eta Untzagan aritu gara gu
Dantza ekitaldiak Urkizun, Errebalen, Amañan eta Untzagan egin badira ere, Kezkako dantzariak Urkizun eta Untzagan aritu gara. Urkizun bi taldetan aritu gara. Txikienek buhameak, txulalai eta marmutx dantzatu dute biribilketaz gainera.
Gazteek aurreskua egin dute, jakina, sokan, soka-dantza nahi baduzue.
Untzagan gazteok eta nagusiok elkarrekin soka osatuta aurreskua dantzatu dugu.
Eta ertain, gazte eta heldu, guztiak batera kontra-dantzatan aritu gara bukatzeko.
Dantzan bukatu
Dantzaren eguna dantzan bukatzeko aukera eskaini du udalaren eskutik erromeria eskaini duen Parrapas taldeak. Plaza bete lagun, pozik, zoriontsu, dantzan eta festan, aspaldiko partez.
Dantzaren Nazioarteko Egun ederra ospatu dugu. Datorren urtean berriz, eta bitartean badugu urte oso bat aurretik dantzan aritzeko. Hona hemen egunaren laburpen-bideo ederra, Marta Prol eta Yanire Sagredon irudiz osatua.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
ezin izan diot pare bat komentario egitearen tentazioari eutsi.
Labur-labur bada ere, aspalditxoan bai foro honetan eta bai beste batzuetan ere esaten ari garena konfirmatzen duela kronika eta hausnarketa honek: euskararen egoerarekin konpara daiteke, esanez euskal dantza, une honetan, lekua galtzen ari dela beste dantza diziplinekin konparatuz gero.
Minoritarioa izateaz aparte, Kezka Dantza Taldekoek eta haren moduko beste hainbat eta hainbat dantza taldek jorratu nahi duten bidea ez da orain modan dagoena: megafonia indartsurik gabe (edo batere megafoniarik gabe) eta zuzeneko musika baliatuz, orain hain ohikoak ez diren gorputz-mugimenduaren estetika horrekin... nik ere eredu horren alde egingo nuke, baina argi izan behar dugu jende gehienarentzat eredu "zaharkitua" dela.
Anekdota moduan, orain dela urte asko Kezka taldekoen sentsazio bera izan nuen neronek ere, haurren dantza emanaldi batean. Gipuzkoako herri bateko plazan gertatu zen, uda garaiko dantzari-txikien jai horietako batean. Kontua da, talde guztien artean bazegoela bat eredu berri batekin plazan agertu zena: Kepa Junkeraren doinuekin, inguru guztia jateko moduko megafonia gehiegizkoa baliatuz, koreografia batzuk aurkeztu zituena plazan. Eta haien ondotik gure haur taldea atera zen, "betiko" zinta-dantza eginez, pare bat txistulariren doinuz lagunduta. Izango dira hamar edo hamabi urte hori gertatu zela, eta orduan hasi nintzen ni konturatzen aldaketa inportanteak zetozkigula.
Mutilen parte hartzeaz, zer esan? Ezer berririk ez. Berriro nabarmendu, inor gutxi ari dela arduratzen kontu horretaz.
Esanak esan, nik uste bidea hori dela, eta ahalik eta ilusio handienez eta konplejorik gabe egin beharko genukeela bide hori. Jakinik, "basamortua" egokitu zaigula bizitzea. Basamortua zentzu profetikoan, ez etsipenaren zentzuan. Izan ere, gauza dagoen moduan, oraindik ere haur eta gaztetxoak gure taldeetara hurbiltzea baloratzeko modukoa iruditzen zait.
Gai nagusia ez bada ere, maiatzean antolatuta dauden "Dantzan Ikasi" topaketetan izango du gai honek ere, seguru, bere lekua. Pena handiz, nik ez dut joaterik izango.
Izan ondo,
Xabier.