Ezpata-dantza Gipuzkoako urrezko dominaren ekitaldian
Pasa den abenduaren 18an egin da Donostian, Gipuzkoa Plazan, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian, 2019ko Urrezko Dominaren ekitaldia. Eta azken 15 urteotan bezala, ezpata-dantza izan da omenduei harrera egiten. Aspegiri, emakume profesional, enpresari eta zuzendarien elkarteari eskaini dio errekonozimendua Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko Urrezko Dominaren ekitaldian.
Urrezko ezpata-dantza
Izan ere, hamabost urtetik gora dira Gipuzkoako Diputazioaren Urrezko Dominaren ekitaldian ezpata-dantza egiten hasi zela. 2003. urtean izan zen lehen aldia. Gipuzkoako Diputatu Nagusia Ikerfolk elkartearekin harremanetan jarri zen, Juan Antonio Urbeltzekin hain zuzen ere eta erakunde horrek ematen duen errekonozimendu nagusia izanik, ekitaldi horren neurriko protokolo koreografikoa prestatzeko enkargua egin zion.
Urbeltzek ezpata-dantza proposatu zuen, hain zuzen ospakizun egun handienetako dantza. Ikerfolkeko lantaldea ezpata-dantza antolatzeko lanean jarri zen.
Hil eta berpiztu
Azken hamarkadan ezpata luzeekin eta lau lerrotan egiten diren ezpata-dantzak ohikoak bihurtu badira ere, 2003an ez-ohikoak ziren. 1936ko gerra aurrean, Zaldibian Juan Inazio Iztuetari egindako omenaldian edo Donostian Santa Maria basilika aurrean egindako ezpata-dantzen irudiak badira, baina gerra ostean ezpata-dantzak bakandu eta egiten zirenak bi lerrotakoak izan ziren gehienetan.
1970eko hamarkadan Argiak Gipuzkoako dantzen berrikusketa lan sakona abiatu zuen eta hortik plazaratu ziren berriz lau lerrotako ezpata-dantzak. 1980-90eko hamarkadetan zenbait ekitaldi handitan eskaini ziren lau lerrotako ezpata-dantzak: Manuel Larramendiri eskainitako omenaldian Andoainen, Anoeta estadioaren inaugurazioan (1993), Kursaaleko kuboen inaugurazioan (1999), Elgoibarko San Bartolome egunean (1994) eta herriaren sorreraren 650. urteurrenean (1996) eta Goizaldi dantza taldearen 50. urteurrenean (1999), adibidez, baina bereziki aipagarria da 1988tik 1994ra bitartean, Zortziko eta Alakiketan ikuskizunaren bidez Euskal Herri osoan erakutsi zuela Argiak, eta baita Parisen eta Madrilen ere.
Gipuzkoarren ezpata-dantza
Urrezko Dominaren ekitaldian egiten den ezpata-dantza ez da talde bakar bateko dantzariekin osatzen, hainbat taldetako dantzariekin baizik. Hori horrela izan da 2003an, Urrezko Dominaren ekitaldian egin zen lehen ezpata-dantzatik, eta hurrengo urteetan sakontzen joan da talde osaketa anitz hori. Argia taldearen Zortziko ikuskizunean du jatorria eredu ireki horrek, eta taldeen egiturak gaindituz dantza proiektuak konpartitu eta elkarlanean aritzeko bidea ematen du.
Horrela, Ikerfolken zuzendaritzarekin, Argia, Haritz, Arkaitz, Gure-Kai eta Kezka dantza taldeetako dantzariekin eta Elgoibarko udalaren txistulari bandako musikariek osatu zen 2003ko ezpata-dantzarien taldea. Gipuzkoako ekitaldi instituzionala izanik ordezkaritza hori Gipuzkoa osoarena izateak, sinbolikoki beste neurri bat hartzen zuela ikusita, ondoko urteetan gehiago zabaltzen joan da parte hartzen duten taldeen zerrenda: Aurtzaka, Udaberri, Urki, Eraiki, Kemen, Goizaldi, Sahatsa, Itxaropena,... eta azken urteotan Indarra eta Dantzertitik ere bai, Gipuzkoa mendebaldera zein hegoaldera nahi adina hedatzen dela agerian jarriz. Parte hartze hau irekia da eta beraz, hurrengo urteetako ezpata-dantzetan parte hartu nahi duten talde eta dantzariek gurekin harremanetan jarri besterik ez dute. Txistulariei dagokionez, Usartza txistulari taldeak jotzen du ekitaldi azken urteotan.
2019ko ezpata-dantza
Abenduaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, ezpata-dantza Diputazioaren Jauregiko ate nagusitik atera da txistulariak aurretik dituela. Gipuzkoa Plazaren ertzeko kalea zeharkatu du Diputatu Nagusiaren ondoan dauden omenduei, Aspegi elkarteko ordezkariei harrera egitera. Bi zubi egin dira ezpatatekin haien aurrean eta ondoren ezpata-dantza dantzatu dute lau azkendariek eta gidariak. Segidan, beste zubi bat egin eta etorritako bidetik itzultzen hasi da ezpata-dantza, Diputatu Nagusia eta omenduak atzetik dituela. Ate nagusiaren aurrean, korrika hasi dira ezpata-dantzariak eta erdiko aurkepan ezpatekin arkua osatu dute omenduak azpitik pasaz Jauregira sartu daitezen. Gainontzeko diputatuak egin diete harrera bertan omenduei, eta segidan, dantzarien bi kapitain aurretik dituztela igo dira ekitaldia burutuko den aretora.
Ezpata-dantzariak eta musikariak
Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argiako Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik gainbegiratuta, Argia, Arkaitz, Aurtzaka, Gure-Kai, Haritz, Dantzerti, Urki, Indarra eta Itxaropena taldeetako dantzariek parte hartu dute ezpata-dantzan. Ezpata luzeekin aritu dira: Leire Dorronsoro, Anne Garzia, Helene Nater, Oihane Sarriegi, Iera Larrañaga, Egoitz Irazabalbeitia, Aitor Marañon, Maren Basterretxea, Ana Ochoa, Sara Calderon, Maider Callejon, Eñaut Egaña, Sonia Antolinez, Ainhoa Mujika, Asier Garmendia, Amaia Loiola, Maider Mantecon, Mikel Legorburu, Oier Araolaza, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Jokin Hazas, Asier Estivariz eta Amaiur Aristi. Azkendariak izan dira Igor Baroja, Miren Hazas, Ainara Aizpurua eta Andoni Alonso. Kapitainak: Amaia Loiola eta Gari Otamendi. Gidaria: Josu Garate.
Hona orain arte Gipuzkoako urrezko domina jaso dutenen zerrenda:
2005 Xabier Arzalluz, Carlos Garaikoetxea, Jaime García Añoveros eta Pedro Luis Uriarte.