Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan Ikasi Euskal dantzen ikerketan egindako lana eskertu diegu Guilchertarrei

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantzen ikerketan egindako lana eskertu diegu Guilchertarrei

2015/02/10 10:30
Euskal dantzen ikerketan egindako lana eskertu diegu Guilchertarrei

Naik Raviart euskal dantzarien opariak jasotzen. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Jean Michel Guilcherrek 100 urte bete dituela eta Parisen eta Bretañan eskaini zaizkion omenaldien ondoren, euskal dantzariok gure esker ona adierazi diegu Guilchertarrei 2015eko urtarrilaren 17an, Donostiako San Telmo Museoan egindako jardunaldiaren bidez. Dantza tradizionalaren ikerketan bizitza luze eta oparoa daraman ikertzailearen omenez Euskal dantzak Jean Michel Guilcherri esker onez jardunaldia egin genuen, bai euskal dantzen ikerketan egindako lana eskertzeko eta bai bere ekarpenak ezagutzera emateko asmoz ere. Jean Michel eta Helene Guilcherren alaba, Naïk Raviart, dantza irakasle eta ikertzailea bera ere izan zen jardunaldian aitaren eta familiaren ordezkari. 

Euskal dantzaren alorreko hainbat dantzari, dantza-maisu, ikertzaile eta zale batu zen goizeko 10:00 eta San Telmo Museoko sarreran. Guztion parte hartzearekin osatutako soka-dantzarekin ekin zitzaion ekitaldiari.

Guilcherri omenaldia-STM-4
Soka-dantza San Telmo Museoan. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti -Dantzan CC BY-SA

Erakunde antolatzaileen ordezkariek ekin zioten jardunaldiari. Francisco Javier Lopez Landatxe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturaren Sustapen eta Hedapenerako zerbitzu buruak ireki zuen jardunaldia. Gipuzkoako Diputazioaren baitako erakunde eta programak dira Dantzagunea eta Dantzan Ikasi, eta horien bidez koordinatu da jardunaldia. Ondoren Ikerfolken izenean Juan Antonio Urbeltzek Iparraldean tokian tokiko bilketa lanean Guilcherrekin topo egin zueneko garaia gogoratu zuen. Joseba Altubek, Euskal Dantzarien Biltzarraren zuzendariak euskal dantza taldeen esker ona adierazi zuen. Azkenik, Jakes Larre Euskal Kultur Erakundeko ordezkariak gure dantzen ezagutzarako Guilcherren ekarpenaren balioa azpimarratu eta eskertu zuen. 

Guilcherri omenaldia-STM-1
Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Naïk Raviarti elkarrizketa

Erakundeetatik ordezkarien aurkezpenaren ondoren, Xabier Itzainak, elkarrizketa egin zion Naïk Raviarti. Galderak aurrez prestatzeko aukera izan zutenez, erantzunak aitarekin, Jean-Michel Guilcher berarekin prestatu zituen Naïk-ek. Lehen galderan, euskal dantza tradizionalaren ikerketak Jean Michel Guilcherren dantza tradizionalaren ikerketa zabalaren baitan jokatzen zuen paperaz galdetu zion Itzainak. Raviart-ek azaldu zuenez, gurasoek Frantzia osoan zehar ikertu dituzte dantza tradizionalak. Bere esanetan euskal dantzaren eta aztertutako gainerako dantzan artean ez zegoen aparteko loturarik. Probintzia bakoitzak bere berezitasunak ditu Iparraldeko euskal dantzetan eta jauziak bakarrik dira denek konpartituak.

Guilcherri omenaldia-STM-2
Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Aurreko ikerketetan dantza tradizionala aisialdira mugaturik ikusi zutela aipatu zuen Naïk Raviartek. Hemen, ordea, dantza errepertorioak eta hau prestatzeko erak harrituta utzi zituen. Zuberoan esaterako urtero dantza-maisuak gazteak bildu eta dantzan irakasten zien, ia eguneroko entseguen bitartez. Gainera dantza-maisuak ez zuen berak zekiena bakarrik erakusten, ezagutzen zituen dantza desberdinetatik ideiak hartzen zituen eta dantzarako teknikak irakasten zizkien erregimen zaharreko tekniketan oinarrituz. 

Horrek gainera Zuberoako Maskaraden forman eragina izan duela azpimarratu zuen Naïk-ek, dantza kolektiboa murriztuz joan baita, eta bakarlarien dantzek, aldiz, garrantzia hartu dute. Azken batean, Euskal Herriak kanpotik ekarritako elementuak bertako tradizioan txertatu ditu, tradizioa moldatuz, baina ez du, beste leku batzuetan ikusi izan duten bezala, dantza oso bat kanpotik ekarri eta horrela egin. Lehengoa aberasteko moduak markatzen du ezberdintasun hori. "Ez zaitezte besteekin konparatu" esan zigun Naïk-ek.

Guilcherri omenaldia-STM-3
Näik Raviart eta Xabier Itzaina. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Dantzak ikasteko denbora hartu behar

Bretainian dantza tradizionalaren inguruko ikerketak eginda, Guilcherren lagun naturalista batek, Bernard Posompèsek, Euskal Herrian ere antzeko zerbait egiteko eskatu ziola kontatu zuen Naïk Raviartek. Bere lanak Parisen bertan hasi zituen, hirian bizi ziren euskaldunak elkarrizketatzen baina ez zen nahikoa izan eta Euskal Herrira etorri zen 62 eta 64 bitartean. Hemen topatu zuena, ordea, ez zen Bretainian topatutakoa bezalakoa. Hemengo ikerketek Euskal Herrian hamalau urteko ikerketa egitera bultzatu zuten Guilcher eta baita bere familia ere. Gainera, Bretainian ez bezala, hemen dantzak ikasi beharra zegoen. Beraz, hainbat dantza-maisurekin dantzak ikasten aritu zen. 

Hegoaldean sarreratxoa

Iparraldetik Hegoaldera, Baztanera sartu ere egin zen Guilcher eta bertan egindako ikerketekin ekarpen interesgarriak egin zituen. Baztango mutil-dantzen ikerketan aritu zen, baina ez zuen nahi beste aurrera jarraitzerik izan eta dantza-jauziekin ikerketa konparatibo bat egiteko hasierako ideia ez zen gauzatu. Gainontzeko lurraldeetara ere ez zen zabaldu.

Naik Raviart-en esanetan errepertorioak oso garrantzitsuak badira ere hauen jatorriaren erantzunak ez dira horren sinpleak. Kasu askotan Nafarroako Gortearekin lotura izan dezakete baina Euskal Herriko esperientzian hainbat galdera daude erantzuteke. Adibidez, nola liteke euskal jauziek egitura horren konplexua eta iraupen horren luzea izatea Errenazimenduko dantzen sinpletasunaren aurrean? Pausu bat falta da ikerketa horretan, gortetik gaur egundainoko pausua hain zuzen ere.

Zuberoako eta Baztango filmaketak

Guilcherri omenaldia-STM-11
Näik Raviart. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Elkarrizketari segida emanez, Guilchertarrek Iparraldean egindako filmazioetako batzuk ikusteko aukera izan zen, hauen artean Etxahun Iruri bera txirula jotzen eta bere seme Arño Bordazaharre dantzan. Aitzineko puntuak banan-banan ematen zituen Arñok, eta kamerak puntu desberdinetatik grabatzen zuen dantza ikerketa lanetarako. Gabota, satan-dantza, godalet-dantza, makhila-dantzak eta pastoralak ere ikusteko aukera izan zen. Alexis Picochet eta Pierre Üthurry dantzari eta dantza maisuek 80 urte inguru zituztela 1972an hartutako irudietan ikus zitezkeen dantzan. 

Zuberoako irudien ondoren Naïkek ekarritako Baztango filmaketak ikusi genituen. Hauetan Lekarozen egindako mutil-dantza ikusten zen. Baztango mutil-dantzak askok gustatu zitzaizkien Guilchertarrei, irudietan dantzarien arteko batasun handia ikusten bada ere dantzariei bakarka erreparatuz gero ezberdintasun txikiak ikusten dira eta horrek batasunari handitasuna ematen diola zioen Naïkek. Mariano Izeta ageri da zenbait iruditan mutil-dantzan irakasten.

Thierry Truffaut: Lapurdiko dantzetan Guilcherren eragina

Thyerri Truffaut antropologoak 1978tik jarraitu du, Claude Iruretagoienarekin batera, Guilcherren lana. Baionako ikertzaileak Jean-Michel eta Helene Guilcherrek Euskal Herrian igarotako hamalau urteetan garatu zuten ikerketa lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen hitzaldi osoan zehar, 70. eta 80. hamarkadetan Lapurdiko dantzen inguruan eman ziren ikerketa eta aldaketak azaltzen zituen bitartean.

Baionako euskal museoak Lapurdiko inauteriei buruzko ikerketa egitea proposatu zion Guilcherri. Garaian Lapurdiko ia dantza gehienak galduta zeuden eta Guilcherrek elkarrizketa bidez, bertako jendea eta ohiturak ezagutuz egin zuen ikerketa. Lapurdiko herrien erdiak baino gehiago bisitatu zituen eta bisitatzen ez zituen inguruetako herrietako informazioa jasotzeko aukera ere izaten zuen.

Guilcherri omenaldia-STM-5
Thierry Truffaut. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Truffaut-en esanetan 60ko hamarkadan Lapurdiko memoriak ahaztuak zituen bai dantzak eta baita dantza-maisuak ere, eta garaian folklore taldeak sortu eta turistentzat dantza egitea zen interesa pizten zuena. Egoera honetan Lapurdiko dantzen errepertorioak pobrea zirudien, baina Guilcher eta beste ikerlari batzuen laguntzaz poliki-poliki dantzak berreskuratzen joan ziren.

Uztaritzeko kasua berezia da testuinguru guzti honetan. Bertan mantentzen ziren kaskarotak eta inoiz tradizio indartsu bat egon zelako aztarnak ere bazeuden. Truffautek hau baieztatzen duten zenbait irudi plazaratu zituen hitzaldian.Horietan 1930eko hamarkadako kaskarotak ikusi ahal izan genituen dantzan. Segizioa nahiko urrituta zuen taldeak konpartsak, baina makila-dantza eta maska-dantza oso ongi ikus zitezkeen.  Irudietan ageri ziren dantzari horietako batzuk 30 urte beranduago elkarrizketatu zituen Guilcherrek. 

Thierry Truffaut - Guilcherren omenaldian Donostian
Thierry Truffaut. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC BY-SA
Thierry Truffaut-en ustez 1969. urtea oso garrantzitsua gertatu zen Lapurdiko dantzentzat. Urte berean 3 gertaera aipagarri izan ziren:

  • Baionako euskal museoak Guilcherren lehen artikulu bat argitaratu zuen. 
  • Izartxo Uztaritzeko dantza taldeak Kaskarotak antolatu zituen lehen aldiz. Ordura arte gazte taldeek egiten zutena dantza talde batek antolatuko du lehen aldiz.
  • Dantza giroan zegoen orokorrean. Betti Betelu dantza irakaslea Donibane Lohitzuneko begiraleak taldeari dantzak erakustera dator eta poliki-poliki formula hau zabaltzen hasi zen.

Hiru gertaera hauekin Lapurdiko dantza munduak bultzada handia izan zuen, bai dantzarien eta ikerlarien aldetik. Bultzada horretan eragina izan zutenen artean Juan Antonio Urbeltz aipatu zuen Truffautek. Idatzizko informaziotik hasi eta haratago joan zen Urbeltz, gauza berriak bilatuz eta 1974an Argia taldeak Lapurdiko inauterietako segizio osoa plazaratu zuen. Bide honi jarraituz 1975ean Akelarrek Hendaian inauteria berregin zuen, Lapurdin lehen aldiz, inauterietako segizio osoa berreskuratuz.

Dantza ulertzeko filosofian ere berrikuntzak gertatzen ari ziren garai horretan. Besteentzat dantza egiteak garrantzia galtzen du Truffauten iritziz, norberaren kultura bizitzeko dantza egiteko ideiak indarra hartzen duen bitartean. Honekin jendea dantzak ikasten hasi zen, eta 1977an Betti Betelu dantza-jauziak nagusientzat irakasten hasi eta ikerketa lanak aurrera eramaten hasi zen.

1981ean La Danse Basque liburua argitaratu zuten Pierre Gil, Juan Antonio Urbeltz, Philipe Oyhamburu, Thierry Truffaut, M. Aguer-Garat eta M. l'abbé Erecaretek. Truffauten hitzetan guzti honekin militantzia kultural bat sortzen da, dantza bizitzea eta hau zabaltzea nahi zuten gazte talde bat. Eta baita zabaldu ere. Testuinguru horretan iritsi zen Guilcherren liburua. 1984an argitaratu zuen kalitate zientifiko handiko liburua zen hau eta dantzaren afirmazio garai bat ireki zuela baieztatu zuen Baionako ikerlariak.

Guilcherren ekarpenak Xabier Itzainaren begiradatik

Xabier Itzainak, CNRS-eko (Centre National de la Recherche Scientifique) erakundeko ikertzaile eta irakasleak Guilcherren ekarpenak Iparraldeko dantzen ikerketan egin diren lanen testuingurua izan zituen hizpide. 

Guilcherri omenaldia-STM-6
Xabier Itzaina. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

XX. mende hasieran, zenbait folkloristak antzerkia eta abestiak ikertu zituztela aipatu zuen, Aita Donostiak eta Azkuek esaterako. Dantza aldiz, Guilcherren eta Juan Antonio Urbeltzen garaira arte ez zela horren sistematikoki ikertua izan. Guilcherrek gainera kanpoko begirada bat ekarri zuen, euskal dantzak Europako dantzen testuinguruan txertatuz eta historiokotasuna emanaz.

Honekin euskal gizartea historian zehar aldatuz joan zela erakutsi zuen, berea ez zen euskal auzia, dantza baizik, eta honek bere ikerketaren oinari zientifikoari indarra ematen dio. Dantza bere gizartean kokatu zuen azken batean Guilcherrek, dantza mundu sozial batek ekoizten eta errezibitzen duela kontuan hartu zuen eta honen bidez dantzaren garrantzia soziala bermatu.

Guilcherren lanak bidea zabaldu eta interpretazio berri batzuei bultzada eman zien eta ondorengo urteetan ere lanean jarraitu zuten. Honela, gizartearen eta ikerketaren fenomenoak lotu dira dagoeneko eta berreskuratutako ohitura dantzatuek aurrera jarraitu dute bakoitzak bere testuinguruan. Antropologoek dantza hauen esanahiak aztertu dituzte gizartearen aldaketa eta generoaren ikuspuntutik, musika ere aztertua izan da, eta ekonomistaren bat edo beste ere ibili omen da dantza ikuspuntu soziologiko batetik aztertzen. Hauetako asko gainera Iparraldekoak bertakoak izan dira. Honek ez du Guilcherren kanpoko begirada hori ekarri, baina hemengoek badute bertako saltsen ezagutza.

Guzti honekin, Guilcherrek 1976an Euskal Herria utzi zuenetik, ikerketa bera eraberritu da Xabier Itzainaren esanetan, baina gizartearekin batera ohitura dantzatuak ere aldatu dira. Itzainaren hitzetan "gizarteak eta dantzak elkarri lotuta jarraitzen dute eta gaur egun ere erran nahi gose bat da zinez".

Guilcherren argiak Iruretagoienatarren bidean

Jon eta Claude Iruretagoiena, Maritzuli konpainiako arduradunak izan ziren jardunaldiko azken hizlariak. Claude Iruretagoienak aipatu zuen aurreko ikertzaileek aipatutako ikerketa eta eraldaketa garaia bizi izan zuela, eta gaur egun ere dantzan jarraitzen duela. Semeak, aldiz, guzti horren emaitza bizi izan du eta gaur egungo Iparraldeko dantza egoeraren testigu da. Biek ala biek Guilcher eta bere emazte Helenen lanaren garrantzia azpimarratu zuten, bakoitzak bere dantza esperientziatik bizitakoak kontatuz.

Claude Iruretagoienak kontatu zuenez 1984an, Guilcherren liburua argitaratu zenean, garai hartan interesatzen zitzaiona begiratzeko baliatu zuen bereziki: jantziak. Urte batzuk pasa ostean Guilcherren liburua berriro ere hartu eta dantza kontuei begiratu zien, dantzaria ezagutzeko bidetzat hartu zuen orduan. Dantza eta dantzariaren arteko harremanari begiratu zion orduan Claude Iruretagoienak, dantza eginez eta dantzariak ezagutuz egiten baita, eta hori da berarentzat dantza. Liburuak eraman zuen bere dantza egiteko moduaz gain beste modu batzuk ikustera, eta beste modu horietan egiten zuten haiekin dantzatzera.

Guilcherri omenaldia-STM-7
Jon eta Claude Iruretagoiena. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Berpizkunde garaira ere eraman zuen liburuak Maritzuli konpainiako zuzendaria, Branleak ezagutu zituen eta jauziekin dituzten harremanak ikusi. Gaur egun ere, Maritzulirekin dantza ulertzeko nahian lanean dabiltza eta Jean-Michel Guilcherren liburuan ulermenerako bide horri bultzada ematen dio, dantzek izandako eraldaketan esaterako. Maskaraden zein jauzien kasuetan Claude eta Jon Iruretagoienak lehengo eta oraingoen artean aldaketa handia ikusten dute baina ikerketa lanak ikusita apurketarik ematen ez dela badakite, dena zentzu orokorrago batean kokatuta. Maskaradak eta jauziak eraldatu egin dira, eta reinterpretazioen bidez baita aberastu ere.

Jone Iruretagoienak Guilcherren liburua euskal dantzen mundura ateak zabaltzen dituen ikerketa lan bezala ikusten du, ikerketak bultzatzen dituen lan bezala. Hau irakurrita izan zuen berak denboran atzera joateko beharra. Egiten dituen dantzak Europako testuinguru batean kokatuta eta antzekotasunak ikusita hauen arteko loturen zergatiak ikertzea tokatzen zaigula adierazi zuen. Lan historiko bat egitearen zailtasunak ulerturik kuriositatearen eta dantzarien arteko harremanen garrantzia azpimarratuz zuen, eta hori da, beraien kasuan Maritzuliren bidez egiten saiatzen direna. Eginiko lana eta gogoetak denen aurrean plazaratzen dira, interpretazioak badira ere.

Dantzan hasitakoa dantzan bukatu

Jardunaldia bukatzeko azken dantza elkarrekin egin aurretik, euskal dantzaren eta kulturaren ordezkariek zenbait oroigarri eman zizkioten Naïk Raviarti, Gipuzkoako dantzarien buruzagi makila, zilarrezko eguzki lore bat, Zuberoako dantzarien argazki zaharrenetako bat edo Juan Inazio Iztuetaren Gipuzkoako dantzei buruzko liburua. Euskal dantzariekiko eta Euskal Herriarekiko esker ona azaldu zuen Guilcherren alabak, aita bertakoa ez bazen ere hemen igarotako urteak eta eginiko ikerketa beraientzat ere oso garrantzitsua izan zela azalduz. 

Guilcherri omenaldia-STM-8
Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA


Eta dantzan hasitakoa dantzan amaitzeko, San Telmo Museoko atarian, bildutako guztiek muxikoak dantza-jauzia dantzatu zuten, Xabier Itzainaren txirula eta ttun-ttunaren doinura. 

Guilcherri omenaldia-STM-9
Mutxikoak dantzatzen San Telmo Museoaren aurrean. Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Guilcherri omenaldia-STM-10
Donostia, 2015-01-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Informazio gehiago:

Dantzan Ikasi

Dantzan Ikasi

Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako programa da Dantzan Ikasi. Gipuzkoako Dantzaguneak dantza sustapenean egiten dituen ekintzen baitan, dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da helburua. http://dantzanikasi.com

__ __ __

Dantza irakasleen lan-poltsa

 

Hurrengo saioak

 

Egindakoak

2024

Mintegia: Zer-nola dantzatzen da Tolosan

Hitzaldia: Donostiako dantzaeraren bilakaera

Ikastaroa: Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak

Mintegia: Nola dantzatzen da Antzuolan? Antzuolako dantza-sistemak zein harreman du inguruko eta Gipuzkoako beste dantza-eskolekin? // Kronika

Topaketak 2024 // Kronika

2023

Ikastaroa: Tipi-tapa! Klakearen teknikara hurbiltzea // Kronika

Mintegia: Zer dantzatzen da Elgoibarren? Elgoibarko dantza-sistemaren bilakaera Gipuzkoako dantza-eskolaren testuinguruan // Kronika

Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak Eibar // Kronika

Ikastaroa: Aragoiko jota // Bertan behera

2022

Aurkezpena: Euskal Herriko plazetarako dantza berriak // Kronika

Ikastaroa: Haurrekin dantzan jolasteko baliabideak // Kronika

Dantzan Ikasi Topaketak 2022 // Kronika

Hitzaldi dantzatua: Jon Olazkuaga: Pamperruque // Kronika

Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak Eibar I // Beasain // Eibar II // kronika // Bideoa

2021
Sorkuntzaren bideak: Argiaren Martin Zalakain // Kronika // Bideoa
Topaketak 2021: Dantzaren transmisioa, proposamenak eta lanketak // Kronika
Maialen Araolaza: Dantzaren onurak // Bideoa
Oier Araolaza: Genero-identitate euskal dantzan II // Bideoa II
2020
Ikastaroa: Lau urrats eta kitto!  // Kronika
Oier Araolaza: Genero-identitate euskal dantzan I // Bideoa I
Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak // Bertan behera
Gaskoiniako herri-dantzak // Kronika
2019
Gogoeta saioa: Sorkuntzaren soka // Kronika
Bisita-dantzatua Patxi Labordarekin // Kronika
Urbeltz, Arregi, Sarriegi: Soka-dantza // Kronika I, Kronika II, Kronika III
Lantzeko zortzikoa Bizkai Elkartea // Kronika
Gaskoiniako herri-dantzak // Kronika
Ibis Albizu: Euskal dantza eta balleta // Kronika
Dantza-luzeak Carles Mas // Kronika
2018
Zuberoako dantzakera // Kronika
Arantzako dantza-luzea // Kronika
Thierry Truffaut: Lapurdiko inauteriak // Kronika
Mikel Alberdi: XIX. mendeko euskal aisia  // Kronika
2017
Berastegiko San Juan dantzak // Kronika
Rapper ezpata-dantzak // Kronika  
Makilaria // Kronika 
Hirunangoak: balsa, mazurka, fandangoa eta ingrutxoak // Kronika 
Patxi Perez: Mutxiko dantzaldien bilakera aztergai // Kronika
2016
Kontra-dantzen sistema // Kronika
Dantza lotua aberasten // Kronika
Larrain-dantza, Lizarrako ingurutxoa // Kronika
Gipuzkoako dantzak IV // Kronika
Gipuzkoako dantzak III // Kronika
2015
Berpizkundeko dantza-maisuen sistema // Kronika
Gipuzkoako dantzak I // Kronika
Dantzan irakasteko baliabideak // Kronika
Dantzan irakasteko baliabideak  // KronikaJean Michel Guilcherri esker ona // Kronika
Zuberoako dantzak // Kronika
Zuberoako dantzak // Kronika
2014
Antton Luku: Dantza libertitzeko? // Kronika
Gipuzkoako urratsak, aldairak eta dantzak // Kronika
Arabako dantzak // Kronika
Durangaldeko dantzari-dantza // Kronika
Erromerien bidaiak // Kronika
Nafarroako Erriberako Paloteadoak // Kronika
Dantza-jauzietatik aitzineko püntüetara //Kronika
Lesakako dantzak // Kronika Ikastaroa eta bisita
2013
Nondik nora // Kronika
Luzaideko dantzak // Kronika
Nafarroa Behereko dantzak // Kronika
Emakumea euskal dantzan // Kronika
2012
Lizartzako dantzak // Kronika
Lau urrats eta kitto // Kronika
Lapurdiko inauteriak // Kronika
Axeri-dantza // Kronika
2011
Ingurutxoak // Kronika
Musika eta dantza // Kronika
Haur folklorea // Kronika
Rapper dantzak // Kronika
2010
Zarauzko folklorea // Kronika
Dantza kantatuak borobilean// Kronika
Xemeingo ezpata-dantza// Kronika
Araba Errioxako dantzak // Kronika
Gorputz prestaketa // Kronika
Dantza-jauziak // Kronika
2009
Zuberoako dantzak // Kronika
Argiaren inguruan // Kronika
Pedagogia // Kronika
Goierriko dantzak // Kronika
Mutil-dantzak // Kronika
Jotak // Kronika

Boletinak
Dantzan Ikasi 1(pdf) - Apirila 2009
Dantzan Ikasi 2(pdf) - Urria 2009
Dantzan Ikasi 3(pdf) - Apirila 2010
Dantzan Ikasi 4(pdf) - Azaroa 2010

Dokumentazioa
Dantza curriculuma(pdf) - 2010
Gipuzkoako dantza irakasleak(pdf) - 2010

Dantzan Ikasi Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da. Dantzan elkartea arduratzen da egitasmoaren kudeaketa teknikoaz. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ikerfolk elkarteek gainbegiratzen dute proiektuaren ibilbidea Dantzan Ikasiren Jarraipen Batzordetik.

Dantzan Ikasi
ikasi@dantzan.com
Tfnoa. 943 53 04 40
www.dantzanikasi.com

logoa