Dokumentuaren akzioak
Guilcherrek euskal dantzari egindako ekarpenak eskertzeko jardunaldia
Azken hilabeteotan Jean Michel Guilcherren inguruko hainbat albiste eta informazio argitaratu dugu. Dantza tradizionalaren ikerketan bizitza luze eta oparoa daraman Jean Michel Guilcher ikertzaile bretoiaren 100. urtebetetzea izan da orain gutxi, eta euskal dantzen ikerketan egindako lana eskertu eta bere ekarpenak ezagutzera emateko asmoz Jean Michel Guilcherri esker ona euskal dantzatik jardunaldia antolatu da larunbaterako, urtarrilaren 17rako Donostiako San Telmo museoan.
Jardunaldian, Jean Michel Guilcherren alaba Naïk Raviart izango da. Jean Michel eta Helene Guilcherren alaba eta dantza ikertzaile eta irakaslea da Naïk Raviart eta Euskal Herrian izandako garaiei buruzko beren oroitzapenak eta Guilchertarrek dantzaren ikerketan egindako lanaren testuinguruaz ekarpenak egingo ditu, Xabier Itzaina egingo dion elkarrizketaren bidez.
Horrez gain, jardunaldian honakoek parte hartuko dute:
- Francisco Javier López Landatxe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturaren Sustapen eta Hedapenerako zerbitzuko burua.
- Jakes Larre, Euskal Kultur Erakundearen Informazio zaintzaren arduraduna
- Joseba Altube, Euskal Dantzarien Biltzarraren presidentea
- Juan Antonio Urbeltz, Ikerfolk elkartearen zuzendaria
- Thierry Truffaut, Jean Jaurés unibertsitateko ikertzailiea
- Xabier Itzaina, CNRS - Sciences po Bordeaux-en ikertzailea
- Claude Iruretagoiena, Maritzuli konpainiaren zuzendaria
- Jon Iruretagoiena, Maritzuli konpainiako dantza-maisua
1914ko irailaren 24an Saint-Pierre-Quilbignon-en, Bretañan jaio zen Jean Michel Guilcher. Etnologoa da eta CNRS (Centre National de la Recherche Scientifique) erakundean ikertzailea izan da. Gaur egun ere ohorezko ikerketa maisua da bertan. Frantzian dantza tradizionalen ikerketan aritu da bere ibilbide profesionalean eta 1962an Euskal Herrira etorrita Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiko Baztanen egin zituen ikerketak 1976ra arte. Euskal dantzetan egindako ikerketen emaitza oparoak 1984. urtean argitaratutako La Tradition de danse en Béarn et Pays basque français liburuan argitaratu zituen Guilcherrek.
Orain lau urte, 2011. urtean, Uztaritzen omenaldia egin zitzaion Jean Michel Guilcherri euskal dantzen ezagutzan egindako ekarpenengatik. 2014an 100 urte bete ditu Guilcherrek, eta horren harira Parisen ondoan Creteilen eta Bretainian, Brest-en antolatu dizkiote omenaldi-jardunaldiak. Horien ondotik antolatu da honako hau Donostian, 2015eko urtarrilean. Creteilen egindako jardunaldian izan zen Jon Iruretagoiena eta bertan esandakoen kronika egin eta argitaratu du azken egunotan dantzan.eus-en.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantzagunea zerbitzuak eta bere baitan funtzionatzen duen Dantzan Ikasi programak, Euskal Kultur Elkargoak, Euskal Dantzarien Biltzarrak, Ikerfolk elkarteak eta San Telmo Museoak antolatu dute jardunaldia.
Jardunaldia: Jean Michel Guilcherri esker ona euskal dantzatik
Data: 2015eko urtarrilak 17, larunbata
Ordutegia: 10:00 – 13.00
Lekua: San Telmo Museoa, (Zuloaga plaza, 1, Donostia)
Sarrera: Dohain
Informazioa:
- Jardunaldia:Jean Michel Guilcherri esker ona euskal dantzatik
- Eskuko-programa:Jean Michel Guilcherri esker onez jardunaldia (pdf)
- Izen-ematea: Izena-emateko egin klik hemen
Dokumentuaren akzioak