Dokumentuaren akzioak
Jean Michel Guilcherrek Zuberoan egindako dantzen grabazioak
Jardunaldi horien kronika zabala jaso genuen bere garaian dantzan.com. Ekitaldi hunkigarria izan zen, irudi zoragarriak ekarri zituelako Mone Guilcherrek, Jean Michel Guilcherren alabak, eta Zuberoako dantzari eta musikari talde bikaina elkartu zelako Barkoxen irudi horiek ikusteko. Ikusleen artean ziren besteak beste Arño Bordazarre, Etxahun Iruriren semea, eta emozionatuta hitzegin zuen bere burua 40 urteren buruan pantaila handian dantzan ikusi ondoren.
Jean Michel Guilcher 1962an iritsi zen Euskal Herrira ikerketa lana hastera, eta Barkoxen hasi zen. 1976 bitartean, zenbait eten tarteko, iraun zuen ikerketa lan horrek. Dantza eta bere praktika kulturala izan zuen ikergai Jean Michel Guilcherrek Euskal Herrian.
Ikasi eta bildutako guztiaren zati txiki bat baino ez zuen argitaratu ondoren hain ezaguna bihurtu den "La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français" liburuan. Danza maisu eta dantzariekin urratsak eta dantzak ikasi, eta gauean etxean oharrak jaso eta dantzak berriz dantzatzen zituen. Grabatutako filmak bere lanerako osagarri ziren. Urratsak gogoratzeko eta aztertu ahal izateko hartutako irudiak dira.
Jardunaldi horretan erakutsitako irudiak dira hemen jaso ditugunak. Ez dute kalitate oso onik, baina dokumentuen balioa kontuan hartuta argitaratzea merezi duela iruditu zaigu. Bost zatitan sareratu ditugu bideoak.
1. Ligi-Atherei (1962)
Zati honen hasieran Jean Michel Guilcher bera ageri da emaztearekin batera. Ondoren, 1962an Ligi-Atherein hartutako irudiak ageri dira. Jean Pierre Elichirry (1931an jaioa) da dantzan ageri dena. Aitzineko puntüak ed Points de principe dantzatzen ageri da.
2. Iruri
Irurin, Arño Bordazaharre "Etxahun" ageri da dantzan. Pierre Bordazaharra "Etxahun Iruriren" semea da Arño, eta aita ageri da zenbait unetan seme-dantzariari begira. Urratsak, aitzineko puntuak banan-banan ematen ditu Arñok, eta Guilcherren kamerak puntu desberdinetatik grabatzen du dantza. Bigarren zatian Irurin bertan, hiru dantzarik maskaradetako zenbait dantza eskaintzen dituzte: sarrerako martxa, gabota eta godaleta hain zuzen ere. Arño Bordazaharre zamaltzain lanetan ageri da eta Etxahun Iruri txirula jotzen.
3. Sohüta eta Barkoxe (1963)
Sohütan egindako grabazio honetan Etienne Cazet (1925an jaioa) zamaltzain lanetan eta Jean Simon Couchinave (1947) kantiniersa lanetan ageri dira dantzan. Aitzineko puntuak, godalet-dantza, braletik jauztia eta makhila-dantza egiten dituzte. Barkoxen 1963an hartutako irudietan Jean Pierre Üthurry eta Alexis Artzanüthürry ageri dira. Gabota, satan-dantza eta godalet-dantza egiten dituzte.
4. Barkoxe (1972)
1972n Barkoxen hartutako irudiak dira. Alexis Picotchet eta Pierre Üthurry dira, XX. mendeko lehen zatian dantzari bikainak, eta ondoko belaunaldien maisu izandakoak. 80 urte ditu batak eta 79 besteak. Jauzi bat egiten ari dira, aizina pika.
5. Barkoxe (1962) eta Gotaine-Iribarne (1963)
Barkoxen 1962an egindako Etxahun pastorala. 1963an Gotaine-Iribarnen egindako Santxo Azkarra pastoral bukaerako jauzia. Azkenik, Arño Bordazaharre, Patalgoity eta Houret ageri dira satan-dantza egiten pastoral batean.
Dokumentuaren akzioak
Lan bikaina. Asmatu beharko genuke Guilcherek egin zuen lana behar bezala goraipatzen. Iparraldeko manerak gainbeheran zeuden une estrategiko batean urratsak eta testigantzakjaso baitzituen. Folklorea ikertzen duena eskuzabala izan behar da, derrigorrez, eta nik uste dut bideo hauek hemen jartzean Guilcherren lanari jarraipena ematen diozuela. Mila esker.
Oso onak bideoak. Pena kamara batzuetan mugitu egiten dela, baina bi agureen grabazioa una bonba!