Dokumentuaren akzioak
Picotchetek eta Üthurryk badute segidarik
Ükhen zünin «hunki jin»
Kafe beroa eta kroisantekin egin digute harrera Barkoxen. Gustora hartu ere, goiza hotz eta Iruñea, Bilbo edo Eibartik, bi ordutik gorako bidea dagoela kontuan hartuta. Zuberotar puntualtsunez iritsi da jendea, eta multzo ederrean gainera. 40 lagunetik gora elkartuko ginen Barkoxeko Denen-etxean Zuberoako dantzak izeneko jardunaldietan parte hartzera.
Hunkidura kuttunak
Herriko auzapezaren eta Eusko Ikaskuntzako ordezkari eta antolatzaileen ongi-etorria jaso ondoren, Mône Guilcher, Jean Michel Guilcherren alabak bere aitaren ibilbidea labur-labur azaltzeari heldu dion. Bere garaian ikertzaile isolatua izan zela gogorarazi digu, ez baitzuen bat egin garai horretan indarrean zegoen estrukturalismoaren korronte teorikoarekin. 1962an iritsi zen Euskal Herrira ikerketa lana hastera, eta Barkoxen hasi zen. 1976 bitartean, zenbait eten tarteko, iraun zuen ikerketa lan horrek. Dantza eta bere praktika kulturala izan zuen ikergai Jean Michel Guilcherrek Euskal Herrian. Ikasi eta bildutako guztiaren zati txiki bat baino ez zuen argitaratu liburuan. Danza maisu eta dantzariekin urratsak eta dantzak ikasi, eta gauean etxean oharrak jaso eta dantzak berriz dantzatzen zituen. Grabatutako filmak bere lanerako osagarri ziren. Urratsak gogoratzeko eta aztertu ahal izateko hartutako irudiak dira.
Irudiak pantailan ematen hasi zirenean ixiltasun izugarri batek hartu du gela. Poliki-poliki harridura eta emozio ahotsak xurxulatzen hasi dira, eta filmeak aurrera egin ahala zenbait ikuslek ezin eutsi diote beraien burua 40 urte lehenago dantzan ikusteak eragiten zien emozioa agertzeari. Hunkigarria izan da.
1962an Ligi-Aterein hartutako irudiekin hasi da filmea. Jean-Pierre Elichirry ageri da pantailan, une hartan 31 urte zituen dantzaria. Eguneroko arropa arruntekin jantzita, Aitzineko Puntuak edo Points de principe-ak banan bana dantzatzen ditu. Pas francaise, pas trompeé, tombé, antrexatak, e.a. Indartsu eta erraz ari da. Ondoren, Irurin urte berean hartutako irudietan Arño Bordazaharre Etxahun dantzaria ikusi dugu. Atzean du ere aita, Pierre Bordazarre Etxahun Iruri txirularekin. Irudiak bata bestean atzetik datoz. Sohutan Etienne Cazet ikusi dugu Zamaltzain lanetan, eta Jean Simon Couchinave kantiniersa lanetan. Branletik jauztia, godaleta eta makil-dantza egin dituzte. Barkoxen 1963an hartutako irudietan Jean Pierre Üthurry eta Alexis Artzanüthürry ageri dira. Eta halako batean, 1972n, Barkoxen hartutako irudiak agertu dira pantailan. Bi gizon nagusi ageri dira. 80 urte ditu batak eta 79 besteak. Hasi dira dantzan, jauzi bat egiten ari dira, aizina pika. Airean, lurrean, fin, indartsu, dotore. Alexis Picotchet eta Pierre Üthurry dira, XX. mendeko lehen zatian dantzari bikainak, eta ondoko belaunaldien maisu izandakoak. Bidaiak merezi izan du, bai horixe!
Barkoxen 1962an egindako pastoralaren irudiekin, eta 1963an Gotaine-Iribarnen egindako pastora bukaerako jauziarekin osatu da emanaldia. Azken jauzi hori ikusgarria gertatu da. Adineko gizonak daude taula gainean, azken jauzia ematera igo direnak. Mixel Etxekoparrek esan bezala, antzematen zen gizon horiek ez direla Pastoralaren bezperetan jauzia ikasten ibili. Ez horixe.
Filmea bukatuta pare bat interbentzio izan dira. Gizon batek hunkituta adierazi du, 40 urteren ondoren bere burua ber-deskubritu duela dantzan. Ez zuen horrelakorik espero. Harrituta, emozionatuta eta eskeronez beteta dago. Ez dut jakin zein zen gizonaren izena. (Zuzenketa: Azpian Unai Break utzitako erantzunaren bidez jakin dut Arño Bordazaharre dela gizona, eskerrikasko Unai! 2006-11-22) Ikusleen artean ba omen daude filmean agertu diren zenbait dantzari.
Ondoren, emakume batek Luis XIV. gorteko dantzen eta Zuberoako urrats horien arteko harremana nabarmendu nahi izandu. Zorrotz erantzun dio Mône Guilcherrek. Zuberoako points de principe horiek ez dute zerikusirik Luis XIV. gorteko dantzekin. XIX. mendean armadak instrukzioan zuberotar gazteek ikasitako urratsak dira, gero maskaradetan eta pastoraletan bikain txertatzen jakin dutenak.
Manex edo bearnes, baina dantzari on ez
Mixel Etxekopar eta Patrick Queheille Kanporen txanda izan da ondoren. Barkoxeko aitzindari talde batek Ostalersa eta Barrikada eskaini dizkigu lehenik eta behin. Zuberoako dantzen ezaugarrietaz aritu dira ondoren. Dantza jauzien inguruan gogorarazi dute Zuberoatik kanpo ere ematen direla, baina desberdintasunak daudela. Zuberoan ere estilo desberdinak daudela gogorazi du Kanpok, eta desberdintasun horri eutsi behar zaiola, aberastasun bat baita. "Ez dugu uniformizatu behar, galdu egingo baitugu zerbait."
Txulularia, kantaria, dantzaria ala poeta den pentsatu dugu Mixel Etxekopar entzunda. Barre egin dugu behintzat, baina zer pentsatua ere eman digu. Jauziak xinpleak ote diren galdetu dio bere buruari. "Aisa eta gaitz, egiten dena desegiten da, ezker-eskuin, bada jauzi-luzea eta buztana, motza. Aidian eta lurrean. Lurrik gabe ez da dantzarik! Jauzi eta zapa. Lurra zapa!" Jauzien erdi-gunea, espazioa, Xalbador, Oteiza, Okabeko harrespila eta erdi-puntua izan ditu gogoeta gai. Jauziak ikasteko Santa Grazin zuten modua kontatu digu. Egun bakoitzean haur batek kandela bat ekarri behar zuen, sukalde erdian jarri eta dantzariak inguruan aritzen ziren. "Oteiza ez zuten ezagutzen", baina argia emateko eta erdia emateko balio zien.
"Dantzari handiak ageri du handia dela xinple dantzatzen" esan digu gero Etxekoparrek. Bai egia handia! Zuberoan jauziak dantzatzeko estilora itzuli dira gero. Assanble, juntaturik hasi eta bukatu behar dela. Pika, eta hiru eta abarreko urratsak beti aitzina egin behar direla, eta puntuak itxi egin behar direla beti. "Zuberoan ez baduzu ixten puntia, izan zaitezke manex edo bearnes, baina dantzari on ez!"
Denboraren gestionea galdu dugula salatu du Etxekoparrek. Jauzi luzeak ez dira dagoeneko ematen, luzeegi direlako. Jendeari aspergarri egiten omen zaizkio. Xibandriarrak du maiteena Etxekoparrek. Baita 7-8 minutu hartzen dituen baztandarrak ere. Erramun Tartaxu dantza-maisu urdiñarbetarrarekin ikasi zituen horrelakoak.
Dantza puntuak edo Points de Principe ere izan dituzte aztergai Etxekopar eta Queheillek. Urratsen segida bat osatzen dute puntuek, eta horretan ere Zuberoan eskola desberdinak daudela gogorazi dute. Basaburuan farusa gehiago sartzen da puntietan, e. a. Zuberoako dantzetan ere aldaketak ematen direla gogorazi du Kanpok, eta filmean ikusitakotik gaur egunera gertatu diren aldaketa batzuk aipatu ditu. Adibidez, puntua bukatzerakoan filmean dantzariek bi oinak lurrean bukatzen dute, eta gaur egun gero eta ohikogoa da oin bat bestearen gainean dagoela bukatzea. Etorkizuneko zuberoako dantzen kezkak agertu ditu bukatzeko Etxekoparrek. "Zertako dantza, zertako inauteri egin? 2007an badugu zerbaiten egiteko beharra". Eta bestetik, maskaradak emakumeei esker jarraitzen direla egiten gogorazi du.
Bazkalordukoak
Bazkalorduan Jardunaldietara bildutakoak elkarrekin hitzegiteko tartea izan dugu. Berango, Iruñea eta Eibarko taldetxo bat elkartu gara, eta denek antzeman digute Barkoxeko apezak bezala manexak garela. Fermin Garaikoietxea Iruñeko txistularia agurtu dugu, Patxi Perez Bearneko dantza maisu batekin etorri da eta Agnes Perez-ek Kokin taldearekin Frantzian eta Italian hainbat emanaldi egiten ari dela kontatu digu. Miguel Angel Sagaseta ezagutzeko aukera izan dugu, eta Luzaideko dantzen liburua berargitaratzeko asmotan dagoela konfirmatu digu. Bizkai elkarteko Sabin Egigurenek konbentzitu du horretarako eta buru belarri dabil lan horrekin. Jean Bordaxarrek gogorazi digu Arrasatera doazela dantzara heldu den larunbatean Aitzina Pika ikusgarriarekin. Jardunaldien jarraipena egiten ari diren kazetariak ere agurtu ditugu. Unai Brea Argiarako ari da eta Marxel Bedaxagarrek SudOuesterako idatziko du kronika.Xiberoko boza ere bertan da. Hegoalden ere horrelako jardunaldi batzuk antolatzea interesgarria izango litzatekeela aipatu digu Jean Michel Larrasque Eusko Ikaskuntzako ordezkariak. Bazkalostean, eta berriz ere gelara sartu aurretik jauzi batzuk egin ditugu Barkoxeko plazan. Mixel Etxekoparrek txirula eta ttun-ttuna jo eta Muneinak eta Aitzina Pika dantzatu ditugu.
Gu gira buhamiak, ez du balio gordetzia!
Jean-Mixel Bedaxagarrek hartu du hitza. Dantzari ospetsu batez bi hitz egin ditu lehenik eta behin. Tamalez ez dut bere izena ongi hartu. Martin. L??? Egiazabal? [Zuzenketa: Azpian erantzunak utzi dituztenen -eskerrikasko Jon eta Unai- bidez, eta Jean Michel Guilcherren liburua konsultatuta osatu dezakegu izena. 2006-11-20] Bere izen osoa, Martin Hegobürü-Heguiaphal, Armadatik igaro denetarik azkenengoa izan omen zen. Miguel Angel Sagasetak eskuratu dion argazki baten bidez gogoratu ditu Bedaxagarrek dantzari handi horren ingurukoak. XIX. mende bukaerakoa da argazkia, 1894 ingurukoa. (1889 inguruko zela ulertu zuela diosku Unai Break azpiko erantzun batean. 2006-11-22) Zamaltzain jantzita ageri da bertan dantzari hori argazkian. Bere ikasleak izan ziren Üturry eta XX. mendeko beste hainbat dantzari bikain.
Garai bateko maskaraden inguruan aritu da ondoren Bedaxagar. Urtarrilaren erdian hasi eta inaute asteartez bukatzen ziren herrian. Maulek eta Atharratzek beti errezibitzen zuten maskarada. Inaute igandez Atharratzera joaten ziren maskaradak, eta urte batean bost maskarada elkartu ziren Atharratzen. Garai bateko barrikadak sinbolikoak baino gehiago izaten zirela gogoratu du. Egurrez eta abarrez benetako barrikada bat prestatzen zutela maskarada errezibitu behar zuen herriko gizonek. Buhame bat makurtu, eta txerreroak gainera igo eta jauzi eginez igaro behar zuen barrikada. Iragan ezineko barrikaden berri zuen Bedaxagarrek. Altzurukutarrek jarritako barrikada ezin pasa eta etxera itzuli behar izan ziren Ozazeko maskaradariak behin. Pagolan ere beste horrenbeste gertatu zitzaien behin urdiñabertarrei, eta etxera itzultzera zihoazenean Pagolako zaharrek barrikada txikiagoa jartzea erabaki zuten.
Maskaradak eztei handi bat direla, baina, "zein da ezkongai?" galdetzen du Jean Mixel Bedaxagarrek. "Jauna ala laboraria?" Branlea ere du mintzagai. Luze bezain eder dio. Branlea dantzarien eta ikusleen arteko dantza dela dio. Gutxitan egiten da gaur egun, eta poz hartu du aurten Urdiñarbeko maskaradariak branlea eman dutela ikusita. "Gu gira buhamiak, ez du balio gordetzia!". Buhameek txerria hil eta inauterietan jaten dute. "Buhameak kaosa dira eta ez da haien ejenplu hartu behar".
Orain urte batzutatik hona mutilek dantza bazterrean utzi dutela gogorazi digu Jean Mixel Bedaxagarrek. "Kirol kolektiboen arrakasta eta konplejoen ondorioz?" Neskatilak jantzi dira txerrero edo zamaltzain. Umil ageri dira, baina, "neskatilak gu baino hobe dira". Neskatilek salbatu dute Zuberoko dantza. "Anderiak gutxienez gure berdinak dira, eta hainbatetan hobe. Hainbat sorkuntza badira Zuberoan. Noiz ikusiko dugu sorkuntza bat neskatilak agertzeko balio duten bezala? Merezi dute tokia".
Europa osoa ezkontzen da inauterietan
Diapositiben bidez egin du bere aurkezpena Thierry Truffaut-ek, eta irudiekin ikusitakoa zaila gertatzen da hitzez jasotzea. 1845 eta 1925 bitartean, Zuberoako maskaradei buruz idatzi izan diren kronika eta deskribapenen bilketa lana egin du Truffaut-ek. Azken 30 urtean han eta hemengo inauteriak ikusten dabil. Bere iritziz, Zuberoako maskarada, mendebaldeko Europan hobekin kontserbatu den inauterietakoa da.
Segidan, Zuberoako maskaradetan ageri diren irudietako batzuk Europako beste inauterietan nola ageri diren erakutsi digu diapositiben bidez. Zuberoako maskaradak Jaunaren eta Anderearen arteko ezteiak dira bere iritziz, eta horrelako arrastoak Nafarroa Behereko kabalkadetan, Arizkungo ihauterietan edo Silioko inauterietan aurkitu ditu. Europa osoa ezkontza da inauterietan.
Txerreroak astintzen duen txerra edo buztana hainbat tokitan identifikatu du. Ituren eta Zubietako joaldunetan, Abaltzisketako inauterietan, Lantzen, Errumanian, Hungarian, Bulgarian, Polonian e.a. Mateo-txisturen mitoa ere Europa osoan hedatutako mitoa dela azpimarratu digu. Salomon erregearen garaitik hasita kontatu dela meza baino ehiza gehiago maite zuen gizonaren patua, txakurren atzetik korrika basoetan ibiltzera kondenatua. Guzti horrek arlekinaren figurara garamatza, Italian Comedia del Arten txertatua geratu dena, baina Europako bazterretan folklorean ageri zaiguna. Gathuzaina da arlekinaren ordezkaria Maskaradetan, berak darabiltza artazi berezi horiek, eta horrelakoak Beljika, Alemania eta Andorran aurki daitezke.
Zamaltzainaren antzeko pertsonaiak Lantzen, Alemanian, Eslobenian, Polonian, Rumanian, Silion (Kantabria) edo Okzitanian erakutsi zizkigun Truffaut-ek. Baina, denetan ederran Zuberoako zamaltzaina dela argi utzi ondoren. Buhameak, Hartza, zahagi-dantza eta beste zenbait ezaugarrirekin erakutsi zizkigun antzekotasunak diapositiben bidez.
Jardunaldiak bukatu, lagunak agurtu, eta Picotchet eta Üthurry, 80 urteko dantzarien elegantzia buruan genuela egin dugu etxerako bidea.
Ustez süjet bat arrarorik sarthü zintzeikün herrin,
Bena emanen deiküzü plazer juiten zirenin.
Pierre Tope Etxahun (1859)
Dokumentuaren akzioak
Mila esker kronikarengatik Oier. Jardunaldi hau eginen zela erran zenutenetik pena nuen joaterik ez nuelako egun hortan. Gai interesgarria oso, eta gainera Barkoxe bezalako herri eder batean! Baina, tira, kronikarekin konformatu beharko. Eskermila, benetan. Irune
Pena da jardunaldietako onena ez dudala kronikan jaso. Izan ere filmeak izan ziren onena, eta hemen hitzekin eta argazki batzuekin konformatu behar... oier.
Kaixo Oier.Nire ustez, Bedaxagarrek aipatu duen dantzari ospetsu honen izena Martin Hegobürü da.Hau izan da armadatik etorri de azken dantza maisua.
Kaixo, Oier, Unai Brea naiz. Eta bai, Martin Hegobürü da dantzari hori. Nik ere ez nuen izena lehenengoan ondo ulertu, baina zorionez grabagailu fina daukat, zahar samar izanagatik ere.
Gero arte
Bai, Jean Michel Guilcherren liburuan konsultatu eta berehala aurkitu dut. 308. orrian: Barcus, rival de Tardets, s'enorguieillit d'avoir possédé le dernier représentant de la lignée, Martin Hegobürü-Heguiaphal (1868-1948),..."
Eskerrikasko bioi, Jon eta Unai! oier.
Aupa Oier!
Zure kronika osatze aldera, beste ohartxo bat. Edo bi. Txikikeriak, baina tira... Guilcherren filmaren ostean hitza hartu zuen gizona Arño Bordazaharre zen. Alboan neukan -zorionez- Marcel Bedaxagar eta hark esan zidan.
Uste dut Jean Mixel Bedaxagarek erakutsi zuen argazki zaharra 1889koa datekeela, Iraultza Frantsesaren ehungarren urtemugan hartutakoa liteke eta. Gogoratu nola aipatu zuen Bedaxagarrek, argazkian/erretratuan/portretan frantses banderez josita ageri direla bazter oro. Barkoxen Frantzia osoan bezain arrakasta handia izan zuen, nonbait, ospakizunak. Egalité barra-barra, eta fraternité ere agian zertxobait. Libertéaz den bezainbatean, besterik esan genezake!
Izan untsa
Unai Brea
Osatu dut testua zure laguntzarekin Unai. Eskerrikasko!
Hala da, Etxahun Iruri handiaren semea da Arño, edo Allande Bordazaharre. Iruriko alkatea, bide batez.
Eskerrikasko Jon! Barkoxen izan al zinen zu ere? Ezagutzen al dugu elkar? oier.
ez ezin izan nuen Barkoxera joan.Kutx ala pil genuen biharamunean eta entsaio orokorra genuen egun hortan. ikusiko dut ea berdina antolatzen ahal den luhuson EDB-ren gelan, manexak ere etor dadin...
Barkatu oier presentatzea ahatzi dut.Baina ezagutzen gara jadanik.Jon iruretagoiena naiz...
Bai, Kutx ala pil aipatu duzunean konturatu naiz zu zinela. Ondo segi! oier.