Dokumentuaren akzioak
Etnokoreologoa
Erabaki duzu zer ikasiko duzun? Plasta. Horrela etortzen dira galdera traszendentalenak, abisu eta beroketa gabe. Eeeeee…. baaaaaaa… zeeeeeraaaaa…. niiiiiiiiik… Bekokian deskubritu berri duzun pikorta ispiluan ikusi eta berrikusi, eta hil ala biziko egoera hartan, institutura ezin zarela joan esplikatzeko zailtasunak gutxi ez, eta gainera, bizitzako bigarren erabaki garrantzitsuena hartu behar duzula gogorazten dizute. Oscar Matzerathekin akordatzen nintzen ni horrelakoetan. Ume-moko zela bere burua eskilaretan behera bota eta hazteari utzi zion Oscarrek. Harek bai jakin.
Nik handitan zer izan nahi nuen jakin nuenerako hogeita hamar urte paseak nituen. Aurretik ezinezkoa zitzaidan nire bokazioa identifikatzea, munduan ofizio hori zenik ere ez bainekien. Halako batean izen arraroko lanbide baten berri izan nuen eta berehala ulertu nuen horixe zela nire ametsetako lanbidea. Poza eta pena, biak batera eragin zizkidan aurkikuntzak. Bokazioa deskubritu izanaren poza, niretzat beranduegi ote zen sentipenarekin zapuzten zen. Handitan zer izan nahi nuen jakin nuenerako, inork ez zidan horri buruz galdetzen.
Datorren urtarrilaren 17an Jean Michel Guilcher etnokoreologo handia omenduko dugu Donostian. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko dantzei buruzko ikerketa sakon eta sistematikoak egin ditu, eta horiek ezagutzeko iturri agortezina da bere lana. Bretoia da bera eta Frantziako dantza tradizionalak izan ditu ikergai bere bizitza luze bezain oparoan. Hogeita hamar urtetik gora zituen Guilcherrek dantzaren ikerketan buru belarri sartu zenean. Bizitza luzea eta oparoa, bai horixe, 1914ko irailaren 24an jaio baitzen, eta ehun urte bete ditu aurtengo irailean. Mende bat bizkarrean eta lanean segitzeko adorea du oraindik Jean Michel Guilcherrek, seme-alaben laguntzarekin bere etnokoreologia lanak zuzendu eta osatzen jarraitzen omen du.
Etnokoreologoa. Horixe da handitan izan nahiko nukeena. Dantza ikertzaileak dira etnokoreologoak, dantza antropologiatik ikertzen dutenak. Etnokoreologoak ezagutu ditugu bakar batzuk inguruotan, izen hori baliatzen ez bazuten ere. Dozena urte pasa da etnokoreologiaren berri izan nuenetik, eta oraintsu hasi naiz pentsatzen akaso oraindik garaiz nabilela.
Argia astekaria, 2015-01-04
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?