Dokumentuaren akzioak
Eta orain zer?
Ez debekatzerakoan, ez baimentzerakoan, ez aholkuak ematerakoan, ez laguntzak eskaintzerakoan. Dantzaz ez dira akordatzen gure agintariak, ez osasun-arduradunak, ez kulturakoak, ez beste inor. Nafarroan, Iparraldean eta EAEn, Euskal Herri osoan pandemiari aurre egiteko larrialdi neurri zorrotzak ezarri dituzte azken egunotan, eta dantzaren sektorea, berriz ere, noraezean, zer egin, nola jokatu asmatu ezinda. Inor ez zen akordatu dantzaz jarduerak baimentzen hasi zirenean. Dantza kinka oso larrian dago martxotik. Inork ez zion arretarik eskaini dantzari jarduerak berreskuratzeko protokoloak prestatu behar izan genituenean. Eta berriz ere murrizketak eta debekuak datozenean ere ez da inor gogoratu dantzarekin.
Bagara nor?
Kirola, ostalaritza, hezkuntza, garraioak edo hiletak kontuan hartzen dira, bakoitzean zer eta nola egin daitekeen, zer gomendatzen den, zer ez... argitzen, zehazten da, baina dantza ez da existitzen. Eta kontuan hartu beharko lukete, bai. Dantzak ez du kirolak duen ikusgaitasuna, ez ditu kirolak bezala komunikabideetako orduak eta orduak betetzen, ez da agintarien agenda publikoan agertzen, baina dantza gure gizarteko jarduera zabalduenetakoa da, hainbat estilo eta modalitatetan (euskal dantza, garaikidea, balleta, jazz, areto-dantzak, hip-hop,...), jarduera-eremu (dantza-talde, dantza-eskola, akademia, aisialdi talde, emakume-talde, jubilatu egoitza, gazteleku, gimnasio, negozio itxi zein plaza irekitan...) milaka praktikatzaile dituena, eta beraz, gorputz jarduera osasuntsu, sozial eta kulturala den neurrian, herritar askoren ongizate fisikoari eta psikologikoari eusten diona.
Ardura gure bizkar
Eredugarria izan da dantzaren sektoreak pandemiaren aurrean erakutsitako jokabide arduratsua. Aktibitateak eten lehenengo, konfinamenduko unerik gogorrenetan animoa eta bizi-pozari eusteko funtsezko baliabideak eskaini, eta online saioekin ahalegin izugarria egin ondoren. Inolako laguntzarik eta argibiderik gabe jarduerak berreskuratzeko protokoloak prestatu ditugu, baliabideak eskuratzeko (musuko eta gelez harago, ukatuak zitzaizkigun espazioen ordezkoak ere bilatuta) ahalegin handia egin da, taldeak murriztu (esfortzua hirukoiztuz...) dira,... Eta batzuk ahalegin eta zailtasun izugarriekin dantza-praktika berreskuratu berri eta besteak berrartu nahian genbiltzala datoz murrizketak eta debekuak berriz ere. Eta hemen gaude, dantza-jarduerekin zer egin behar dugun asmatu ezinda orain ere, dena bertan behera utzi ala moldaketa gehiago (ba al dago?) egiten ahalegindu erabaki ezinda.
Beraz, bai, dantza bada nor, eta arren eta faborez, agintari eta teknikari arduratsuok. Sartu dantza zuen agendan!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Foro honetan konpartitu dituzuen testuak irakurtzen aritu naiz, eta ez zaizue arrazoirik falta. Zuen antzera, niri ere parte hartu ohi dudan ekitaldi horietako denak suspenditu dizkidate. Eta kasu okerragoak asko ezagutzen ditut inguruan, afizioa izateaz aparte, soldataren parte bat kultur ekitaldietatik jasotzen duen jendearena: eskoletan irakasten aritzen diren dantzariak, hogeita hamar urteren ondoren lanik gabe geratu den abesbatza bateko langilea, goizetik gauera lanik gabe geratu den antzerkilaria, erromeriarik gabe gelditu den trikitilaria... Nire inguruan, entsaiatu ezinik gelditu diren dantza taldeak ere badaude, dena traba baitute: lokal handiak polideportiboetan daude, baina goiz erretiratu behar dute; ratioak gutxitu dituztenez, irakasle gehiago behar dituzte eta, ez dauzkatenez, ez dute kurtsoa hasi. Zerrenda, nahi adina luza dezakezue. Eta, esan ditudan guztiak, ezagutzen ditudan kasuak dira.
Panorama etsigarria da ia arlo guztietan: baita kirolean ere, profesionalak salbu. Kiro minoritario asko dago, ezagunagoen babesik izango ez duena.
Eta orain zer? Galdetzen du Oierrek. Gerrillaren taktika, Aritz? Epe motzera zer asmatu jakin ezinik gabiltza, oraindik ere gure inertzia delako (eta hala izan behar du) lehengo egoerara lehenbailehen bueltatzea. Hor jarri behar dira indarrak, eta imajinazioa erabili, eta nola-hala zirrikituak bilatu.
Baina epe luzera begira ere jarri behar dugu, konturatzen hasi baikara hau ("hau" esaten dudanean distantziaren eta arau sozialen inguruko neurriez ari naiz) luzerako doala. Gauzak garbi esatea nahi baduzue, dantzari eta, oro har, kulturari, honek astindu izugarria emango dio (ematen ari zaio, dagoeneko). Lehendik krisian zegoen sektorea (dantza eta kultura noiz ez dira egon krisian?) da gurea; talde asko desagertuko dira, eta hobeto zeudenak ere, hutsetik hasteko ahalegina egin beharko dute berriro. Bukatu dira garai loriatsuak. Izan ere, zer talde da kapaz egoera honetan bi edo urteko etenari aurre egiteko? Batzuek esango dute krisietatik ikasi ere egiten dela; nik uste, gurean asko galduko dugula.
Zer egin? Orain gutxi apaiz batek emandako erantzuna aproposa dela uste dut egoera honetarako. Galdetu diote, Elizaren egoeraz hizketan, dekadentzia giro betean, ea bere sentimendua nolakoa den, ea "azken mohikanoa"ren antzera sentitzen den. Erantzuna izan da, "basamortua". Uler bedi "basamortua" zentzu biblikoan, ez etsipenaren zentzuan: alegia, garai zailean bizi dela jakitun den profetaren jarduna da "basamortua", gogoz eta adorez ematen duen esperantza mezua, jakinda ere berak ez duela loraldirik ezagutuko.
Beharbada, hori da gure lanik zailena: lehenbailehen egoera berria onartu eta gure inguruan, umorez eta adorez, basamortuan lan egiten hastea.
Izan ondo denok,
Xabier.