Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

Dokumentuaren akzioak

Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

2024/07/16 08:55
Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako

Argazkia: Felipe Loiola - Dantzan cc-by-sa

Sei urte ditu. Gustura ari da dantzan. Baina gurasoek jakinarazi digute utzi egingo duela dantza. Arrazoia? Eskolan burla egiten diote lagunek dantzan aritzeagatik. Sei urte. Eta dagoeneko genero estereotipoen indarkeria sufritzen. Nahikoa da! Gurasoak, eskolak, irakasleak, pedagogoak, komunikabideak, ordezkari politikoak, kirol begiraleak eta teknikariak, berdintasun teknikariak, kazetariak... nora begira gaude?

San Andresetatik aurrera ez du parte hartu gure kaleko emanaldietan. Eta hortik aurrera klaseetan ere “kontuz” ibili da. Aldaketa haundia igarri nuen. Lagunek barre egiten diote dantza taldearen parte izateagatik. Bai ensaioetan eta bai kalean dantzatzeagatik.

— idoia lahidalga baglietto (@idoialahidalga_) July 12, 2024

Kostata, baina ikasi dute azkenean

Dantza emanaldi batean hiruzpalau mutil bazterretik ari dira dantzarien inguruan imintzioka, saltoka, dantzan hasi eta korrika ihes, dantzan direnak zirikatzen,... Iruditu zait mutil horiei dantza gustatzen zaiela, baina ezin dutela aitortu, sozialki gaizki ikusia dagoelako, eta hor dabiltza, barne-borrokan, bihotzak dantzan jartzen dizkie hankak, baina buruak agintzen die hankei ez dutela halakorik egin behar. Dantza irakasleak azaldu dit egoera: "Mutil horietako batzuk dantzan dabiltza. Dantza eskoletara etortzen dira, baina ondoren kalean ez dute dantzatu nahi. Lotsa ematen die lagunen aurrean dantzan dabiltzala erakusteak".

Eskolan dantzan aritzeagatik iraindu dutena horietako bat ote den galdetu dut. "Ez, beste bat da irainengatik utziko duena, baina berdin dio, plazan nahi eta ezinean zebiltzanek ere utzi dute dantza". Sei, zazpi, zortzi urte... Dagoeneko ikasi dute mutila izatea egokitu zaiela eta beraz ez zaiela dantza egitea gustatu behar. Musika eta dantza giroan hankak bere kasa aktibatzen zaizkie, baina hori kontrolatzen ikasten hasi dira, arrisku horietatik aldenduko dira datozen urteotan, baloiaren erritmora lotu dituzte oinak eta lortuko dute beraien maskulinitatea kolokan jartzen duen irrika erridikulu hori desagerraraztea beraien gorputzetatik.

Gure 5 urteko semeari ere esan diote jada dantza nesken kontua dela. Gauzak horrelaxe daude.... https://t.co/2zk04mzyM5

— Igotz Alkorta (@Igotzalkorta) July 12, 2024

Ez zait gustatzen dantza

Dantzan mutil gutxi dagoela esaten didaten bakoitzean asaldatu egiten naiz. "Gutxi? Bakarra ere asko da. Dantzan ari den mutil bakoitza milagro bat da. Gizartearen kontra ari da, ez dugu babesten, ez balioesten; kontrara, gutxietsi eta iraindu egiten dira dantzan ari diren mutilak". Irainak jasotzea oso larria da; baina oso gutxi iristen dira irainak jasotzeko puntura. Horra iritsi aurretik uzten diote mutil gehienek dantzatzeari. Berehala ikasten dute mutila izanez gero ez zaiela dantza gustatu behar.

Kokoteraino nago gurasoengandik "nire semeari ez zaio dantza gustatzen" entzuteaz. Ume guztiei gustatzen zaie dantza. GUZ-TI-E-I! DE-NE-I! Gizakiak genetikoki gaude programatuta dantza gustatzeko. Dantza egiteak plus ebolutiboa eskaini dio gizakiari, eta beraz, musika entzun orduko plazer sentipenak eragiten dituzten hormonak jariatzen ditu gorputzak: dopamina, serotonina, endorfina... Eta horri erantzunez gorputza dantzan hasten da hormonen jariatzea oraindik gehiago bultzatuz. Sexua eta drogekin parekatzen da musikak eta dantzak gizakiongan duen eragina.

Lotsa eta maskulinitatea lotzen direnean

Historiako aro guztietan dantza egin dute gizakiek eta gaur egun munduan diren kultura guztietan ere egiten da dantza. Dantza egitea gizaki espeziearen ezaugarrietako bat da. Ume guztiak dantzatzen dira lehen urteetan, eta beraz, bai, mutilak ere dantzatzen dira eta mutilei ere gustatzen zaie dantza egitea. Koskortu ahala hasten dira mutilak dantzatik aldentzen. Identitatearen kontzientzia hartzeak hainbat emozio ekartzen dizkio umeari, lotsa, tartean. Maskulinitate eredu murritza bere egin ahala dantza ez zaiela gustatu behar ikasten dute mutil-koskorrek.

Izan ere, ume txikiek ez dituzte ezagutzen ez lotsa, ez genero-rolak. Sozializazio prozesuan joaten dira ikasten, eta beraz, horien kontzientzia hartu ahala beraien ordura arteko jokabideak zuzentzen dituzte. Nagusiagoen eta helduen jokabideak ikusita, eta nola tratatuak diren neurtuta ikasten dute umeek zein genero-rol ―neska ala mutil― egokitu zaien, eta eredu bakoitzari zein jokabide zaion lotsagarria eta zein harrotzekoa. Beste ume, guraso, irakasle, heldu eta komunikabideetako ereduei begira ikasten dute dantza egitea nesken kontua dela, mutilek ez dutela dantza egin behar, mutilek dantza egitea lotsagarria dela eta dantza gustatzen zaiela antzematen badiete haien maskulinitatea auzitan geratuko dela.

Ordizia: haurren aurreskua 2024
Haurren aurreskurako entsegua Ordizian, 2024-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan cc-by-sa

Dantzaren balio soziala

Dantza historikoki bai emakumeek, bai gizonezkoek egin dute. Are gehiago, hainbat momentu historikotan gizonezkoek beraien maskulinitatea eta boterea dantzaren bidez agertu izan dute. Mendebaldeko gizarte garaikideetan maskulinitate eredutik erauzten joan da dantza eta gero eta gehiago lotzen joan da feminitatearekin. Ez da gauza bera gertatzen hortik kanpo, Afrikan adibidez dantza ez da genero bati lotzen zaio jarduera.

Balio sozialari dagokionez, gizonezkoen jardueratzat jotzen direnak, kirolak adibidez, garrantzi handikotzat jotzen dira. Ostera, emakume jardueratzat kategorizatzen direnei ez zaie batere garrantzirik aitortzen. Orain gutxi Mariasun Landa idazleak oso ongi laburbildu zuen ideia hori: "gizonezkoek gantxilloa egingo balute gaur egun gantxilo museoak leudeke". Maskulinotzat jotzen diren jarduerak gizarte osoak egin beharrekoak dira. Emakume jardueratzat jotzen direnak baliorik gabeko denbora-pasatzat jotzen dira. 

Gorputz politikak norabide bakarrean

Genero berdintasunaren aitzakian bultzatzen diren gorputz politikak norabide bakarrekoak dira. Gorputz ariketari dagozkion sustapen politikek emakumeak kirola egitera bultzatzen dituzte. Ez dago ahalegin txikiena ere gizonezkoak dantza egitera bultzatzeko. Kirolaren sustapena hezkuntza eta osasun sistemen parte garrantzitsua da. Dantza, hezkuntzaren eta osasunaren ikuspuntutik edozein kirol praktika bezain onuragarria izan arren, ez da bultzatzen. Zergatik? Ba maskulinitateak ez duelako dantza bere jardueratzat hartzen.

Lotsa eta erridikuluarekin lotzen du dantza maskulinitateak. Gure gorputza da lotsa eragile nagusietakoa eta zer esanik ez gorputza mugimenduan jartzen dugunean. Bai kirolean, bai dantzan, gure gorputza jende aurrean mugimenduan jartzeak autokonfiantza handia eskatzen du. Jarduera fisiko batean trakets moldatuz gero berehala agertzen da lotsa. Kirolean, autoestimuan galera handia izaten dute emakume gehienek eta gizonekiko gutxitasun-konplexua garatzen dute. Kontrara, gizonezko gehienen autoestimua sendotzen doa kirolean emakumeekiko sentitzen duten nagusitasunak lagunduta.

Dantza nesken kontua dela!

Dantzak kontrako bidea egiteko aukera eman lezake, emakume askoren autokonfidantza sendotzen lagundu lezake eta gorputza autokonfiantzaz mugitzeak autoestimua igotzea ekarriko lieke. Baina ez dago horretarako arriskurik, gizonezkoak nagusi eta eroso sentitzen diren gorputz-jarduerak baitira bultzatzen direnak nagusiki. Gainera, behin edo behin gizonezkoak ere dantzan arituz gero, salbuespentzat, jardun femeninotzat eta balio gabekotzat jotzen direnez, horietan trakets moldatzeak maskulinitatea sendotzeko baliagarri zaie.

Kirola maskulinitatearen babesleku bihurtuta dago. Emakumeekiko nagusitasunari eusteko azken gotorlekua. Mutil batek dantza egiteak kolokan jartzen du antolaketa. Dantza ez bada nesken kontua bakarrik eta mutilek ere egin badezakete, banaketa hankaz gora doa. Eta hori eragoztea du helburu eraikitzen ari den maskulinitateak. Sei urterekin dantzara joaten den mutila mehatxu bihurtzen da prozesu horretan diren lagunentzat. Antolaketa zalantzan jartzen ari da. Dantza nesken kontua dela! Ez al da enteratu? Orain enteratuko da, enteratuko denez.

Dokumentuaren akzioak

2024/07/18 08:37
Aparta artikulua, Oier. Eskerrik asko. Ondo biltzen ditu beste hainbatetan ere adierazi izan dituzun ikuspegiak.

Gai honen harian, berriro gomendatu nahi dut hemen 2017ko artikulu hau:
http://zaharra.hikhasi.eus/[…]-erreproduzitzen-du-eskolak

Luze samarra da, baina beldurgarria, hemengoa (Euskal Herria da), eta gaurkotasunik ez du galdu. Eta garai hartan apenas hasi gabe zegoen azken garaiotako LGTBIQ+ zalaparta, iparra galduta dabilen Mendebaldeko gizarte honetan, haur eta gaztetxoengan horrenbesteko buru-nahasmen eta ondorio larri sortzen ari dena.

Egilea, Ibon Armendariz, garai hartan parekidetasuna, sexuen hezkuntza, homofobia, harreman onak... lantzen aritzen zen eskoletan. Artikulua irakurrita, telefonoz galdera egin nion propio, eta konfirmatu zidan baietz, berak DBH eta Batxilergoan egunero ikusten duena idatzi zuela bertan.


Artikuluan garbi dio: etxetik hasten da, etxekoa da garrantzitsuena. Baita ere, gure kasuan, dantza-irakasle bezala jokatzen dugun rola. Norberari dagokio, geure partearekin konturatu eta aldatzen hastea. Balora ezazue, zer dagoen jokoan...

Dantzan.eus-eko 2017ko sarrera honetan gomendatu nuen aurreko artikulua: https://dantzan.eus/[…]/mutilak-dantzan-presio-soziala
2024/07/18 20:09
Eskerrik Asko, Oier. Oso artikulu garrantzitsua da.

EEBBetan gauz bera gertatzen da. Gero eta mutil gutxiagok dantza taldeetan parte hartzen dute eta euskal dantza talde askotan ez dago mutilik. Mutilik ez du dantzatuko bereen komunitateen laguntza barik eta gure euskal etxe askoetan mutiliek ez dute gizonezko kide zaharren laguntzarik. EEBBetan Euskal kultura mantentzeko mutilentzat laguntza asko dago pilota edo mus jokatzeko baina dantzateko ez. Askotan gizonezkoak ez dira euskal dantzaren kontra, baina ez dira dantzaren aldean ere, eta hau kalte egiteko nahikoa da.

Zer alda dezakegu? Zuk esan bezala, dantzetan leku seguruak sortu behar ditugu, bai gure dantza taldeetan eta bai gure euskal etxeetan. Gainera, mutilei dantza egiteko indarra eman behar diogu EEBBetako kulturari kontra ibiltzeko eta gero eta geheiago aldatzeko.

Beste itxaso aldetik zurekin borrokan,
Alex
2024/07/19 11:58
Eskerrik asko erantzunengatik.

Halaxe da Patxi, aspalditik datorren kontua da, Ibon Arrizabalagaren lana ere ezagutzen dugu eta asko ikasten dugu hortik, eta oraingo hau guzti horren berrespena baino ez da, eskilaretan behera jaisten jarraitzen dugula eta oraingoz ez dugula sumatzen nola geratu, ez abiadura gutxitu ere. Eskileratan gora hastea ezta planteatu ere...

Bai Alex, itsasoaren bi aldeetan antzera gabiltza kontu honekin ere eta elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz aritu beharko gara, ezinbestean. Besarkada!
2024/07/19 12:35
Mutilak dantzatik nola aldentzen diren salatuz idatzitakoak oihartzuna izan du sarean.
https://x.com/dantzan/status/1813495392236916852
Gaiarekin sentsibilitatea dutenek hartu dute interesez nagusiki; beste askok uste dute dantzarekin interesik ez dutenez gaia ez dagokiela. Auziak dituen ertzetako batzuk:
- Mutilek dantzaren esparrua beretzat ere hartzen ez duten bitartean parekidetasunik ez da izango.
- Emakumeak kirolera bultzatzeko asmo onek kontrako ondorioak dituzte: gutxitasun sentipena indartu eta trebe diren jarduerak (dantza, adib.) baliorik gabekoak direla barneratuz.
- Gezurra da mutilei ez zaiela gustatzen dantza. Dantza gizaki guztiei gustatzen zaie. Lotsak aldentzen ditu dantzatik, nesken kontua delakoan, dantza egitea lotsagarria dela ikasten dutenean. Dantza-trebetasunak garatzeari uzten diotenez, trebetasun faltaren lotsa gehitzen zaio.
- Dantza hezkuntzan ez egoteak bi ondorio larri ditu: ez du dantzan alfabetatze unibertsala bermatzen eta dantza (beste gorputz hezkuntzen kontrara) ez dela ez beharrezkoa ez garrantzitsua pentsarazten du.
2024/07/21 10:20
Gizartearen gaixotasuna da. Patxi Monterok esaten du etxetik hasten dela. Eta ni bat nator, baina ez bakarrik ikasleen etxetik, irakasleen etxetik ere. Nire kasuan etxean ondo landuta zegoen baina bai euskal dantzan eta dantza modernoan (bi toki desberdinetan) bietan irakasleen "errua" izan zen. Beraiek markatu zuten mutila izateagatik desberdintasuna eta bere zaletasunaren bukaera. Beraz, berriz diot, gizartearen eskuetan dago, denona da erabakia. Eta eskertzekoa izango zen denontzat eskolan txertatzea, berdintasunatik.
2024/09/13 10:21
Eta orduan... zer? Kitto, hari honen soka? Eman du eman behar zuena?

Artikulu edo gai honek lau erreakzio mota sor ditzake:
- Eraginik eza ("ez nau ukitzen, ez da nire gaia...")
- "Flow... Be water, my friend"... Gaur egun horrela da, eta garaia onartzea. Etorriko dira beste garai batzuk... (Kasu: Beharbada hauxe da erreakziorik egokiena, ez diot aurka egingo).
- Atsekabea edo amorrua piztea ("Bai pena..."), baina horretan uztea, kitto.

Baina niri behintzat beste erreakzio bat pizten dit barruan: astindu nahia, mugitu nahia, zerbait egin beharra!!

Ekologiaren eremuko lelo ezagunak dioenez: "Think global, act local"; pentsatu orokortasunean-globaltasunean, baina tokian eragin (gutxi gora behera). Hortik, gizarteko arazo orokor potoloa bada ere, zer egin dezakegu guk gure eremu txikitik (dantza) egoera hori bideratzen saiatzeko? Beste modu batera izan daitekeela erakusteko? Gure aletxoa edo ahalegina jartzea, alegia...

Proposamen bat: eremu ezberdinetako aditu / arituen mahai bat osatzea (psikologia, soziologia, pedagogia, euskal dantza...) arazo honi heltzeko, aztertu, eta estrategiak marraztu, zer egin dezakegun guk euskal dantzatik (edo dantzatik) egoera bideratzen lagunduko duena. Epe ertain-luzeko dinamika, bai.

Beste proposamen batzuetara ere irekita, egokiagoak baldin badira...

Ni prest, baina bakarrik ezin dut (ez daukat superheroi bokaziorik). Beste inor? Erantzun hona, edo idatzi: herrixadantzan (abildua) gmail.com

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.