Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Gora egin du mutilek ez dantzatzeko presio sozialak?

Dokumentuaren akzioak

Gora egin du mutilek ez dantzatzeko presio sozialak?

2017/06/26 08:35
Gora egin du mutilek ez dantzatzeko presio sozialak?

Maitaldia, Malandain Ballet Biarritz. Baiona, 2015-09-11. Argazkia: Iñaki Zugasti-Dantzan.eus CC-BY-SA

Zer gertatzen zaio mutila jaio eta haurtzaroan, futbola edo maskulinitatearen eredu den kirol bat aukeratu beharrean dantza aukeratzen duenari? Gutxi dira dantza ikastera animatzen diren mutikoak eta behin adin batera iritsita gehienek utzi egiten dute. Presio soziala indartzen ari dela salatu dute dantzaren alorreko zenbait kidek. Genero estereotipoen eragina gero eta jasangaitzagoa da mutilentzat. Gero eta zailagoa gertatzen da mutilek dantzan egitea estigma eta bazterketa soziala sufritu gabe. 

Presiotik bullyngera

Dantza egiteagatik bullynga jasan izan duten mutilen testigantzak eta dantzaren alorreko zenbait profesionalen kezkak jaso ditu Iker Tubiak Berria egunkarian mutiko dantzarien inguruan argitaratutako erreportajean. Bullynga batzuetan, gutxiespena bestetan, baina arazo nagusia "mutilak dantzan ez aritzeko dagoen presio soziala" azpimarratzen da bertan. 

Igor Yebrari Dantzan.eus-en egindako elkarrizketan jasotako hitzak ere bildu ditu Berriak. Umetan, dantzan aritzeagatik beste umeek gauza larriak egiten zizkiotela kontatu zion Yebrak Iratxe de Arantzibiari eta horren ondorioz eskolako lagunik ez duela gaur egun.

Billy Ellioten sindromea

Badirudi dantza egiteko gogoa sozialki defendatzeko arazo handienak balletean izaten dituztela mutilek. Ez da oraingo kontua hau. Ion Beitia ballet dantzari eta irakasle handiak dantza utzi zuen hamabi urterekin "eskolan kideak ixeka egin eta jo egiten baitzuten balletean aritzeagatik". Etxean futbolerako tradizioa zuten (aita Vizcaya taldean jokalari, osaba eta lehengusuak Athletik-en... ), dantzaria izatea maritxu izatea zela erizten zioten familian eta uzteko esaten zioten. "Beste Billy Elliot bat? Beitiak zioen Billy Elliotena baino okerragoa izan zela berea....". Presioak gainezka egin zion eta hamabi urterekin dantza utzi zuen. Baina bi urtera euskal dantzan hasi zen berriz, eta hamabost urterekin etxetik alde egin zuen ballet dantzari izateko bere ametsa bete nahian. 

Asko dira Billy Ellioten sindromea aipatzen duten dantzariak, eta askotan beraien kasua hori baino okerragoa dela azpimarratzeko. Orain urte batzutako elkarrizketan, hamairu urteko mutiko dantzariak aitortzen zuen eskolan iraindu egiten zutela balletean aritzeagatik. Batzuren kasua ez da hain gordina izaten, baina lanak ematen dizkie gurasoak konbentzitzea. Mikel del Valle dantzari bilbotarrak gogoratzen du aitak ez zuela ulertzen dantzari izan nahi zuenik eta karate egitera bidali zutela berak eskatzen zuen balletaren ordez. 

Mutilena futbola da

Mutilak, dantza eta bazterketarekin jarraitu du Manex Agirrek egun batzuk geroago Berrian argitaratutako artikuluan. Mutilek dantza ez aukeratzeko arrazoi asko zerrendatu daitezke baina oinarrian arrazoi bakarra dagoela dio: genero-bazterkeriaren mamua. Mutilena futbola da eta ez dantza. Agirrek, 1970eko futbol partidak erreparatzeko gonbita egiten du. Agian uste baino gertuago daude futbolariek eta dantzariek egiten dutena.

Dokumentuaren akzioak

2017/09/19 13:39
Gai honetan interesa duenari artikulu hau gomendatu nahi diot. Luze samarra da, baina beldurgarria, eta hemengoa (Euskal Herria da):

http://www.hikhasi.eus/Albi[…]-erreproduzitzen-du-eskolak

Aurtengo martxoko Hik Hasi aldizkarian argitaratu zen. Egilea parekidetasuna, sexuen hezkuntza, homofobia, harreman onak... lantzen aritzen da eskoletan. Artikulua irakurrita, telefonoz galdera egin nion propio, eta konfirmatu zidan baietz, berak DBH eta Batxilergoan egunero ikusten duena idatzi zuela bertan.

Ez da dantza (bakarrik). Hauxe daukagu. Halako baloreak / gizartea ari gara transmititzen. Larritzekoa ez bada...

Irakur ezazue, eta ikaratu... Egileak garbi dio: etxetik hasten da, etxekoa da garrantzitsuena. Baita ere, gure kasuan, dantza-irakasle bezala jokatzen dugun rola. Norberari dagokio, geure partearekin konturatu eta aldatzen hastea. Balora ezazue, zer dagoen jokoan...
2017/09/19 15:51
Halaxe da bai. Nik etxean ditudan seme-alabengan eta beraien eskolako lagunengan joan naiz ikusten guzti hori. Berriarako egin ziguten ekarrizketan aipatu nuen: "Nik larritasuna ikusten diot generoaren bereizketari. Hor nabarmen ari gara okerrera egiten. Gero eta estereotipatuagoa eta goiztiarragoa da umeen genero identifikazioa: beren buruarena eta gizarteko jardueren sailkapena."

Seme-alabekin gehien harritu nauen kontuetako bat da zein goiz garatzen duten beraien genero identifikazioa. Unibertsitatean ikasi genituen Ibon Arrizabalagak aipatzen dituen kontu horiek, umea tripan dagoenetik, beraiekin dugun jokabidea, ahots tonoa e.a. generoaren arabera modulatzen dugula eta horrekin, umeak nolakoak izan behar diren ikasten doazela. Baina ez nuena espero da beraiek hain goiz eta hain argi identifikatzea eta adieraztea hori. Hiru urteko gelan ez dago umerik, mutilak eta neskak daude, ikasi dutenak mutil eta neska bezala portatzen, eta bizitzako jarduera gehienek generoaren arabera duten sailkapena ezagutzen eta aplikatzen dutenak.

Gainera, badago joera bat hori guztia naturalizatzeko, biologizatzeko, eta alde horretatik, begiraleku pribilejiatuan gaude euskal dantzariak, sailkapen sexista horren faltsutasuna ezagutzeak, naturalizatuta ageri zaizkigun beste alorren genero sailkapena ere kolokan jartzen laguntzen baitigu. Euskal dantza, historikoki "maskulinitatearen" etiketarekin ezagutu dugunez, ohartzen gara oraingo "feminizazio" hau ez dela biologikoa, baizik eta kulturala, ikasitakoa. Eta dantzaren mundutik kanpo dagoen jendearentzat hain estrainoa gertatzen den ideia horrek laguntzen digu ohartzen beste edozein alor (kirola, lehiakortasuna, bortizkeria, otzantasuna, adimen intelektuala edo emozionala, e.a.) ikasia dela, generoaren arabera modu batean edo bestean, jaio baino lehen sailkatu gaituen gizartearen eskutik garatua.

Etxea, eskola, kalea,... eta dantza (eskola, taldea, plaza,...). Zein paper jokatzen dugu Dantzan generoaren eraikuntza honetan? Beldurgarria, bai horixe. Badgu bakoitzak gurean gogoeta egin eta inertziak desaktibatzen hasteko ordua.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)