Adunan emakumeek lehen aldiz dantzatu dute axeri-dantza

2018/09/13
Adunan emakumeek lehen aldiz dantzatu dute axeri-dantza

Aurtengo Andra Mari egunean emakumeek eta gizonek osatutako taldea irten da plazara axeri-dantza dantzatzera Adunan. 1974an berreskuratu zuen dantza Andoaingo Lizar Makil dantza taldeak, Adunako David Zabala eta Faustino Sorondoren laguntzari esker; horiek galdu aurretik ezagutu baitzuten dantza. 1980ko hamarkadan hasi ziren Adunako jaietan dantzatzen, baina aurten arte gizonezkoek bakarrik dantzatu dute.

Axeri-dantzako taldea, Aduna, 2018-08-15. Argazkia: Gurutze Lasa

Aurtengoan, mutilei zein neskei egin zaie dantzatzeko gonbita eta horrela hiru neska animatu dira axeri-dantzan parte hartzera: Leire Aburuza, Ainara Iturriotz eta Naiara Artola. Jakitun dira historia egin dutela, pausoa modu naturalean eman dute eta uste baino errazagoa izan dela diote protagonistek.