Eltziegoko dantzak neska-mutilek dantzatzen zituztenekoak
Orain dela ia 60 urteko Eltziegoko dantzen irudiak bildu ahal izan ditugu Jesus Fernandez Ibañezen Elciegohistorico txokotik. Irudiotan, uztailaren 2an eta irailaren 8an Eltziegon dantzatzen dituzten bertako dantzen irudiak ageri zaizkigu. Nabarmentzekoa da, egun ez bezala, neska-mutilak elkarrekin dantzan ikus daitezkeela. Gaur egun "nesken dantzatzat" jotzen dira Eltziegokoak. Garai batean gizonezkoek, eta gero gizon-emakumeek batera dantzatu zituzten. Beraz, pentsa daiteke ez direla ez nesken ez mutilen dantzak. Dantzarien dantzak baizik.
Elciegohistoricon irakur dezakegunez, kaxa jotzen ari dena Juan José Gomez da erredoblean nabarmentzen zaion estiloagatik eta posturarengatik. Urte hartan gaiteroak ez omen ziren izan, Pepe Gallegoren klarinetearen doinuan aritu ziren dantzariak.
Ondoko irudi hauek ere 1960ko hamarkadakoak dira, Bañares familiakoak. Kasu honetan emakumeek bakarrik osatzen dute dantzarien zortzikotea baina bada erreparatzeko elementu bat, katximorro zuriz jantzita ageri da eta ez koloretako arroparekin eta zinta alaiez apaindurik.
1820ko dantza-saioa
Eltziegoko udaletxeko kontu-liburuetatik, bertako dantzen inguruko informazioa ere atera du Jesu Fernandez Ibañezek. Santa Isabel jaiak eta Iraileko Ama Birjinaren omenezkoak ospatu zituzten. Bi jai egun handietan eta bezperatan Haroko Canuto Izquierdo dultzaineroa kontratatu zuten, 480 erreal kobratu zituen lau egunengatik. Dantzariak ere lau egunetan aritu ziren; Jose Ibañez eta beste zazpi dantzarik 60 erreal kobratu zituzten santaisabeletan eta Martín de Meiro eta zazpi dantzarik beste horrenbeste iraileko jaietan. Ibañez eta de Meiroren taldeak Eltziegoko dantzariek osatzen zituzten, bi dantzariek 26 eta 24 urte zituzten.