Emakumeak Aizarnako eta Elgoibarko aurreskuetan eta Durangaldeko ezpata-dantzari egunean
Orain gutxi arte itxita zituzten ateak irekitzen ari dira dantzan emakumeentzat. Azken aldiko hiru adibide hemen: Aizarnako eta Elgoibarko aurreskuak, eta Durangaldeko ezpata-dantzari eguna.
Aurreskularia Aizarnan
Aizarnako oilasko biltzea eta aurreskua Andra Mari festetan egin ohi dira. Goizean goizetik oilasko biltzean ateratzen dira herriko gazteak, eta zahagi-dantza egiten dute baserri atari bakoitzean. Ikusi hemen iaz Amaiur Aristik egindako kronika. Plazara etorrita aurreskua dantzatu ohi dute. Oilasko biltzea eta zahagi-dantzan badira urteak neska-mutilak elkarrekin aritzen direla, baina aurten aurreskuan, lehen aldiz, neska batek egin ditu aurreskulari lanak. Maddi Astigarraga izan da Aizarnako soka-dantzan aurreskulari lanak egin dituen lehen emakumea.
Elgoibarko San Bartolome Eguneko soka-dantza
Abuztuaren 24an, San Bartolome eguna, aurreskua dantzatu ohi da Elgoibarko Foruen plazan. Aurten lehen aldiz, dantzarien lehen soka emakumeek osatu dute eta emakumeak izan dira aurresku eta atzesku lanetan. Zehazki Maialen Astigarraga izan da aurreskua eta Amaia Loiola atzeskua. Ondoren, gizonezkoak gonbidatu dituzte plazara eta neskek mutilei dantzatu diete agurra.
Durangaldeko Ezpata-dantzari eguna
Gerediaga elkarteak antolatuta, Durangaldeko ezpata-dantzari taldeen ekitaldi handia izan ohi da Merinaldeko Ezpata-dantzari eguna. Izurtzan ospatu da aurtengo ekitaldia, eta lehen aldiz, zenbait emakumek parte hartu dute bertan dantzari-dantza dantzatuz. Zehazki, Durangoko Kriskitin taldeko zortzikotean hiru emakumek parte hartu dute: Leire Sagastigoia, Ixone Aroma eta Garazi Sarrionandia.