Dokumentuaren akzioak
Aizarnako Oilasko biltzea, meritua da jakin gabe dantzatzea
Aizarnan, abuztuaren erdi aldera ospatzen diren Amabirjin jaietako egun batean, Oilasko biltzea egiten da. Aurtengoan, jaietako azken egunean burutu dute, abuztuaren 16an. Gazte koadrila bat, baserriz baserri eskean ibiltzen da goizean zehar. Baserri bakoitzean zahagi dantza egiten dute eta trukean dirua, janaria edo oilaskoak jasotzen dituzte. Eguerdirako plazara iristen dira eta bertan aurreskua dantzatzen dute herritarren aurrean. Bazkal ondoren, goizean baserrietan egin modura, herriko etxeetan ibiltzen dira eskean eta dantzan.
Betidanik izan naiz jakitun, Aizarnan, oilasko biltzea egiten dela. Umetan, behin edo behin, plazan dantzan ikusi ote nitueneko oroitzapena ere badut. Aizarnako ezagunak urtero irteten direla banekien eta Zestoako bakarren batek ere, gaupasaz, bertan bukatu izan duela ere bai. Etxez-etxe dantzan edo antzeko zerbaitetan jarduten direla nekien eta pausoak baino sagardo, ardo edo txakolin tragoak errazago ematen dituztela.
Aurten, Aizarnako Oilasko biltzea, behar bezala ezagutzeko aukera izan dut. Aurrez abisatu nien beraiekin irtengo nintzela eta pozez erantzun zidaten ongi etorria izango nintzela. Hala ere banuen kezkatxoa, ez bainengoen seguru ongi integratu ote zitekeen zestoar bat Aizarnako oilasko biltzean. Aizarna, Zestoako auzoa bat bada ere, hori aizarnarren aurrean ezin da inoiz esan. Historiari erreparatuz gero, aizarnarrek sortu baitzuten Zestoako hiribildua. Badute zestoarrei zeharka begiratzeko joera. Aizarnarrentzako, gu, "zestoar txorok" gara.
Goizeko 7:30ean plazan
Beste urtetan 8:00ak izaten zen irteera ordua baina ez omen zen inor garaiz agertzen, beraz, aurten 7:30ean jarri zuten hitzordua. Ni, badaezpada, 7:15erako Aizarnan nintzen. Abuztua bazen ere, kotxeko termometroak 12 gradu markatzen zituenez barruan itxarotea pentsatu nuen. 7:30ak iritsi ziren baina ez zen ageri inor plazan. Bat batean, beste kotxe bat nire atzean aparkatzen ari zela sumatu nuen. Hura poza nire lagun eta ikaskidea den Haritz Garmendia azpeitiarra kotxetik irteten ikusi nuenean. Haritz, bere soinua hartuta inguruko txoko guztietara iristen da eta nola huts egingo zuen ba Aizarnako zita. Nabarmena zen gauean jai giro ederrean ibiliak zirela aizarnarrak, plazako bazter guztietan ikus zitezkeen baso hutsak eta etxerako bidea ahaztu zitzaien batzuen builak entzuten ziren elkartetik. Bertara gerturatu ginen, dantzariak han egongo zirelakoan. Baina han erretiratu gabeko koadrila bat besterik ez zegoen. Urteetan oilasko biltzen ibilitakoak ziren bat baino gehiago baina aurtengoan, aukeran, azkartxo argitu zuen egunak. Atarian, garbitzailea, elkartera sartzeko beldurrez.
Pixkanaka, dantzariak eta musikariak plazara agertzen hasi ziren. Etxetik dantzarako jantziak jantzita etortzen dira. Janzkerari dagokionez, denak ez dira berdin berdin janzten, nahiko beraien erara janzten dira baina behetik galtza ilunak (mahoizkoak, bakeroak...), goiko zuria (kamiseta, blusa...), bakoitzak nahi dituen oinetakoak (mendiko botak, zapatilak, abarkak...) eta lepoan koloretako zapia. 8:00rak jotzeko asko ez zen faltako eta ia denak plazan ziren baina eguneko pieza klabea falta zen, ezpata-dantzaria. Halako batean azaldu zen, lasai, goitik behera zuriz jantzita, gerriko gorriarekin eta zinta gorridun alpargata zuriekin. Egunean zehar lorez eta zintaz apaindutako ezpata ibiltzen du eskuan.
Normalean, herriko gazteak irteten dira oilasko biltzen. Aurten, beraiek diotenez, aspaldiko gutxien irten dira. Festa aurretik, taldea osatuko ez ote zen beldurrez ere ibili ziren. Hala ere, aurten, gehienak baino dezente zaharragoak diren bi dantzari animatu dira bezperan egindako apustu bati esker. Kike Llanos, Peru semearekin agertu zen plazara. Dotore asko, abarka eta guzti, bakarra izango zen. Haserre zen, ordea, bezperan hitz eman bazion ere Tomax Bergara koinatua falta baitzen. Hala ere, dantzariak Tomaxen etxera iritsi zirenean, Tomax taldeari batu zitzaion egun osorako. Gazteekin, saltsan, gustura ibili ziren bi beteranoak. Ia partaide guztiak aizarnarrak izaten dira eta bestela badute loturaren bat Aizarnarekin: koadrila, familia, bikotea... Ezpata-dantzaria edo musikariak herrian ez badaude, ingurukoei eskatzen diete laguntza.
Goiza, baserriz baserri
Materialaren arduradunek makilak eta zahagiak banatu zituzten eta "itxaferozaleak" lehenengo itxaferoa bota zuen. 8:00etan burutu zuten lehenengo dantza plazan. Lau bost gaupasero kenduta, inor ez zegoen plazan ikusle modura. Lehenengo zahagi-dantza eginda, baserrietara abiatu ziren. Urtero ibilbide berdina egiten dute baina dantza egiten duten baserriak ez dira beti berdin berdinak. Baserrian inor ez badago hurrengora abiatzen dira dantzarik egin gabe. Aurten 26 baserritan dantzatu dute: Aranburu, Bergarane, Aizbakar, Irabarren, Ibarra, Antxintzardi, Auzokogain, Aizarnatea, Igarantxo, Elkoeta, Aldalur, Kutxeta, Saletxeburu, Listorritzaga, Bikendi, Gorosarri, Arano, Aranobaso, Ezenarro, Aginaga, Etxezaletxe, Apategi, Etxeberri, Arama, Zabale eta Potzueta. Baserri hauetan dantzatzeaz gain, bidean dagoen ukuilu erraldoi batean ere dantzatu zuten. Etorkin bat zebilen bertan lanean guri begira begira harrituta. Berari ere dantzatu egingo ziotela erabaki zuten, gure kultura erakutsi behar zitzaiola eta. Gustura ikusi zuen dantza, mugikorrez grabatu eta guzti egin zuen.
Ibilbide guztia oinez egiten dute mendi bideetatik. Zelai, bidetxur edo sasiak hartutako bide. Aitortu beharra daukat, uste baino bide gogorragoa egin zitzaidala. Aldapa askotan, hauspoa ederki berotu zitzaidan, izerdi puska bat ere atera nuen. Seguru nago talde hartan bezperan ordu gehien lo egin zituena ni nintzela baina ez zen igartzen. Hori da sasoia gazte hauena, ia lorik egin gabe, askok bezperako alkoholak oraindik odolean, zein baino zein alaiago eta biziago. Gazteen sekretua, ia baserri denetan ematen zieten jan edana zela uste dut.
Dantzari bakarra
Ezpata-dantzaria kenduta, beste inor ez da dantzaria. Urtean zehar ez dute entsegu bat bera ere egiten. Irteten diren lehenengo urtean, egunean bertan, ikasten dutela esan daiteke. Pausuak beraien erara, batzuk hanka bat igo beste batzuek bestea... buelta ahal den aldera... Baina dantzak, osotasunean, baduela egitura bat esan daiteke. Ezpata-dantzariak sarrera dantzatzen du (salto buelta, ezpata-dantzako sarrerako 7 pauso eta deia denek batera) eta ondoren beste dantzariek zahagi-dantza egiten dute (aurrera/atzera, aurrera/atzera, makilak kolpatu aurrekoarekin 4 aldiz, atzekoarekin 3 aldiz eta 4. kolpea zahagiari), (salto, hanka jaso, buelta eta zahagiari kolpea) dena 2 aldiz. Orduak aurrera egin ahala, dantzarien garrasiak ozenagoak ziren eta kolpeak gogorragoak. Alkoholaren indarra edo... Aurten ezpata-dantzaria Garikoitz Lopetegi izan da. Bederatzi urte daramatza paper hau betetzen. Bera ez da aizarnarra, akoarra baizik, baina koadrila aizarnakoa du. Hauek, dantzaria falta zela eta bera umetan dantzan ibilitakoa zenez ea egingo al zuen galdetu zioten. Ordutik, ez du urte batean ere huts egin.
Bidea, abentura
Aipatu bezala, ibilbidea mendi bidetatik egiten da. Nahiz eta bidea jakin, bidegurutzeren batean zalantzak izan zituztela esan beharra dago. Ibilbidearen erdi aldera, baserri batera iristeko nondik joan eztabaidatzen hasi ziren. Ohiko bidea sasiak hartuta zegoen, hala ere, batzuek hortik joango zirela esan zuten. Ezpata-dantzariak, berriz, bazela beste bide hobeago eta motzago bat zioen. Orduan, taldea, bitan banandu zen. Ni, pentsatuko duzuen bezala, ezpata-dantzariarekin fidatu nintzen. Eta eskerrak... Listorritzagara iritsi ginen, mahai ederra zuten guretzat prestatua, baina besteak falta. Hamar minutura edo banan banan agertzen hasi ziren, elkarri barrez. Ezin pasata ibili omen ziren, sasia uste zutena baino handiagoa zegoen. Bat aurretik jarri zen makilaz bidea irekitzen eta besteak atzetik ahal zen moduan. Sasiaz gain, lokatza ere bazegoen eta gainera aldapan behera... Ezinean, ipurdikoren bat ere hartuz, igaro zuten bidea. Hori bai, soinujolea ez omen zen segundo bakar batez ere isildu.
Denboraz larri
Tarteka erlojuari begiratzen zioten, eguerdirako plazara iritsi behar baitzuten. Kalkulatuta zuten, berez, baserri bakoitzean ze ordutarako egon behar zuten plazara ordurako iritsi nahi bazuten. Beste urtetan baino motelago zihoazen. Martxa azkartu beharra zegoen baina baserrietan ateratzen zieten mokaduari eta umorezko hizketaldiei uko egitea zaila egiten zen. Esango nuke, Bikendi baserrian burutu zela saiorik luzeena. Zahagi-dantza dantzatu ondoren, atarian, korruan jarri eta sagardoa edaten hasi ginen. Urtero sagardo gehien edaten duten baserria hau izaten omen da eta aurtengoan ere halaxe izan behar omen zuen. Soinujolea rantxerak abesten hasi zen, zahagi-dantza dantzatzea nahikoa ez eta soinujolearen doinua jarraituz dantzatzera ere animatu zen bakarren bat. Denak gustura baina mugitu beharra zegoen, trasteak hartu eta beste baserrira abiatzerakoan, oilasko batek ihes egin ez zien ba! Denak korrika oilaskoaren atzetik! Bat hankaz gora eta dena erori zen oilaskoa harrapatu nahian.
Bat batean, itxaferozalea (eta dantzaria), desagertu egin zen. Inork ez genekien non sartu zen. Handik gutxira, asto batekin agertu ez zen ba! Ez dakit etxeko astoa zen edo beste baserriren batetik hartu zuen (bere etxea urruti geratzen zen). Erritmoa bizitu behar genuela eta ondo etorriko zitzaigula pisua gainetik kentzeko (zahagiak, oilaskoak...). Erritmoa bizitu baino, moteldu egin zuela esango nuke. Falta zen ibilbidearen zati osoa atzetik egin zuten itxaferozaleak eta astoak, taldea iritsi eta gerora iristen ziren baserrira.
Ni ere dantzara
Aurtengoan, dantzari guztiek, dantza guztiak dantzatu behar izan dituzte. Lehen esan bezala, aspaldiko gutxien irten baitira. Baserri guztietan dantzatzeagatik nekatuta edo nik ze tankera aterako nuen ikusteko gogoz, bukaerako baserri batean (Aginagan), oilasko biltzaile batek dantzatzera animatu (derrigortu) ninduen. Deseatzen zeuden nire dantzako itxura ikusteko, askok ez baitzekiten ni dantzan ibiltzen naizenik. Gustura aritu nintzen baina aukeran, aspaldian dantzatu gabe edo martxa hartzeko oraindik, azkar dantzatzen zutela iruditu zitzaidan. Goiz osoan zehar grazia egin zidan beraien dantzatzeko erak baina beraien estiloan, kailu ederra daukatela konturatu nintzen.
Plazako ikuskizuna, inprobisazio hutsa
Halako batean, 14:30ak ondo pasata, 15:00etatik gertuago, iritsi zen talde osoa plazara. Neskak bertan geratu ziren ikusleekin eta mutilak elkartera sartu ziren. Oilasko biltzen neskak irteten direla urteak badira ere, plazako aurreskua mutilek bakarrik dantzatzen dute. Elkarte barruan hamar bat minutu egin ondoren (teorian, entseatzen baina gero ikusten da ezetz), plazara irteten dira.
Plazako ikuskizuna mutilen paseoarekin hasten da. Mutilek soka osatzen dute elkarri koloretako zapiak luzatuz. Pixkanaka, plazari buelta ematen ari direla, bakoitzak plazako emakume bana sartzen dute katean. Behin plazan ondo kokatuta, aurreskuak agurra eta alpargata dantzatzen dizkio berak aukeratutako emakumeari. Segidan, beste guztiek dantzatzen diete alpargata dagokion emakumeari. Mutil bakoitzak bere lanak amaituta, bai mutil eta bai neskek fandango eta arin-arina dantzatzen dituzte. Kalejira batekin plazatik irtenez bukatzen dute goizeko saioa.
Aurreskua, ezpata-dantzaria da. Honek, txukun burutzen ditu bere dantzak baina beste dantzariak dantzan hasten direnean baldarkeriak, barreak, festa... hasten dira. Txistulariak alpargata doinua jotzen du baina, dantzariek, dantza honi dagozkion pausoak ez beste denak ematen dituzte. Ez erritmo, ez zentzu... Hanka gora, buelta, bi salto edo hiru, berriro buelta eta salto eta hanka gora... Edozer, bakoitzari irteten zaiona. Harrigarriena egin zitzaidana, goiz osoan ia hitzik ere egin ez zuen mutil lotsatiak ere, herri osoaren aurrean dantzatu zuela zertan ari zen arrastorik gabe. Zaila egiten zitzaidan sinestea, denek, horren modu aldrebesean dantzatzea. Okerrena, herritarrek normaltzat jotzen zutela. Zenbat eta traketsago egin dantza, orduan eta hobeto.
Herri bazkaria
Goizeko lanak amaituta, herritarrek eta oilasko biltzaileek denek batera bazkaltzen dute plazan bertan. Paella ederra, kafea, pastak, pastela... Heldu, zahar eta gazte jan edanean, kantuan eta kontu kontari. Une hau aprobetxatu nuen herritarrei galdera batzuk egiteko.
Paella prestatzen ari ziren emakumeei ea emakumeak noiztik irteten diren oilasko biltzen galdetu nien. Zehazki ez dakitela baina hogeita bost bat izango direla, agian gehiago. Modu naturalean eman zela aldaketa diote, jende faltagatik edo. Elkartean ibiltzen ziren gazteak irteten zirela eta elkartean emakumeak ibiltzen zirenez, zergatik ez irten oilasko biltzen? Hala ere, oraindik, plazan gizonek bakarrik dantzatzen dute aurreskua. Bazkaritan, bi neskek, urtean zehar dantza ikasi eta hurrengo urtean plazan dantzan irtengo zirela esan zuten. Dantza ikasi? Mutilek ez dute sekula ikasi... Badirudi, neskek egitekotan, behar bezala dantzatu nahi dutela. Horrela, ordea, ez ote da Aizarnako Oilasko biltzearen dantzaren esentzia galduko? Neskek, beraiek erabaki beharko dute, dantzatu edo ez, eta nola dantzatu. Nik animatu egingo ditut eta behar badute baita erakutsi ere!
Arratsaldeko saioa
Nik joan beharra izan banuen ere, arratsaldean, goizean baserriz baserriz egiten dutena, kalean, etxez etxe egiten dute. Ezberdintasuna, nekea eta batez ere egun osoan pilatutako alkoholak eraginda, dantzak goizekoak baino oraindik ere aldrebesagoak izaten direla kontatu zidaten. Arratsaldeko 17:45ean ekin zioten berriro lanari eta 20:00etan bukatu omen zuten, azken zahagi-dantza eta agurra dantzatuz plazan. Herriko etxeen zerrenda pasatzeko eskatu nien: Etxe Garai, Askatzu, Bidekutze Berri, Bidekutze aurre eta atze, Apaiz Etxea, Partzuelgo, Elizalde, Kantoikua, Alkatekua, Konpittoko, Elkartea, Barberoko, Saka, Naparko, Xegundone, Portu, Etxe berriak, Kalegoiene, Arretxe, Puertokoa, Etxeberri, Xalamunene, Martiñene, Etxe Luze, Dione eta Intzina.
Urteen eraginez, aldatuz
Ia ohitura denak bezalaxe, Aizarnako Oilasko biltzea, urteetan aldatuz joan da. Ibilian ibilian, aldaketak eman dira parte-hartzaileei, egunari, dantzari... dagokienez.
Garikoitz Lopetegik, azken urtetako Ezpata-dantzariak, bera dantzan hasi zenean mutilek plazan buelta bat eman ondoren eta aurreskua dantzatu aurretik Aizarnako herriari agurra dantzatzen zitzaiola kontatu zidan. Badaki, lehen lehen, aurreskuari atzeskuak erantzuten ziola. Berak ez omen du hori ezagutu, entzutez dakiela dio.
Josune Irure 16 urterekin hasi zen irteten, aurten zortzigarrengoa du. Lehen beti festetako azkenengo egunean egiten zela dio, Amabirjin ondorenean. Orain dela hiru lau urte lehenengo egunera pasa zutela azaldu zidan, azkeneko egunera nekatuta iristen baitziren. Baina aurten, berriz ere, lehenagokora bueltatu dira. Oilaskoak eramateko modua ere aldatu dutela dio. Lehen makilatik zintzilik eramaten zituzten, hanketatik lotuta buruz behera. Aurreko urtean, kaiola bat egin zuten oilaskoentzat eta orain hobeto joaten omen dira.
Pedro Bergarak 66 urte ditu, gaztetan oilasko biltzen ibilia da. Ordutik hona asko aldatu dela dio. Lehen ordutegia askoz ere hobeto errespetatzen zela dio eta hori zuzendu beharra dagoela baina ez dio zuzentzeko tankera handirik hartzen. Lehen neskak ez ziren oilasko biltzen irteten, ikusle papera bakarrik zuten. Orain plazako dantza egiten ez badute ere oilasko biltzen irteten diren neskak sokara gonbidatzen dituzte. Beraz, mutilek, Pedroren ustez, lehen baino lan gutxiago hartzen dute neskak aukeratzerakoan. Zahagi-dantzan lau mutilek bakarrik hartzen omen zuten parte. Lehen, helburua, zahagiari kolpea denek batera ematea izaten zen baina, orain, sekula ez dietela ematen dio. Garai batean oilaskoari lepoa plazan bertan mozten zitzaion. Arratsaldean, dena bukatutakoan, batek begiak itxita oilaskoari lepoa moztu behar izaten zion dantzan ari zen bitartea. Alboan, beste lagun bat izaten zuen oilaskoa toreatzen. Oilaskoa plazan alde batetik bestera eta jende tartean ibili ondoren, beste oilaskoak zeuden lekura eraman eta begiak itxita zituenak eskuekin edo hortzekin lepoa mozten zion. Gogorregia zela eta, hori egiteari utzi egin zitzaion. Lehengoa politagoa iruditzen zaio Pedrori. Lehen naturaltasun handiagoz egiten zela dio, orain transtornatuta irteten direla esaten du barre txikiz.
Baldarkeriak, xelebrekeriak, mozkorkeriak, "dantza"... dira Aizarnako Oilasko biltzearen esentzia. Ohitura hau igarotze erritu bat dela eta guzti esaten atrebituko nintzateke. 16 urte ingururekin hasten dira eta hamar bat urtean aterata utzi egiten diote (satelite batzuk kenduta). Bere gorabeherak izan ditu eta aldatuz joan da ohitura baina mantendu egin dute. Eutsi egin diote, ideiarik jakin gabe, plazara dantzara ateratzeko ohiturari. Horrek, nik uste, baduela bere meritua.
Aurtengo parte-hartzaileak
Dantzariak
- Ezpata dantzaria: Lopetegi Aranbarri Garikoitz (28 urte, Akoa)
- Dantzariak: Amets Aranberri Otegi (18 urte, Aizarna), Tomax Bergara Etxabe (63 urte, Aizarna), Shane Bergara Okeeffee (21 urte, Aizarna), Gilen Bergara Okeeffe (19 urte, Aizarna) (Itxaferozalea), Josune Irure Irazusta (23 urte, Aizarna), Jon Joseba Irure Irazusta (19 urte, Aizarna), Axier Larrañaga Letamendia (19 urte, Azpeitia), Jon Lasa Otaegi (26 urte, Errezil), Peru Llanos Bergara (23 urte, Aizarna), Kike Llanos Korkuera (54 urte, Aizarna), Maitane Perez Iruretagoiena (23 urte, Aizarna).
Musikariak
- Soinujoleak: Haritz Garmendia Iturria (24 urte, Azpeitia), Eini Izeta Iruretagoiena (19 urte, Zestoa).
- Pandero jolea: Leire Lopetegi Arregi (22 urte, Akoa).
- Txistularia: Ortzi Alberdi Odriozola (19 urte, Zestoa).
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19