Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean

Dokumentuaren akzioak

Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean

2023/06/21 07:15
Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean

Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Belaunaldi berriei transmititzeko kate-begi inportante bat bilakatu da. Dantzariak ikastetxeetara hurbiltzearekin lortu da hezkuntza komunitatean jaia lantzeko aukera", azpimarratu nahi izan du Maite Irizarrek (Oñati, 1983). Korpus asteburu osoa dantzan eta diru-batzen pasatzen dute Oñatzeko dantzariek. Herriko ikastetxeak bisitatzearekin arrankatzen dute ostirala.

8:00etarako iritsi naiz Oñatiko Santa Ana konbentura. Dantzari gutxi batzuk daude bertan, ilea jasotzen eta arku eta makilak deskargatzen. Pixkanaka ari dira etortzen gehiago. Nekatu aurpegiarekin, lo gutxi egin dutela diote gehienek. Eta oraindik korpus asteburua hasi gabe! Segituan mugiarazi ditu Txutxinek, Jesus Irizar dantza maisuak. Urduri dabil, zorroztasunari eta detailerik txikienari ere ikaragarrizko garrantzia ematen die. Azkar barrura sartzeko eta janzten hasteko esan die zalapartan dantzariei, berandu dabiltzala eta.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Korpus-dantzariak janzten. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

1970eko hamarkada bukaeran hasi zirela eskoletako bisitekin dio Irizarrek, horrela bermatu nahi zela herriko gazte guztiek herriko dantzak ezagutzeko aukera izatea. Harrera ona izan zuenez ordutik urtero errepikatu da. “Hezkuntza komunitatean jaia landu eta era berean herri curriculuma aberastea lortu da. Ezin dugu ukatu umeak dantzara gerturatzeko modua ere badela, umeak dantzara etortzeko erakusleiho bat da”. Garrantzitsua ikusten dute transmisiorako txikiengana hurbiltzea, dantza zaletasuna bultzatu eta herriko dantzak erakustea. Gertutasun horri esker eta beste zenbait faktore tarteko, Oñatz taldearen harrobia osasuntsu dago, 300 umetik gora dabiltza taldean.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Azken momentuko kontuak

Zuriz jantzita agertu dira dantzariak eta elkarri laguntzen diote lazo, txapel eta gonak janzteko. "Ene ba... zenbat denbora horrela jantzi gabe!" esan du Eritz Camposek (2001), “mutikotan izango zen azkena”. Haurren Egunetan kanpora joaten ziren bakoitzean janzten zirela korpus-dantzariz dio, baina denboraldian ez du aukerarik izan. Orain korpusetan dantzatzeko ordua iritsi zaio. “Aurten lehen aldiz. Jende asko gaude eta ez da erraza, baina behintzat egun batean dantzatzeko aukera dut eta pertsonalki berezia izango da oso aurtengoa”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Jesus Irizar eta Eritz Campos. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Amaia Anduaga (1999) ari zaio janzten laguntzen. Bera, ordea, ez dago zuriz jantzita. “Ni lesionatuta nago. Orain laguntzera etorri naiz. Gauza da salto asko ezin ditudala egin. Oraindik inoiz ez dut dantzatu korpusetan. Espero hurrengo urterako errekuperatuta egotea eta irteteko moduan izatea”. Dantzatu ez, baina badu zereginik: makilak eta arkuak eramaten lagundu, ura eskaini, dirua batu...

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Amaia Anduaga Eritz Camposi jantziekin laguntzen. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Kateko-orratzekin kontuz kontuz elkarri lotu dizkiete lazoak, gero gonak eta azkenik txapelak. Txutxinek atzetik denak gainbegiratu ditu. Ilaran jarrarazi ditu guztiak, ea korapiloen aldeak dantzako posizioarekin bat zetozen konprobatu behar.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Txutxin dantzarien erropak gainbegiratzen. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Korpus-dantzariak kaskainetak janzten. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Herriko ikastetxe guztietara dantzara

Dantzariak konbentutik ateratzen hasi eta justu haur asko eskoletara bidean doaz. Erdi ezkututik adi-adi begiratzen dituzte dantzariak; lotsatuta, baina liluraz.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Haurrak dantzariei urrutitik begira. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Larraña ikastetxean lehen bisita. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

9:00etako kanpaiekin batera hasi dira lehen kaskaineta soinuak, Larraña ikastetxeko DBHko eta Batxilergoko ikasleen aurrean. Eta jarraian, Urgainera joan dira, lehen hezkuntzako zentrora. Gaztetxoak irrikaz daude zain-zain. LHko ikasleek mirespenez egin diete ongi-etorria. Hauentzat dantzariak badira norbait. Nire alboko herriko, Zumaiako, ezagun batekin egin dut topo. Irakasle dabilela Oñatin eta hura ere harrituta dantzariekin, “ikaragarria da, herri honetan dantzariekiko eta txorimaloekin (Oñatin txorimalo deitzen diete buruhandiei) kristoren afana dute haurrek”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Jarraian, Elkar Heziko bi zentroetara joan gara. Polita da entzutea haurrak dantzariak ikusten ari diren bitartean iganderako plana egiten ari direla: “Igandean korpusetara irtengo gara dantzariak ikustera, ezta?”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Eta a ze grazia egin didana ikusteak ze ilusiorekin eusten dituzten dantzarien txapel, makila eta arkuak. Ohorea da eurentzat, borroka eta guzti egiten dute horretarako. Politena, ordea, umeak musikaren erritmora txaloka ikustea da, edo makilak jotzen ari direnaren itxurak egiten. Eta animatuenak, dantzariak imitatzen. Nahiko txukun markatzen dituzte urratsak, gainera!

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Monjen ikastetxean ez nuen gutxiagorik espero. Dantza saioa bukatu eta denok pastak jatera! Momentu hori aprobetxatu dut dantzako lehen sentsazioak jasotzeko. Pasta erdia eskuan eta bestea ahoan dudala, grabagailua jarri diot Beñat Madinari (Oñati, 2001): “Nire ustez eskoletara etortzea oso polita da. Ikusten dituzu umeak kristoren ilusioarekin, batez ere lehen hezkuntzakoak. Nik daukat oroitzapena ikastoletara etortzen zirenean dantzariak... Uau! Zela: la ostia! Atetik sartzen ziren eta... urteko momenturik onenetakoa izaten zen. Orain dantzarien lekuan bizita benetan ederra da. Ikusten nituenean dantzariak niri gustatuko litzaidakeela egunen batean horrela aritzea pentsatzen nuen. Eta azkenean egin eta egin ba iritsi da ordua”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak hamaiketakoa egiten.Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Beñat Madina ikasleen aurrean dantzan. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Norbere ikastetxea bereziena

Plaza alboko frontoira hurbildu dira Txantxiku Ikastolako ikasle zaharrenak eta hantxe egin dute dantzariek saioa. Zentro denetan korpus-dantzen bertsio laburtuak eskaintzen ari dira: San Migel dantza (koadro gabe), Banakoa launan eta arku-dantza. Urrutira Arkaitz Bengoa (Oñatik, 1984 ) ikusi dut, Oñatzeko dantzaria eta korpusetako kapitan ohia. Egun Ikastolako idazkaritzako langilea da eta ikasleek ea nola bizi duten egun hau galdetu diot. “Eurentzat oso emozionantea izaten da ze nik uste dut dantzarien figura inportantea dela herrian. Korpus garai honetan ikastetxeetan gaia lantzen da, marrazkiak egiten dira, adibidez. Kontuan hartu behar da dantza taldean 300 ume inguru ditugula, beraz taldeko ume asko daude dantzarien zain. Nagusiak beraientzako erreferenteak dira”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Bera dantzari zeneko oroitzapenez ere galdetu diot. “Nik uste dut gu nagusietara pasatzen garenean askok erreferentzia moduan korpus domeka izaten dutela, baina ikastetxeetara joatea dantza egitera oso-oso emozionantea izaten da lehengo urte horietan. Azkenean zuk txikitan ikusi eta bizi izan duzun hori orain zeu zoaz erakustera. Nik uste dut bakoitzari sortzen zaiola bere barruan zerbait, batez ere, norberaren ikastetxean.”

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Paula Ugarte (1999) harrapatu dut frontoitik Ikastolako txikienganako bidean, “eguraldi ona dago eta hori eskertzen da, ez dago bero larregi. Joan den urtean ikaragarrizko beroa egin zuen eta haizetxo honek laguntzen du. Aurten bigarren urtea da dantzan, baina ostiralez lehen aldiz. Sentsazio onak, baina nik gehien ezagutzen ditudanenagana orain goaz, beraz agian ostean sentsazioak hobeak izango dira, neuk hemen ikasi bainuen”. Beraz, ikastolatik irtetean berriz hurbildu naiz. Arnas estuka harrapatu dut. “Hasieran kosta egin zait tentsioagatik, baina bukaerarako ondo. Hemen ikasi nuen, gertutasuna, irakasleak ezagunak, ume pila bat ezagutzen ditut eta horrek hunkitu egin nau. “Paulaaaaaaaa!!!” erdi ezkututik mireslea oihuka ari zaizkio. “Oñatzeko ikasleak eta ikastolako ikasleak dira. Eurak ere ea jarraitzen duten eta hemen ikusten ditugun hemendik urte batzuetara. Herriko dantza hauek ezagutaraztea ondo dago eurak ere ikusteko eta dantzan jarraitzeko”.

Korpusak etxetik

Dantzarien bisita hauekin herriko haur guztiek korpusak gertutik bizitzeko aukera bermatzen du, baina badaude pertsonak etxetik jaso dituztenak korpus jaiak. Maite Irizar da horietako bat. Oñatin horren barrutik eta hainbesteko pasioz bizitzen ditun pertsona gutxi egongo dira. “Nire kasuan ume nintzela dantzariak etortzen ziren eguna oso berezia izaten zen. Gehienbat dantzariak etortzeaz gain kapitain modura aita etortzen zelako. Horrek harrotasun puntu bat ematen zidan eta inportante sentitzen nintzen. Gure garaian domekako arropak izaten genituen eta nik egun horretan domekako soinekoarekin joaten nintzen, kar,kar,kar! Egun inportantea baitzen!”.

Maite eta Jesus Irizar
Maite eta Jesus Irizar aita eskolara dantzara joandako bisita batean. Korpus, Oñati.

Dantzarien tresnak hartzeko borrokan ibiltzen dira haur asko, baina Maitek bazuen pribilegioa: “Akordatzen naiz arku-dantzako momentuan txapela kendu eta aitak niri ematen zidala. Niretzako oso etxeko giroa zen. Dantzariak ezagutzen nituen. Ikaskideentzat idoloak zirenak eskolara etortzen ziren eta nik denak ezagutzen nituen”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Umetako oroitzapen goxoak oso presente ditu eta gaur egun ere zoragarria iruditzen zaio ikustea umeek ze ilusiorekin jasotzen dituzten dantzariak. “Ze oihu eta txalo. Futbolari askok nahiko lukete tamaina horretako harrera eta animoak jasotzea. Oso polita da ikustea ze adi jarraitzen dituzten dantzariak eta ikustea nola imitatzen dituzten. Ikaragarria da arku-dantzaren bukaerako zurrunbiloan automatikoki ume denek nola dakiten erritmoari jarraituta nola egin behar duten txalo”.

Dantzari txiki urdina

“Niri mutiko mutikotan kazkaezurrean dantza sartu zitzaidan. Gurasoak ez dira dantzariak izan, baina niri ume umetatik gustatu. Halako batean erregeetako opari bat izan zen dantzari kapitainaren traje urdina” hasi zait kontatzen Julen Agirre (2001). Ordutik aurrera urtero korpus zapatuan janzten omen zuen eta goizeko 9:00etatik eguna bukatu arte dantzarien atzetik ibiltzen zen. Beti kapitainarekin egoten zela dio, orduan Julen Kortabarria zen. Dantzariekiko obsesioa hainbestekoa zen urte batean aita ia bazkaldu gabe utzi zuela. 13:00etan bukatu zen goizeko saioa eta aitak txikito bat hartzera joan nahi izan zuela dio. Etxera iritsi eta arropak kentzen ari zirela, 14:00etarako dantzariak dantzan hasi zirela entzun eta kalera atera behar izan zutela bazkaldu gabe. Txutxin errukitu egin omen zen: “Joxe etxera joan hadi eta ni geratuko nauk mutikoarekin”.

Julen Agirre
Julen Agirre mutikotan dantzari urdinez. Korpus, Oñati.

“Horrela ibiltzen nintzen urdinez jantzita alderik alde. Nik uste lehengotako umea izan nintzela Oñatin horrela janzten, baina egun ikusten dira neskatilak eta mutikoak. Gero, domeka arratsaldean ere irteten nintzen eta Txutxinek txapelak batzen eta arkuak banatzen ipintzen ninduen. Horretaz arduratzen nintzen. Nik uste dut lau urterekin oparitu zidatela trajea eta zortzi urtera arte edo ibili nintzela. Gero Txutxinek arkua oparitu zidan”. Trajea, arkua eta dantzako lehenengo zapatilak etxean koadroan sartuta dituela dio.

Julen Agirre
Julen Agirre mutikotan dantzari urdinez. Korpus, Oñati.

Oñatzen sei urterekin hasi zen Agirre, “gainera Julenekin, orduan kapitaina zenarekin. Niretzat zerua!”. Gogoratzen du lehen urtean Julen irakasleari nola galdetu zion ea noiz hasiko ziren Oñatiko dantzak ikasten eta, “hi mutikoa, itxoin pixka bat!”. Azkenean, 5. maila inguruan hasi ziren Haurren Egunetarako. Korpus-dantzak ikastea ez zitzaiola zaila egin dio, “ez dakit asko ikusita edo oso barneratuta neuzkalako edo, baina lehengusuak beti esaten du umetan ere dantza egiten nuela musika entzunda. Urratsak agian ez zirela guztiz balekoak izango, baina nondik norakoa banuela buruan”.

Korpusetan joan zen urtean dantzatu zuen lehen aldiz, ostiralez, baina badira urte batzuk korpusak barrutik bizi ditudala, bandan ere jotzen baitu. “Niretzat korpusak pasada bat dira, ume umetatik. Oraindik loa kentzen dit. Aurten zapatu goizean dantzatuko dut”. Umetan bezala orduan. “Hori da! Ea umeren bat dantzari jantzita albora etortzen zaidan”.

Badatoz belaunaldi berriak

Jon Irizar (Oñati, 1993) azken urteetan dantzan aritu da, baina gaur ez dabil zuriz.Urteak aurrera doaz eta beteranoak gara. Hanka erdi barruan dugu, baina bestea kanpoan. Hala ere, laguntzeko beharra egoten da. Atetik jendea dator bultzaka eta zeure lekua utzi beharra dago besteei. Beharra egonez gero joango ginen, baina jendea soberan dago eta lekua utzi behar”. Kepa Garcia (Oñati, 2004) da aurten lehen aldiz dantzatuko duenetako bat. Larunbat arratsaldean egingo du lehen aldiz. “Gogotsu gaude. Espero eguraldi ona egitea, zapatu arratsaldekoa gogorra izaten da eta. Hasiera batetik esan ziguten saiatuko zirela gazteenei ere parte hartzeko aukera ematen. Ez genekien ze egunetan, baina espero genuen dantzatzea. Momentuan urduritasunik ez, baina egun bertan agertuko dira”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
17 urteko dantzari gazteak baserrietako diru-batzea hasi aurretik. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Harrobiarekin sendo ari direla lanean ikusten da. Aurten oraindik ez dute dantzatuko, baina 17 urteko neska-mutil kuadrilla zuriz jantzita dabil. Eskoletako bisitak bukatuta, baserrietara joango dira diru-batzera. “Korpusetako dantzak ez, baina baserrietara goaz kaskainetak joz, aurten lehen aldiz. Aurten diferente ikusten dugu dena, gaur beste aldetik bizi dugu. Umetan dantzariak oso nagusi ikusten genituen, baina orain gu gaude leku horretan”.

Kapitaina, belaunaldiko azkena

Jon Irizar gaur laguntzen ari da, baina iluntzean kanpora doala lanera entzun dut.Pena, baina horrela tokatu da, batzuetan ezin da ezetzik esan. Horregatik egun hau libratu dut etortzeko. Pena handiena dut gure belaunaldiko azken dantzaria, kapitain ari den Mielok aurten dantzatuko du azkenengoz eta ez naizela hemen egongo bere azken dantzan”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Jon Irizar dantzari gazteei janzten laguntzen. Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Mikel Biain Mielori (Oñati, 1994) ez diot azken dantzaz galdetu, asteburu luzea baitu oraindik, baina ikastetxeetan urdinez jantzita dantzatzeak sortzen dionaz bai, ume askoren ametsa baita kapitain izatea. “Nik uste dut urdinak eta gorriak berdin ikusten nituela, baina pentsatu ere ez nuen egiten hona iristerik. Hasieran kapitainetan ez nuen atentziorik ipintzen, baina gure irakaslea Julen zen orduan eta ilusio gehiago egiten zigun zure maisua hor ikusteak”.

Oñati: Korpus 2023 Ikastetxeetako bisitak
Dantzariak ikastetxera, Korpus, Oñati, 2023-06-09. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Iruditzen zaio dantza taldean dabiltzan ume askorentzat beraien maisuak dantzan ikusteak ilusio berezi egiten duela, “ikusi ditut aurten nire ikasleak direnak niri begira, 8 urte dituzte eta beste era batera agurtzen zaituzte eta ezagutzen gaituztenez inportanteak sentitzen dira. Gelakideei esaten diete ni beraien irakaslea naizela. Eta norbera ere garrantzitsua sentitzen da dantzaria izanda eta urdina izanda da ba zeresanik ez”. Argi ikusten du ikastoletara joatea oso garrantzitsua dela transmisiorako. “Ikusten gaituzten momentuan dantzari izatearen ilusioa sortzen zaie. Bestela, ez lukete bisualizatuko horren errez dantzaria izatea zer den edo korpusetan zer egiten dugun. Kurtsoa irailean hasten delako, aste honetan hasiko balitz uste dut ume denak apuntatuko liratekeela dantzara.

Dokumentuaren akzioak

2023/06/21 17:02
Hainbat herritan euskal dantza gainbeheran sentitzen dugun garaiotan harrigarria gertatzen zaigu beste zenbait herritan, Oñatin hala-nola, zein osasuntsu eta oparo ari diren euskal dantzan. Horren atzean hainbatetan baldintza eta giro bereziak azpimarratzen dira: bakandutako herria, dantza-tradizio handikoa eta festa distiratsu bat duena, errepertorio zoragarri bat eta urte askotako lan sistematikoa, zuzendaritza zorrotz eta lantalde zabala tarteko direla. Baina Dantzan Ikasi topaketetan Maite Irizarrek beste zenbait gako agerian jarri zizkigun moduan oraingo Amaiurren kronika xehe honek beste zenbait gako bistarazi ditu. Aurretik aipatutakoekin bateragarri ezezik, osagarri direnak, alegia, elkar elikatzen dutela. Guzti hori kontuan hartu beharrekoa gertatzen da Oñatiko mirakulua izendatu dezakeguna azaltzeko orduan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.