Dokumentuaren akzioak
Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
Umeek festan parte hartu behar dute, baina dagokien lekuan eta garaian. Gaueko 3:00etan taberna umeen espazioa ez den bezala, herriko festetako egun handiko dantza ere ez da umeen lekua.
Azken aldian dena infantilizatzeko joera sumatzen dut, umeak helduen gauzak egiten jartzekoa, haurrak erdigunean jartzekoa. Eta iruditzen zait adin bakoitzak bere zereginak eta espazioak dituela, eta garaian garaikoa egite ezak badituela arriskuak.
Hainbat festa edo errituren bueltan gertatzen da: Inauterietan, Gau Beltzean, Gabonetan edo herriko festetako dantzetan. Kaosa eta zabarkeria oinarri behar duen errituetan umeak lerro zuzenetan desfilatzen jartzen ditugu mozorro panpoxekin, umeak izutu edo liluratu behar dituzten erraldoiak konprimitu eta haurrak beraiek bihurtu ditugu erraldoi, eta nagusien dantzetan umeak ari dira protagonismoa hartzen. Umeek hor egon behar dute, noski, baina bazterrean; garaia heltzen zaienean egin beharrekoa ikusten, ikasten, imitatzen.
Zestoan haurrak nagusi?
Azken urtetan Zestoako herriko festetan hiru dantzaurre edo soka-dantza egin ditugu: udalbatzarena, zahagi-dantzariena eta umeena. Udalbatzarena Ama Birjin egunean plazaratzen da eta urte horretan txupinazoa bota duena omendu eta sokara gonbidatzen da. Gaztetxoen dantzaurrea, berriz, Umeen Egunean dantzatzen da. Egun horretan 12 urteko gaztetxoek beraien egunerako txupinazo txikia botatzen dute eta jarraian zahagi-dantza eta dantzaurrea egiten dituzte.
Aurten, ordea, jaietako lehen egunak eta Umeen Egunak bat egin dute, beraz, festetako txupinazoa umeek botako dutela erabaki da Festa Batzordean. Niri, pertsonalki, ez zait egokia iruditzen. Umeek herriko festetako txupinazoa? Marka da gero, zer dela eta? Normalean omenaldi edo eskertzea merezi duen talde edo pertsonari ematen zaio txupinazoa botatzeko ohorea. Festa Batzordean, ordea, inor ez da atrebitu gurasoen proposamenari kontra egiten. Gurasoen badute indarra, edo umeena da boterea? Askotan umeen menpe gabiltzan irudipena dut.
Geureari begira, udalbatzaren dantzaurrean pentsatzen hasi nintzen. Orduan aurten nori dantzatuko diogu agurra, nor gonbidatu sokara? Alkateak herriko haurrei dantzan hastea umeen diktadurarako beste pauso bat litzateke. Bakarren bati ez zaio gaizki iruditu, "zergatik ez ba, zerbaitengatik bota behar dute txupinazoa, etorkizuna dira". Horixe da ba kontua, etorkizuna direla, berriro diot, garaian garaikoa. Umeek badute beraien txupinazo eta dantzarako eguna.
Duela gutxi elkarrizketatu nuen Pepi Arrospidek (Hernani, 1952) esandakoak etorri zaizkit gogora: "Gu desiratzen egoten ginen urteak kunplitzeko, halako lekuetara sartzeko edo halako gauzak egiten hasteko. Orain umetatik helduen gauzak egiten hasten dira. Horrela, arriskua ikusten dut umetan hasita gero ilusiorik ez izatekoa".
Azkenean bakoitzak berea
Udalbatzaren dantzaurreari bueltaka, nik garbi nuen haurrei ez zitzaiela dantzatu behar, eta ingurukoei proposatu nien aurten ez zegoela inori agurra dantzatu beharrik. Agurraren, ordez, dantzaurrean axeri-dantza edo abarketak dantzatzea proposatu nien udal ordezkariei.
Azken bi urteetan alkateak bakarrik dantzatu du, eta, aurten, sokan parte hartuko duten udal ordezkari guztiak animatu dira dantzara. Entsegu bakar batekin jaso dituzte axeri-dantza eta sueltorako oinarrizko pausuak, eta toreroen pare agertu dira plazara. Estanpa polita utzi digute, dantzariak sokan geldik eta agintariak dantzan.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Amaiur Aristi Arregi on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Haurrak, haurrak... on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Amaiur Aristi Arregi on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Xabier Etxabe on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Oier Araolaza on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
'Haurrak, haurrak' profil honetan ere jaso nituen Pepi Arrospideren adierazpenak (https://dantzan.eus/kidea/h[…]eak-agerian-hamaikagarrenez)
Dena den, duda eta kontraesana pizten zait hamabi urteko haurrak dantzaurrea eta abarketak dantzan jartzeko zure / zuen ekimenarekin, aurreko artikuluan jaso zenuenez (https://dantzan.eus/[…]/udalekuetara-dantza-mutilak). Adin eta dantza-molde egokiak ote diren...
Dakizunez, haurrekin euskal dantzan egin ohi den ibilbidean eraldaketa proposatzeko egitasmoa garatzen ari naiz (eraldaketa helburuetan, begiradan eta praktikan). Laster hasiko naiz bigarren fasearekin, eta lehenengo lana haurrekin euskal dantzako ibilbidea egiteko oinarrizko irizpideen dekalogoa osatzea izango da.
Dekalogoan lehenengo puntua hauxe izango da gutxi gora behera (zirriborroa): "Tradiziozko dantza, 'euskal dantza' osatzen duten koreografia, errepertorio eta protokoloak, ez dira haurren mundua".
Ez dituzte haurrek sortu, ezta haurrentzat ere. Helduen mundua dira, edo asko jota (kasu batzutan), gazteena. Haurrek ikus dezakete, bizi dezakete begien aurrean dutena, busti daitezke, blaitu, hortik edan... baina haurraren begiradatik ezin dute helduok bezala ulertu, ezta sentitu ere.
Soka-dantzak igaro errituaren zentzua izaten dute leku askotan eta gurean ere horri heldu nahi izan genion. Gaztetxoen edo haurren soka-dantzak ohikoak izan dira gurean. Ordizia eta Beasainen egiten dira, Hernanin ere bai duela gutxira arte, eta Donostian ere ageri zaizkigu irudi zaharrak. Zestoar baten testigantzetan ere kontatzen zen garai batean umeek sokan dantzatzen zutela. Dantzakerari dagokionez oinarrira jotzen dugu, xume-xume, adin horretako edonork dantzatzeko moduan. Dantza horiek eskolan, Gaztelekuan, udalekuetan eta aurreko eguneko entseguetan lantzen ditugu.