Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta

Dokumentuaren akzioak

Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta

2025/09/05 07:55
Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta

Mutikoak kirol udalekuetako dantzako saioan.

Dantza egin behar dutela entzun eta ukapena da lehenengo erantzuna. Gurasoek eta begiraleek badaezpada ez diete aurretik abisatu ere egin, baina ni ikusi orduko segituan igarri dute gaur dantza saioa dugula. Haserrea, protesta eta ihesa izan dira 8-9 urteko mutikoen erreakzioa.

Aurten bigarrengoz herriko kirol udalekuetan dantza saioa eskaintzeko eskaera egin digute, eta guk, bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa. Ia herriko ume guztiengana dantzaren bidez iristeko aukera bakarrenetakoa aprobetxatu beharra dago. Aurreko urteko esperientzia gogoan, hasieran kexa, baina segituan denak dantzan, barrez, gustura, zoratzen, gozatzen.

Dantza ez da gure kontua

Aurtengoa, ordea, bestelakoa izan da. Benetan beldurtu nau mutiko batzuen jarrerak. Mugimendu edo jolas bortitzetan ez bada, ez daude gustura; hortik kanpora deseroso sumatzen ditut eta ez dakite nola jokatu. Dantza ukatu eta gutxiesteaz aparte, dantza gelara sartu eta bertako materiala hartu dute (makilak, baloiak, pesak...) eta modu txarrean erabiltzen hasi dira, begiraleei kasurik egin gabe, ostikoak, bultzakadak... dira nagusi. Komunikazio berbalaren gogortasunak ere alerta piztu dit. Eta kaos horren erdian, ea ba nork jartzen dituen "basapiztiatxo" horiek dantzan.

Ze klaro... sistema etengabeko ahaleginean ari da, emakumeak, neskatilak ariketa fisikoa egitera, hau da, kirolera bultzatzeko, baina emakumeak dantzan ari dira, ariketa egiten dute eta kirolaren kode lehiakorrak eta askotan bortitza alde batera utzita, gainera. Mutiko eta gizonak, ordea, inork bultzatzen al ditu dantzara?

Gure aletxoa jarri nahian

Herriko festetan dantzatzen dugun zahagi-dantza amu polita da mutiko horiek dantzan jartzeko. Makilak hartu eta musikaren erritmoan lurra, lagunaren makila eta zahagia kolpatzea erakargarri zaie. Eta pixkana abarketekin hasi gara, oinarri-oinarrizko urratsekin. Azken-azken ostikoa, horixe da giltza. Lehia eta afana badago, denak kontentu. Asmoa da festetako dantzen oinarri batzuk ematea. 12 urterekin plazan dantzatzea egokitzen baitzaie, eta gutxienez, aire bat usainduta izan dezatela aurretik.

Udalekuak zahagi-dantza
Zahagi-dantzan kirol udalekuetan.

Eta gustura dabiltza, baina disimulatu egin behar dute. Sozialki, nola esan ba dantzan gozatzen dutela! Dantza nesken kontua da. Neskak, berriz, eroso. Beraien eremuan suelto, ezaguna zaie dena, gehienak dantza taldekoak baitira. Neskatoak kulturan dabiltza, dantza taldean ez ezik musika eskolan ari dira, herriko abesbatzan parte hartzen dute, antzerkian eta behin edo behin dantzako entsegu ordua aldatzeko eskatu didate irakurle taldeko saioa dutelako. Eta Gotzon Barandiaranek Kultura nerabeen bidelagun artikuluan nabarmentzen duen moduan haurrak kulturan hezteak hainbat onura dakartza: sozializazioa, komunikazioa, pertenentzia sentimendua, motibazioa, zoriontasuna... Eta mutikoak ez ditugu horra bultzatzen.

Neskak abesbatzan
Neskatoak herriko abesbatzakoekin kantuan. Argazkia: Danbolin

Atzo umeekin entsegua izan nuen, gaur zahagi-dantza eta dantzaurrea egingo baitute txupinazoaren ondoren; 14 neska eta 2 mutil. Dantzaz aparte txupinazoa, buruhandiak izatea (badakit gazteak direla baina horrela egiten dute)... tokatzen zaie, eta mutilek ezer ere ez dute nahi egin, ez dute parte hartuko. Eta 11 urteko neskatoak bota du: “Ez, dut ezer ulertzen, buruhandi ere ez? Hori da eta egunero egiten dutena, besteei jo eta jo. Hori edo futbola”.

Sozializatzeko dantza behar

Komunitate batek nekez funtzionatuko lukeela jokamoldeak bideratzen dituzten patroien markorik gabe eta horiek baliatzeko dugun gaitasunik gabe dio Egil Bakka-k. Jokamolde horietako bat dantza izan liteke, eta dantzan ez jakiteak komunitatetik kanpo geratzea dakar: "dantza desatsegina gerta dakioke. Komunikabideetan edo aretoan ikusi dituen mugimenduetako batzuk imitatzeko behar adinako auto-konfiantza izan ezean, oinarrizko gizarte-harremanetarako tresnarik gabe aurkituko baita".

Hori horrela, saiatu gara gaztetxoei plazan, festetan ohikoak diren dantza batzuk erakusten: fandango eta arin-arinaren oinarrizko urratsak, txapeloaz, borobila, zazpi-jauzi... Gero dantzarako eta gainerako herritarrekin harremantzeko gutxienezko balaibide batzuk izan ditzaten. Berez, ez dut uste, dantza taldeoi dagokionik lan horren zama. Hezkuntza Sistemak bermatu behar luke DBH bukatu duten ikasleek dantza jakin batzuk, gutxienez, jakitea. Haur hezkuntzatik hasi eta urtez urte oinarrizko errepertorio bat barneratzen joatea. Gai horrekin lotuta interesgarria da Julen Agirrek egin duen Master Amaierako Lana. Momentuz gure Hezkuntza sistemak ez du bermatzen halakorik, eta bitartean, dantza taldekoak saiatuko gara ahal duguna egiten; olatu eta korronte guztien aurka, gure txalupa txikian.

Eta beraien barne borrokak kudeatzen nahiko lan dituzten mutiko horiek orain ikusten ez badute ere, hemendik urte batzuetara konturatuko dira dantza harremanetarako laguntza ederra dela, batez ere parranda giroan. Festan dantzan dabilena dago erdigunean eta geldik dagoena bazterrean. Azken aldian igarri dut 20-25 urteko mutilak ohartu direla horretaz. Inoiz ez da berandu. Konturatu dira dantzan jakitea plusa dela eta ahaleginean dabiltza. Plazako erromerian ondoan jarri eta gu imitatzen saiatzen dira, "dantzan erakutsi behar diguzue!". Ausartenak baita plaza dantzetarako antolatu dugun ikastarora apuntatu ere. Eta pixkanaka, jai giroan behintzat, dantza prestigioa hartzen hasi dela esango nuke. Erromerien gorakada sumatzen den garai hauetan, dantzan jakiteak asko ematen baitu.

Dokumentuaren akzioak

2025/09/05 10:10
Bikain adierazi duzu panorama Amaiur. Artikulu bikaina agerian jartzen duena "Mutilazioa" deitzen dugun fenomenoa: nola erauzten dituzten mutilek gorputzetik dantza eta maskulinate toxikoarekin bateragarri jotzen ez diren ezaugarriak, berezko ditugun adierazpideak gorputzetik "mutilatuz" eta horrela beren identitatea "mutilduz".

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.