50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
Kandelario eguna eguzki goxoarekin esnatu da Donibane Lohizunen; udaberrian gaudela dirudi jada. Hartzak bai jakin noiz irten lozorrotik! Ilargiari begiratu eta beste pixka batean zulora sartzea erabaki du, baina igande eguzkitsua kaskarotekin dantzan igaro ondoren.
“Kaskaroten ateraldia da honakoa, Lapurdiko inauteria da. Duela 50 urte berriz piztu zen Donibane Lohizunen, gero etenaldia izan zuen eta duela bost urte berriz piztu genuen”, azaldu digu Pierre Latasa (Urruña, 1999) Begiraleak taldeko dantzariak. Aurten 21 gazte eta 30 bat beterano atera dira, izan ere, lehen aldiz atera ziren dantzari haiek gonbidatu dituzte.
Belaunaldien arteko lotura
“Duela 50 urte atera nintzelako naiz gaur ere hemen. Plazer handiz hartu dugu gazteen gonbita. Bizpahiru hilabete dira hasi ginela berriz oroitzen eta giroan sartzen eta hemen gara orduko denak elkarturik”, ilusioz dabil dantzan gazteekin batera Aña Mari Ondikola (1958). Oroitzen du Begiraleak taldean dantzari zirela eta orduan lehenbiziko mutxikoak ikasi zituztela euren maisu Betti Betelurekin, “horren inguruan Lapurdiko inauteriak ospatu genituen, baina bereziki mutxikoak dantzatzen genituela oroitzen naiz. Donibane Lohizunen eta Euskal Herri osoan ibiltzen ginen”.
Amets Irribarren (Ziburu, 2007) ere gustura da festa helduekin elkarbanatzeaz, “ongi pasatzen dugu, momentu goxoa pasatzen dugu lagunekin. Aurten lehen urtea da zaharragoak gurekin irteten direla eta irrigarria da. Beraiek kontent dira eta gure hala gara”. Bakoitzak bere aldetik prestatu dituztela dio dantzak eta gero denak batera bizpahiru errepika egin dituztela. Aurten taldearen 90 urteak ospatzen dituzte eta belaunaldi guztiak batuta dabiltza prestaketekin.
Maiatzean ospatuko dutela urteurrena dio Latasak: “Bi fasetan egingo dugu: lehenik, gela barneko ikuskizun bat gazteekin eta haurrekin eta, gero, dantzari guztiekin beste ikuskizun bat. Kasik 200 dantzari, kabalkadaren formatua izango du, baina antzerkirik gabe”.
Larunbat guztiak dantzarako hartuak dituela dio Ondikolak eta ez dantzarako bakarrik: kantua, dantza, antzerkia, jostun lanak... Aurten dantzarako gonbita jaso dute, baina taldearen bueltan dabiltza aurretik ere: “Donibane Lohizune txikia da, hor gabiltza euskararen munduan, ikastolan, dantza taldean... beti harremanetan gara”.
Gure dantzak gure herrian
Lapurdiko dantzak plazaratu dituzte, “bereziki Betti Betelu maisuak sortu zituenak, makil berria eta fandangoa esaterako. Horiez gain, soka-dantza, mutxikoak, fandangoa, arin-arina, bizar-dantza, eskotixa... Dantzariez gain makilariak ere baditugu”. Latasak dio etenaldi luzea egon zela inauterietan, baina dantzak ez direla inoiz galdu, ikuskizunetan eta ematen jarraitu baitute.
“Kaskarotak inauteri garaian galdu ziren. Udan, beste herrietara egindako ateraldietan egiten genituen eta duela bost urte gogoeta egin genuen: saltzen ditugu gure dantzak bezala, baina gure herrian beti beste zerbait egiten dugu edo inauteri garaian bederen ez ditugu atearazten”. Horri buelta eman nahian 2020an egin zuten ateraldia, gero pandemia etorri zen, 2023an berriz atera ziren eta aurreko urtean bertan behera gelditu zen euriagatik. Aurten ez dute aitzakiarik eta gogotsu hartu dituzte kaleak 50 urte eta gero atzoko eta gaurko kaskarotek.