Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez

Dokumentuaren akzioak

Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez

2025/09/09 08:30
Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez

Gaztetxoak herriko festetako txupinazoan, Zestoa. 2025-09-05. Argazkia: Danbolin

Umeek festan parte hartu behar dute, baina dagokien lekuan eta garaian. Gaueko 3:00etan taberna umeen espazioa ez den bezala, herriko festetako egun handiko dantza ere ez da umeen lekua.

Azken aldian dena infantilizatzeko joera sumatzen dut, umeak helduen gauzak egiten jartzekoa, haurrak erdigunean jartzekoa. Eta iruditzen zait adin bakoitzak bere zereginak eta espazioak dituela, eta garaian garaikoa egite ezak badituela arriskuak.

Hainbat festa edo errituren bueltan gertatzen da: Inauterietan, Gau Beltzean, Gabonetan edo herriko festetako dantzetan. Kaosa eta zabarkeria oinarri behar duen errituetan umeak lerro zuzenetan desfilatzen jartzen ditugu mozorro panpoxekin, umeak izutu edo liluratu behar dituzten erraldoiak konprimitu eta haurrak beraiek bihurtu ditugu erraldoi, eta nagusien dantzetan umeak ari dira protagonismoa hartzen. Umeek hor egon behar dute, noski, baina bazterrean; garaia heltzen zaienean egin beharrekoa ikusten, ikasten, imitatzen.

Haurrak festan
Haurrak festan, Zestoa. 2025-09-05. Argazkia: Danbolin

Zestoan haurrak nagusi?

Azken urtetan Zestoako herriko festetan hiru dantzaurre edo soka-dantza egin ditugu: udalbatzarena, zahagi-dantzariena eta umeena. Udalbatzarena Ama Birjin egunean plazaratzen da eta urte horretan txupinazoa bota duena omendu eta sokara gonbidatzen da. Gaztetxoen dantzaurrea, berriz, Umeen Egunean dantzatzen da. Egun horretan 12 urteko gaztetxoek beraien egunerako txupinazo txikia botatzen dute eta jarraian zahagi-dantza eta dantzaurrea egiten dituzte.

Aurten, ordea, jaietako lehen egunak eta Umeen Egunak bat egin dute, beraz, festetako txupinazoa umeek botako dutela erabaki da Festa Batzordean. Niri, pertsonalki, ez zait egokia iruditzen. Umeek herriko festetako txupinazoa? Marka da gero, zer dela eta? Normalean omenaldi edo eskertzea merezi duen talde edo pertsonari ematen zaio txupinazoa botatzeko ohorea. Festa Batzordean, ordea, inor ez da atrebitu gurasoen proposamenari kontra egiten. Gurasoen badute indarra, edo umeena da boterea? Askotan umeen menpe gabiltzan irudipena dut.

Gaztetxoen dantzaurrea
Gaztetxoak dantzaurrean, Zestoa. 2025-09-05. Argazkia: Danbolin

Geureari begira, udalbatzaren dantzaurrean pentsatzen hasi nintzen. Orduan aurten nori dantzatuko diogu agurra, nor gonbidatu sokara? Alkateak herriko haurrei dantzan hastea umeen diktadurarako beste pauso bat litzateke. Bakarren bati ez zaio gaizki iruditu, "zergatik ez ba, zerbaitengatik bota behar dute txupinazoa, etorkizuna dira". Horixe da ba kontua, etorkizuna direla, berriro diot, garaian garaikoa. Umeek badute beraien txupinazo eta dantzarako eguna.

Duela gutxi elkarrizketatu nuen Pepi Arrospidek (Hernani, 1952) esandakoak etorri zaizkit gogora: "Gu desiratzen egoten ginen urteak kunplitzeko, halako lekuetara sartzeko edo halako gauzak egiten hasteko. Orain umetatik helduen gauzak egiten hasten dira. Horrela, arriskua ikusten dut umetan hasita gero ilusiorik ez izatekoa".

Azkenean bakoitzak berea

Udalbatzaren dantzaurreari bueltaka, nik garbi nuen haurrei ez zitzaiela dantzatu behar, eta ingurukoei proposatu nien aurten ez zegoela inori agurra dantzatu beharrik. Agurraren, ordez, dantzaurrean axeri-dantza edo abarketak dantzatzea proposatu nien udal ordezkariei.

Zestoa udal ordezkariak dantzan
Zestoako udal ordezkariak dantzaurrean, Zestoa. 2025-09-08. Argazkia: Danbolin

Azken bi urteetan alkateak bakarrik dantzatu du, eta, aurten, sokan parte hartuko duten udal ordezkari guztiak animatu dira dantzara. Entsegu bakar batekin jaso dituzte axeri-dantza eta sueltorako oinarrizko pausuak, eta toreroen pare agertu dira plazara. Estanpa polita utzi digute, dantzariak sokan geldik eta agintariak dantzan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.