Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Pepi Arrospide: "Batzuetan pentsatzen dugu ongi egoteko gimnasiora joan behar dela, baina euskal dantzak hori dena ematen dizu"

Dokumentuaren akzioak

Pepi Arrospide: "Batzuetan pentsatzen dugu ongi egoteko gimnasiora joan behar dela, baina euskal dantzak hori dena ematen dizu"

2025/05/09 11:45
Pepi Arrospide: "Batzuetan pentsatzen dugu ongi egoteko gimnasiora joan behar dela, baina euskal dantzak hori dena ematen dizu"

Pepi Arrospide, Hernani, 2025-05-06. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan

Biteri Kultur Etxean egin dugu zita Pepi Arrospiderekin (Hernani, 1952). Izaskun Auzmendirekin (Arribe, 1964) agertu da, biak San Joan konpartsako kideak. Telefonoa. Auzmendirena da, hizketan hasi da, baina Arrospide adi-adi dago. Ia sartu da telefonora bera ere. Segituan pentsatu dut asteburu honetako Dantzari Festaren bueltako deia izango zela. Igandekoa aitzakia besterik ez dela esan diet, dantzaren inguruan bizi eta esateko dituztenak interesatzen zaizkidala gehienbat. Auzmendi ere hasierako minutuetan mahai-bueltan gurekin eseri da, baina presaka alde egin du. Buru-belarri dabiltza Dantzari Festarekin, baina itxura hartu diet urte osoan horrela ibiltzen direla biak.

Pepi Arrospide
Izaskun Auzmendi eta Pepi Arrospide kameran, Hernani, 2025-05-06. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

[Nik lehen galdera egin baino lehen Arrospide bera aurreratu zait]
Hasiko naiz esplikatzen nola hasi ginen Dantzari Festarekin?

Ados.
Aurten 27. urtea dugu, baina urte gehiago dira hasi ginela, Covidagatik etena egon baitzen. Jai Batzordeko bilera batean ginen sanjoanetako festa prestatzen, eta Luis Parrondok esan zidan nirekin hitz egin behar zuela. Hura dantza munduan ibiltzen zen, Kriskitina dantza taldekoa zen. Hasieran ez nion aurrerapen handirik eman, San Joan konpartsarekin antolatzen genituen beste ekintzekin nahiko lan baikenuen. Urte hartan Oñatin EDBk Dantzari Eguna antolatzen zuen eta han topatu ginen berriro. Han berotu ginen. Eta hasi ginen jakin gabe zertan sartzen ari ginen.

Eta oraindik jarraitzen duzue.
Hernanin inplikatzen da herria, bai tailerrak, bai dendariak, bai tabernariak. Ekitaldi hau aurrera eramateko laguntza handia dugu eta horri esker jarraitzen dugu. Hasieran zortzi talde ekartzen genituen, herriko Ttarla dantza taldea barne. Pixkanaka-pixkanaka hasi ginen talde gehiago ekartzen eta jaia zabaltzen auzoetara. Aurten hamazortzi talde datoz; urteren batean 25 talde ere etorri izan dira. Imajinatu ze lan dakarren kopuru horrek. Urte batzuetan udalarekin arazoak ere izan genituen; behin diru-laguntza erdira jaitsi ziguten, beste batean oholtza ez ziguten jarri nahi izan... Kalamidadeak ere pasa ditugu, baina azken aldian ez ditugu oztopo horiek eta ongi gabiltza. Beti esaten dut hau aurrera ateratzen baldin bada da, inguruan dagoen jendeagatik; San Juan konpartsaren bueltan beti dago jendea lanerako prest.  

Hernaniko Dantzari Festa
Dantzari Festa, Hernani, 2023-05-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

San Joan konpartsa nola hasi zen edo zer da?
Sanjoanetako konpartsarekin hasi ginen gu, hortik dator taldearen izena. Hasieran egiten genuen ekintza bakarra sanjoanetan zen, ekaina 27an, arratsaldeko 18:30ean ateratzen ginen konpartsarekin desfilean, karrozarekin dantzan, antzezten...  Urtero gai bat aukeratzen dugu eta gero liburu batean esplikatzen dugu.
San Joan konpartsa
Urtero, ekainaren 27an, Hernanirekin zerikusia duen gertakariren bat irudikatzen du San Joan konpartsak.

Baina hori hasiera besterik ez zen izan, ez?
Orain urte osoan zehar dantza ikastaroak ematen ditugu eta hilabetero erromeria antolatzen dugu, bigarren larunbatetan, goizean kantuan ibiltzen gara kalez kale, eta arratsaldean dantzan. Urte hasieran Santa Agedako taldearekin parte hartzen dugu, kaldereroak, inauteriak... orain Dantzari Festarekin gabiltza. Segituan sanjoanetako konpartsa eta kantaita, irailean Euskal Jaia eta gero abenduan santomasak. Donostian baino aste bete lehenago ospatzen dugu eta Urte Zahar egunean ere atera izan gara kantuan.

Hilero antolatzen duzuela erromeria diozu. Azkenaldian plazako dantzen goraldia edo sumatzen dela esan daiteke?
Itzalita egon dira urte askoan, baina nik uste badela denbora indartzen ari direla, bestela ez ginen ibiliko hainbeste urte erromeriarekin. Guk pasatzen ditugu abisuak eta jendea azaldu egiten da. Norbaiti entzuten badiot aspertu egiten dela, berak nahi duelako izango dela erantzuten diot. Larunbatero hainbat herritan erromeriak daude, igandeetan zer esanik ez. Esan nahi dudana da dantzatu nahi baduzu, dantzatu ahal duzu, joan edozein herritara, eta dantzatu. Hemendik ez oso urruti Donostian, Lezon, Errenterian... denean dago aukera.

San Joan konpartsa
Hilero, bigarren larunbatetan, erromeria antolatzen du San Joan konpartsak.

Ikusten dugu dantza zure bizitzaren parte garrantzitsua dela, baina nola hasi zinen?
Nire ama oso dantzaria zen. Igandeetan plazan bandak jotzen zuen, eta dantzara joaten nintzen amarekin igandero. Txistulariak ere ateratzen ziren, baina batzuek txistulariak boikotatu egiten zituzten, euskaldunak zirelako edo. Jendeak nahiagoko zuen pasodobleak edo tangoa dantzatu, ez dakit. Amarekin helduan dantzatzen nuela gogoratzen dut. Orduan 11 urte edo edukiko nituen.

Eta lotuan dantzatzeko debekurik ez al duzu ezagutu?
Bai, baina amarekin dantzatzeko ez zen arazorik. Gerora gizonekin dantzatzerakoan, eskua jartzen genien. Bai, bai, hori gure garaian ere izaten zen. Askotan ematen du horrelakoak oso aspaldian izaten zirela, baina guk hori dena bizi dugu. Adibidez, bi mutil etorri eta "dantzatuko duzu faborez" eskatzen ziguten. Eta hor jokoa hasten zen: eskua heldu lagunari, edo etorri den mutilari, gustatu zaizun edo ez, norekin zer dantzatu...

Pepi Arrospide
Pepi Arrospide eta Amaiur Aristi, Hernani, 2025-05-06. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Dantza sozializatzeko modua zen orduan, ezta?
Bai, garbi. Baita ligatzekoa ere. Eta orain ere dantzaren bidez sozializatzen naiz, baina beste era batera. Lagun asko egin ditut dantzari esker, joaten zara herri batera eta ezagutzen duzu bat, ezagutzen duzu bestea eta erromeriatan azkenean gero denak ezagunak gara. Harremanak egiteko modu bat da. Gure adinean bakardade asko dagoela ikusten dut. Badago jende bat gure ikastaroetara dantzara etortzen dena, baina baita ere hitz egingo du albokoarekin eta gero joango gara denok zerbait hartzera, eta jarraituko dugu hitz egiten. Sozializatzeaz gain, psikomotrizitatea lantzen duzu eta memoria. Ekilibrioa ere landu behar duzu. Batzuetan pentsatzen dugu ongi egoteko gimnasiora joan behar dela edo ez dakit zer ariketa egin behar direla, baina euskal dantzak hori dena ematen dizu.

Plazan hasi zinen dantzan eta plazako dantzetan jarraitzen duzu.  Garai batean plazan ikasten zen dantzan, baina hori asko galdu da, hala?
Garai batean dantzan jakin edo ez jakin, dantzan egiten zen. Dantzan ikasi behar baldin bazenuen, fandangoa edo hasten zen eta ondokoari begiratzen zenion eta ea hark nola egiten zuen gutxi gorabehera ikusi eta jarraitu. Zuk ematen zenion zure estiloa lehen, orain denok berdin dantzatzen dugu. Garai hartan kaletik kalera ere fandangoa eta arin-arina dantzatzeko era desberdina zen. Baina orain edo joan behar naiz talde batera ikastera, edo bestela jendea lotsatu egiten da plazan dantzatzera.

San Joan konpartsa
San Joan konpartsak urtean zehar ikastaroak eskaintzen ditu.

Eta plazatik aparte dantza talderen batean ibili izan zara?
Bai, Irungo Meakan. Konpartsaren bueltan, Irunen bazela oso mugituak ziren talde bat esan ziguten, deitu eta laguntzera etorri zitzaizkigun. Hor harremana hasi eta esan ziguten ea zergatik ez ginen Meakara joaten. Haiekin aktuazio asko egin genituen Argentinan, Txilen, Bartzelonan... ere ibili ginen. 10 urtean edo ibili nintzen eta oso gustura, baina plazan dantzatzea gehiago gustatzen zait.

Zergatik?
Beste lasaitasun bat. Oholtza gainean egoteak beste tentsio bat du. Beste mundu bat da, ez da txarra,  beste estilo bat da. Niri ez zait gustatzen urte osoan prestatzen egotea, gero emanaldi bat emateko. Ni naiz plaza, dantza, gozatu, lagunak egin, hitz egin denekin, barre egin, gure kulturaren parte sentitu... Dantzan jakin edo ez, plazara joan behar da gozatzera. Euskal dantza egiten dut gustatzen zaidalako eta gurea delako. Ez nago besteen kontra, Dantzatu behar badut zumba, hori ere egingo dut, baina zerbait bultzatu eta erakutsi behar baldin badut niria erakutsiko dut.

Pepi Arrospide
Pepi Arrospide eta Amaiur Aristi, Hernani, 2025-05-06. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Hernanin horrenbeste talde, ekintza, jai... neu pixka bat kokatzeko, loturarik baduzue Ttarla dantza taldearekin?
Bi talde desberdinak gara, nahiz eta harremana eta elkarlana egon. Gu, adibidez, umeekin eta ez gara ibiltzen. Meritu handia ematen diet, kristoren lana egiten dute; 100 umetik gora ari dira dantzan. Gurera ere hurbildu izan dira gurasoak haurrekin, baina txikiak baldin badira Ttarlara bideratzen ditut. Umeek umeekin aritu behar dutela iruditzen zait. Azken aldian ikusten dut umeak nahi ditugula denean sartu, eta ez da normala hori. Lehen, adibidez, ekainaren 23an suaren inguruan aurreskua dantzatzeko 18 urte behar izaten ziren. Orain berdin du adinak. Akelarrean berdin. Akelarrea helduena da eta ez umeena. Gu desiratzen egoten ginen urteak kunplitzeko, halako lekuetara sartzeko edo halako gauzak egiten hasteko. Orain umetatik helduen gauzak egiten hasten dira. Horrela, arriskua ikusten dut umetan hasita gero ilusiorik ez izatekoa.

Urte pila batean Hernanin haurren aurreskua dantzatu izan da oker ez banago. Azken urteetan, ordea, ez ezta?
Hori da, Carlos Sanchiz-ek erakusten zuen eta jubilatu zenean inork ez du hartu erreleboa. Nik haurra nintzela ez nuen ezagutu, auzo batekoa bainaiz eta sanjoanetan ez genuen ohiturarik herrira igotzekoa. Jon senarrak bai, baita dantzatu ere, bera kalekoa baita. Sokako aurresku hura galdu da, orain txapelketetakoak jarraitzen du.

Pepi Arrospide
Pepi Arrospide eta Amaiur Aristi Iraultza dantza taldearen jantzi erakusketan, Hernani, 2025-05-06. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Txapelketak aipatu dituzula, ze iritzi duzu?
Ni ez nago ados txapelketekin. Besoak gehiago altxatzen dituzte, ematen du sagarrak hartzen ari direla, eta Bizkaiko norbait etortzen bada Hernanira ez du inoiz irabaziko. Trajeei dagokionez ere, garai batean orkatilaraino izaten ziren emakumeen gonak, baina txapelketan juradoak hankak ikusi behar ditu, eta orduan gonak moztu dira. Gero jendeak hori hartzen du eredutzat. Niri kontu horiek errespetu handia ematen didate, ze askotan ez gara kontziente. Informatu egin behar gara.

Orain dela bost urte, gogoratzen naiz zurekin telefonoz hitz egin nuela. Pandemia zela eta Dantzari Festa atzeratu behar izan zenuten eta bizitzen ari zineten egoeraren inguruan aritu ginen. Artikuluan honela jaso nuen: “Gu ez gaude geldirik egoteko, asko gozatzen dugu dantzan eta egiten ditugun harremanak ederrak dira”. Ikusten dut bide beretik jarraitzen duzula.
Klaro, klaro, oso garbi. Bizitza ematen dit dantzak. Hernaniko txistulari batek esan zidan behin "emakume hau trenaren soinuarekin ere dantzan hasiko da". Behin edo behin omenaldiren bat egin beharko didatela ere aipatu izan didate. Niri ez zaizkit gustatzen horrelako gauzak, niretzako omenaldi hoberena da taldean lanean jarraitzea. Niretzako inportanteena da jarraipena ematea. Eta nik, printzipioz, jarraituko dut. Posible baldin badugu, ba aurrera.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.