Handikien aurrean dantzan
Inazio Alberdi zestoarrak (1930), gazteak zirela, Varela Jeneralari dantzatu ziotela dio: “Ni “dantzari txikia” izandakoa naiz, Pujanak erakutsi zigun dantzan. Behin Jeneral Varela, ejertzitoko ministro izandakoaren aurrean dantzatu genuen Bainuetxean. Alkateak, afaritara gonbidatu zuen eta ondoren guk dantza egin genion”. Urte batzuk lehenagoko argazki batean, Inazio Alberdiren antzera, beste mutiko batzuk antzeko egoeran ageri dira. Bainuetxeko sarreran, dantzari-txikiak, dantzarako prest ageri zaizkigu uztaiekin. Badirudi, pertsona garrantzitsuren bat iritsi zain edo daudela.
ABC egunkariko 1929ko uztailaren 17ko aleko Gipuzkoa atalean ere ikus daiteke Bainuetxera etortzen ziren pertsona garrantzitsuei dantza egiteko joera. Albistearen arabera, atzerriko medikuen eta nazioko medikuen espedizioa Zestoara iritsi zen. Izugarrizko harrera egin omen zieten, koheteekin eta musikarekin. Bainuetxea bisitatu eta konferentziaren ondoren saloian afaldu zuten medikuek. Bukaeran, aurreskua dantzatu zuten dantzariek, medikuek ere oso gustura hartu omen zuten parte dantzan.