Emakumeek dantza-jauziak dantzatzearen alde bozkatu dute Luzaiden
150 lagun inguruk parte hartu du Luzaideko Bolanten batzordeak martxoaren 24an, 25ean eta 26an egindako galdeketan. Horietatik %75ek baiezkoaz erantzun dio egindako lehen galderari: "Mutilek egiten duten bezala, neskek dantza taldean parte hartzearen alde zaude?". Iritzia eman dutenen %20k ezetz erantzun dio galderari eta %5 balio gabekoak izan dira.
Baietz diote, beraz, luzaidarrek, neskek orain arte Bolant Egunean dantzatu ez dituzten dantzak, dantza-jauziak ere egin beharko lituzketela. Taldeko neskek dantza horiek herritik kanpo dagoeneko dantzatzen dituzte, baina Pazko igandez ospatzen den Luzaideko festa handian bazterrean izaten dira gizonezkoei begira dantza horietan.
Neskek jauziak dantzatuz gero nola jantzita egin beharko luketen ere galdetu du Bolanten batzordeak. Galdeketan jasotako erantzunen %65ek gaur egun neskek darabilten jantzia (gerruntzea eta gonarekin) erabili beharko luketela diote, %18ek mutilek darabilten jantzi berbera (petxera eta xingolaz apaindutako alkondara eta prakak) erabiliko beharko luketela neskek, eta %17k diote beste jantzi bat asmatu beharko litzatekeela neskentzat.
Nexkatoak 1968tik
Miguel Angel Sagasetak jasota duenez, emakumeak, Nexkatoak izeneko taldean, 1968tik ari dira parte hartzen Luzaideko bolant festan. Kontra-dantzetan eta dantza-luzian parte hartu behar zuten neskak ziren hasieran. Lehen urte horietan dozena bat inguru izaten omen ziren, kontra-dantzetan behar ziren kopurua zehazki.
Emakumeen jantziaren bilakaera
Sagasetak jaso duenez, 1968an sortu zen Nexatoen jantzia, hain zuzen ere kontra-dantzak modu formalean ematen hasi ziren urte berean. Horretarako emakumeen jantzia Jose Migel Esparza lesakarrak diseinatu zuen Jabier Sanzberro Luzaideko erretore izandakoaren enkarguz.
Nexkatoen jantzia 1978 inguruan aldatu zen. Gona zuriak ordezkatu zituen aurreko gona grix eta beixak. Gona zuri hau aurrekoak baino luzeagoa da, ia orkatileraino iristen baita, eta bi xingolaz apainduta ageri da inguru osoan, gorria goian eta berdea azpian. Txapin beltzen ordez espartinak daramatzate, hauek ere xingola gorri eta berdez apainduak. Zetazko zapia desagertu egin da.