Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri galdeketa izanen da Luzaideko Bolantetan nesken parte hartzeaz

Dokumentuaren akzioak

Herri galdeketa izanen da Luzaideko Bolantetan nesken parte hartzeaz

Luzaideko Bolanten batzordeak dantza emanaldietan nesken parte hartzeaz herri galdeketa bat antolatuko du martxoaren 24, 25 eta 26ean. Orain arte, tradizioak neskek zortzi dantzetan bakarrik dantzatzea aurreikusten zuen.

Egilea
Iurre Bidegain
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2016/03/13
Lotura
Kazeta

"Mutilek egiten duten bezala, neskek dantza taldean parte hartzearen alde zaude? Hala bada, nola jantzita? Zein pertsonaia ordezkatu beharko lukete?". Galdera horien bidez, Luzaideko Bolanten batzordeak herri galdeketa bat antolatuko du gaiari buruzko iritzia jakiteko. Kontsulta martxoaren 24, 25 eta 26ean iraganen da; Luzaiden erroldatuak eta dantza taldean parte hartzen duten edo zuten pertsonei zuzenduko zaie. Dantzari talde honek bere ikusgarria Pazkoko igandean eskaini ohi du; aurten ekimena martxoaren 27an iraganen da.

Azken urte hauetan Luzaideko Bolanten dantza taldeko parte hartzaile gehienak neskak direla ohartu da batzordea. "Horrez gain, dantza batzuk eskaintzeko ezin ditugu taldeak sortu mutilen kopurua eskasa delako", azaldu du batzordeko kide den Jon Arrikaberrik; "Kontradantzen" kasua da.

Halaber, taldeak Luzaidetik kanpo antolatzen dituen ikusgarriak "nesken parte hartzeari esker burutzen" direla ohartarazten du. "Herritik kanpo neskek dantzatzeak arazorik sortzen ez duen bezala, herrian ere berdin gertatu beharko litzateke", erantsi du.

Borondateari erantzun

Neska luzaidar anitzek mutilek egiten duten gisara, dantza gehiagotan parte hartzeko nahia adierazi dute. Batzordeak eskaera horri erantzun bat eman nahi dio; mutikoen kopuru apaltzeari aterabide bat atzemateko, baina baita bi generoen arteko parekidetasuna lortzeko ere. "Gaur egun, bolante mutil gehiago bagenitu, [nesken] borondate hori kontutan hartuko genuke. Ez dakit nola gertatuko litzatekeen baina aterabide bat atzemanen genuke", aipatu du.

Galdera "argi" eta "zuzenen" bidez, batzordeak galdeketan ahalik eta pertsona gehien parte hartzea nahi du. "Eragina garrantzitsua da bolanteek kultura hobekien irudikatzen dutelako", adierazi du kideak. Galderei erantzuteaz gain, taldeak jendeak beren iritzia plazaratzea nahi du; horretarako gutunontzi bat jarriko du. 

Galdeketari buruz iritzi kontrajarri asko agertu dira eta batez ere nork parte hartu behar duen eztabaidatu da; gaur egun, Luzaiden erroldatuak ez diren dantzari asko daudelako. Batzordeak galdeketan agertuko den emaitza heldu den urteko emanaldiarentzat hartuko du kontutan.

Dantza kopuruari dagokionez, neskek mutikoek dituzten eskubide berak izango balituzte horrek mugarri bat irudikatuko luke. "Tradizioak bizitzen ditugun garaiei eta egoerei egokitu behar dira. Nafarroako beste hainbeste kulturentzat sostengu bat izan gaitezke; haiek ere ohartu daitezke ohiturak aldatzean eta erabaki hori errespetatzean ez dela ezer gertatzen", azpimarratu du luzaidarrak. 

Oroitarazi behar da, 2011n, Elizondoko besten karietara dantzari talde batek "Mutil-dantza" eskaini zuela herriko plazan. Parte hartzaileen artean lau emazte zeuden; horien artean garai hartako auzapeza zen Garbiñe Elizegi. Neska horiek presente egoteak eztabaida handia sortu zuen; auzapezak nahi zuen guziak parte hartu zezakeela nabarmendu zuen orduan. Agian, Luzaideko Bolanten desmartxa honek ateak idekiko dizkie tradizio batzuk mutilei mugatu nahi dizkieten adimenei.

Fjzontueeywc-grcziicpnv_0gpfkrln5idj9qcvyi_bllrffqcpzzk4-__hben5cesc6q_w1372-h585

Batzordeak heldu den urteko emanaldiarentzat hartuko du kontutan galdeketan agertuko den emaitza. ©Amaia Luro

Dokumentuaren akzioak