Potxuak, XX. mende hasieran Ameriketan aurreskua dantzatzen zuten emakume lekeitiarrak
Gabonen hasieran, lekeitiar emakumeek dantzatutako aurreskuarekin hasten zen Boiseko Artzaien Dantzaldia 1930eko hamarkadan. 1940an, Lucy Aboitizek Idahoko lehen dantza-taldea sortu zuen Lekeitioko beste emakume batzuekin batera. Koldo San Sebastianek Euskonewsen argitaratutako artikuluaren bidez izan dugu dugu Idahoko Sheepherders Ball-ean Potxuek dantzatzen zuten aurreskuaren berri.
Boisen bakarrik, 40 lekeitiar emakume ezkondu ziren 1896 eta 1924 bitartean. Lekeition emakume gazteari esaten zaio potxu, eta ezaguna zen kontutarako eta dantzarako zuten grina. Potxu gehienek hoteletan eta ostatuetan egin zuten lan, eta hango jabeekin ezkondu ziren asko. Negozioen jabe bihurtu ziren emakume haietako batzuk, alargundutakoan. Euskaldunen sozializazio-gune ziren ostatuok, eta han egiten ziren jai-egun apurretako dantzaldiak.
Lucy Aboitizek (Garatea ezkontza-abizenez) gorpuzten du potxuaren irudia. Boiseko Idaho Statesman egunkariko 1922ko otsaileko albiste batek jasotzen du Boiseko amerikartze eskolako jaialdi bateko dantzaldia. Han aritu zen Lucy Aboitiz, bere lagun Felisa Gamecho, Karmen Lizundia (Munitibarrekoa) eta Maria Uberuagarekin batera, jota eta porruslada dantzatzen. Julian Ezenarrok lagundu zien gitarrarekin eta Lizundiak panderoarekin. Gerora, Emmett herrian Idahoko lehen dantza-taldea eratu zuen 1940an, beste zenbait emakume lekeitiarrekin batera. Lekeitiko batzokian eta erromerietan ikasitakoa baliatu zuten errepertorioa osatzeko.
Informazio horrek gogora dakarkigu Santurtzin 1921ean emakumeek egindako aurreskua edo soka-dantza. XX. mende hasieran emakumeak aurreskuetan protagonista aritzen zen garaiko irudiak.
Ameriketako Estatu Batuetarako euskal emigrazioan funtsezko aldaketa izan zen emakumeak ere emigratzen hastea. XIX. mende bukaera arte, oro har, Euskal Herrira itzultzeko joera izaten zuten gizonek. XX. mendean zehar, ordea, bizimodua aurrera atera beharragatik, emakume asko hasi ziren joaten Ameriketako Estatu Batuetara. Zenbait kasutan, aurretik lotutako ezkontzen bidez bidaiatzen zuten. Gisa horretan, diasporan familiak eratzen hasi ziren Lekeitiotik, Ondarroatik edota Elantxobetik joandako emakumeekin.