Genero bereizketarik gabe dantzatu dute Monteagudoko paloteadoan
Monteagudoko paloteadoan ez da bereizketarik egin neska-mutilek osatutako dantzari taldean. Orain dela hamar bat urte hasi ziren emakumeak paloteadoko dantzetan parte hartzen, baina emakumeak eta gizonak bi taldetan banatuta edo arropa ezberdinekin dantzatu izan dute orain arte. Aurtengo San Roke egunean aurkeztu duten paloteadoan hamasei dantzari igo dira oholtzara. Zortzikote batekin edo birekin dantzak taularatuz, denak berdin jantzita, inolako bereizketarik gabe.
Parekidetasuna Usurbildik Monteagudora
Monteagudoko dantzariek Usurbilen atera zuten lehendabizikoz bereizketarik gabeko taldea, apirilean egin zen Dantzari Egunean. Iñigo Castellano dantza-maisua Monteagudoko dantzariei laguntzen aritzen da eta berak proposatu zien dantzari guztiak arropa berdinekin kaleratzeko ideia.
Usurbilen inongo arazorik gabe atera ziren, baina beraien herrian horrela ateratzeko asmoak kezka sortu zuen taldean. Dantzariek bozketa egin zuten eta talde parekidea aurkezteko aukerak irabazi zuen. Dantzarien erabakiaren berri izanda eztabaidak izan dira herrian, udalak bilera bat deitu zuen eta hainbat ikuspuntu jarri ziren mahai gainean. Azkenean, dantzariek hasieratik erabaki zuten moduan atera dira, bereiztu gabe.
Paloteadoaren amaieran aldaketaren zergatia azaldu dute bertso bidez; oso txalotuak izan dira bertsoak. Hamar paloteado baino gehiago direla neskek dantzatzen dutela eta aurten denak jantzi berdinak soinean irten direla azaldu dute; eta hemendik aurrera beti horrela dantzatuko dutela, berdintasuna babesten dutela argi gera dadin.
Desde hace mas de diez paloteaos
Las chicas aquí están bailando
Y hoy ha sido la primera vez
Que los mismos trajes todos han llevado
Pues a partir de este año
Siempre iguales bailarán
Pa que quede siempre claro
Que apoyamos la igualdad
Hemen duzue paloteado osoa jasotzen duen bideoa: