Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Emakume bat lehen aldiz dantzari-dantzan San Pedro egunean Berrizen

Dokumentuaren akzioak

Emakume bat lehen aldiz dantzari-dantzan San Pedro egunean Berrizen

2019/06/30 11:55
Emakume bat lehen aldiz dantzari-dantzan San Pedro egunean Berrizen

Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Dantzari-dantzak izenaren zentzu osoa hartu du Berrizen, emakumeek ezpata-dantzan parte hartuz, soilik gizonezkoek egiten zuten dantza izatetik dantzarien dantza izatera pasa baita. Egun handia Berrizen, San Pedro eguna, eta aspaldiko tradizioa bizirik, zortzi ezpata-dantzarik ohiko dantzen erakustaldia egin dute herritarren aurrean.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Txistularia aurretik, lantza eskuan zeraman alkateak eta udal-batzako ordezkariek lagunduta iritsi dira plazara ezpata-dantzariak, eta bertan ohiko errepertorioa eskaini dute: agintariena, zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, binangoa, ezpata joko nagusia, launangoa, makil jokoa eta txontxongiloa. Hauspoa hartu eta eztarria freskatzeko atseden txiki bat egin eta erregelak, durangaldeko soka-dantza dantzatu dute ezpata-dantzariek.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Ezpata-dantzarien herria

Berriz dantzari tradizio handiko herria da. XX. mende hasieran ospe handia izan zuten Berrizko ezpata-dantzariek eta haien dantzakera ikusgarriak erakarrita Euskal Herriko hainbat festatan eta baita atzerrian ere (Londres, Sevilla, Paris...) dantzatu zuten beren herriko dantzari-dantza berezia. 1920ko hamarkadan Manuel Intxaustik filmatu zituen dantzen artean ere dira Berrizko ezpata-dantzariak, hain zuzen gaur egun dantzatzen duten plaza berean. Amezua familiako txistulariak, Patxiko gaitzizenarekin ezagutuak izan ziren garai hartako dantzari talde haien musikari eta gidariak. 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

XX. mendearen bigarren zatian Alejandro Aldekoa dantza-maisu eta txistularia nabarmendu da dantzari-dantzaren tradizioa zorrotz eta ikusgarri transmititzen, eta Aldekoarekin batera dantzatutako eta baita berarekin ikasitako dantzari belaunaldi bikainek Berrizko ezpata-dantzarien ospea handitzen jarraitu dute. Gaur egun Alejandron seme Germanek, Jon anaiak lagunduta, ematen diote segida Berrizko dantzari-dantzari txistulari lanetan. Bi dantza talde dira gaur Berrizen, Iremiñe eta berriki Ingalaterran izan diren San Lorentzoko dantzariak

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Urtean zehar Berrizko hainbat auzo eta ermitatan egiten da dantza, baina San Pedro eta Santa Isabel egunak izaten dira herriko plaza nagusian, Udaletxearen alboan den parrokiaren aurrealdean, dantzari-dantza eta soka-dantzaren erritualaren une eta gune nagusiak. Bi festa nagusien artean bost aldiz egiten dute dantzari-dantza osorik plaza berean.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

San Pedro bezperan, donien-atxa zutunik jarri eta segidan egiten den entsegu nagusiak ere emanaldi tankera hartzen du, zuriz janzten ez badira ere, txintxarriak eta txapela jantzita, eta dantza-segida osoa, emanaldian bertan bezala, eta herritarrak begira ari direla egiten baita. San Pedro egunez (ekainaren 29an) eta Santa Isabel egunez (uztailaren 2an) eguerdian eta iluntzean dantzatzen dira Berrizko ezpata-dantzariak.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

2016: berdintasuna bermatzeko plana

Hain zuzen 2016ko San Pedro egunaren bezperan, ekainaren 28an, Berrizko Udalak eta Berrizko bi dantza taldeek, San Lorentzok eta Iremiñek, elkarrekin egindako gogoeta prozesu baten ondorioak plazaratu zituzten. Berrizko dantza ekitaldi nagusietan emakumeen parte hartzea bermatzeko neurriak hartu zituzten. Hasteko udalak dantza saioetan parte hartzeko egiten zuen deialdian jasota zeuden baldintza baztertzaileak bertan behera uztea erabaki zen. Mutil ezkongabeak deitzen zituen ordura arteko deialdiak, eta beraz, gizon ala emakume, guztiak onartzeaz batera, egoera zibila ere kontuan ez hartzea erabaki zen. 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Urte askotan Berrizko San Lorentzo eta Iremiñe dantza taldeetako gizonezko ezkongabeek bakarrik osatu izan dute festetako dantzari-taldea. 2016an, dantza taldeek, udalak eta herritarrek erabaki zuten ez dela sexu bereizketarik egingo eta dantzarien egoera zibila ere ez dela kontutan hartuko. Erabaki hura hartu zenetik, udalak herritar orori egiten dio dantzarako deia eta ondoren bi dantza taldeetako ordezkariek aukeratzen dituzte festetan dantzara irtengo diren dantzariak. Horrekin batera udalak gonbidatu zituen dantza taldeak gaztetxoei dantzak irakasteko ereduak berraztertzera, "mutilen dantzak" eta "nesken dantzak" bereizketak gainditu eta genero bereizketarik gabe irakastera dantzak. Puntu hau garrantzitsua da ulertzeko zergatik hiru urte pasa diren akordio horretatik lehen emakumea plazara atera den arte.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Prestaketa prozesua

Dantza taldeek eta udalak gogoeta ondoren hartutako erabakien berri eman zutenean emakumeek dantzari-dantza parte hartzeko atea ireki zen, baina momentu horretan bertan ez zen posible hori gauzatzea, ordura arte dantzan aritzen ziren neskek beste errepertorio bat, "nesken dantzak" bezala ezagutzen dena lantzen baitzuten, eta ez baitzeuden trebatuta San Pedro eta Santa Isabel egunetako erritualetan egiten diren dantzari-dantza eta erregeletan. Iremiñeko neskak orduan hasi ziren dantzari-dantza ikasten eta San Lorentzo taldean, berriz, neskei erakusten hasiak ziren lehenagotik, baina plazara ateratzeko gazteegiak ziren. Dantza horien ikasketak denbora bat behar izaten du eta beraz, bi urte pasa ziren lehen emakumea ezpata-dantzan parte hartzeko prest izan zenerako. 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

2018ko San Pedroetarako aurreikusi zen lehen emakumearen estreinaldia dantzari-dantzan. Amaia dantzarako prest zen, baina azken orduan lesioa izan zuen eta gurpildun aulkian eserita jarraitu behar izan zituen dantzak. Zenbaiten ustez, uneko disgustuak eta penak izan du alde onik, 2019an, San Pedro aurretik egin diren beste ekitaldi batzuetan, ermitetan eta abar, dantza egiteko aukera izan baitu Amaiak, eta plaza handira iritsi orduko hobeto prestatua iritsi da, eta estreinaldiko urduritasunetako batzuk han utzita. Horrez gain, 2016ko adierazpenean jaso zuten irizpideetako bat ere bete du horrela Amaiak, bertan aipatu baitzen, dantzarien hautaketa egiteko orduan "kontutan hartuko da urtean zehar ermitarik ermita eta/edo plazarik plaza ibili izana San Pedro eta Santa Isabel jaietako dantzetan parte hartzeko". 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Giro onean

San Pedro bezperako entseguan parte hartuta, estreinaldi ofiziala 2019ko San Pedro eguneko arratsaldeko saioan egin du Berrizko lehen emakume ezpata-dantzariak.  Festen egun handia, aurten larunbata, kuadrillen eguna, jendez lepo eta festaz blai agertu dira Berrizko udaletxearen eta parrokiaren inguruak. Ezpata-dantzariak udaletxetik atera dira eta txistularia buru dutela, alkatea lantzarekin atzetik eta udal-batzako ordezkariak honekin, udaletxetik plazarako bide laburra egin dute txistuaren doinura.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Plaza ikuslez lepo, dantzari-dantzari ekin dio txistulariak: agintariena, zortzinangoa, ezpata-joko txikia... dantzariak berotuta etorri da banangoa. Amaiaren txanda izan denean txalo zaparrada bero batekin ospatu dute herritarrek lehen emakume ezpata-dantzariaren banangoa. Giro lasaia da. Naturaltasun handiz ospatu dute berriztarrek beraien dantza maiteenean bereizketekin bukatu izana. 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Urduritasunak gero etorri dira

Binangoa dator ondoren, baina lehen lerroan ari den Unai dantzariak min hartu du ezkerreko hankan (hanka hori altxatzen da behin eta berriz dantzari-dantzan) eta tentsio uneak sortu dira. Izterrari heltzen dio eskuarekin eta mugitzeko arazoak dituela dirudi. Ez dirudi jarraitzeko aukerarik izango duenik. Urduritasuna antzematen da giroan. Begi guztiak hankari helduta mina keinuak eginez dabilen dantzariaren hanka jarrita daude. Segundu luze batzuen ondoren hanka berriz askatu eta badirudi mugitzeko moduan dagoela. 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

"Segidu egin beharko dok" esan dio German txistulariak dantzariari. Unaik ez du zalantzarik "Bai, bai, segi jotzen, oinez ibili neiken bitartean ni ez nok joango plazatik". Artaziak behean eginez eta horiek ere min keinuei eutsiz bukaera arte segitu du dantzan. Ezpata-joko nagusia, launangoa, makila jokoa eta txontxongiloa egin dituzte. Saioaren bukaeran aurretik esandako berretsi du ezpata-dantzariak, plaza lagatzeko atera egin beharko zutela, ibili zitekeen bitartean dantzan jarraitu behar dela. Maskulinitate ideialekin lotutako epika ote? Berrizko dantzari heldu batzuek ez dute jokabide hori gizontasunarekin lotu, belaunaldiekin baizik: "Ez eskatu horrelakorik orain gazteei. Dantzari-dantza osoan ostikoak goraino botatzea ere ezin zaie eskatu eta, nekatu egiten omen dira..." 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Borobiltzeko, erregeletan aurreskulari

Emakume ezpata-dantzariaren estreinaldiko lanak ez dira bukatu dantzari-dantzan. Soka-dantzan ere erregelak dantzatu ditu Amaiak, aurreskularia izan da bera, dantzariek trebetasuna, memoria eta dantzaren ezagutza erakusteko aukera oparoena eskaintzen duen dantzan.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Eta genero bereizketak zentzu guztietan bukatu direla frogatu da ondoren aurreskuaren eta atzeskuak banango zaharrak dantzatzeko plazara atera dizkieten bikoteetan.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Odei Arrizabalaga atera diote aurreskuari, urte askotan ezpata-dantzari izandakoa (iaz hartu zuen erretiroa) eta udaleko berdintasun teknikari-lanetan berdintasuna dantzan gauzatzeko kudeaketa lan aipagarria egin duena.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Atzeskuari gizon bat atera diote, dantzarako, bizitzarako bezala bakoitzak ezarrita dugun generoak garrantziarik ez duela irudikatuz, herriko plazan urteko egun handian, dantzaren tradizio zaharraren aro berrian.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

 

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)