Dokumentuaren akzioak
Harrera ezin hobea egin diete Berrizko dantzariei Ingalaterran
Berrizko San Lorentzo dantza taldea Ingalaterrako Thaxted hiriko Morris Dantzaren jaialdiko desfilean, Thaxted, 2019-06-02/3. Argazkia: San Lorentzo
Ingalaterrako Thaxted hirian eta inguruetan dantzan igaro dute Berrizko San Lorentzo dantza taldeko dantzariek asteburua. Thaxtedko Morris Dantzaren jaialdian parte hartu dute eta bertako Morris dantzariekin ibili dira dantzan eta festa giroan ostiraletik igandera. Karmelo Angiozar Berrizko dantzariak asteburu zoragarria izan dela azaldu digu, "joan-etorria primerakoa izan da, esperientzia ederra izan da benetan eta eguraldia ere portatu da, harrera ezin hobea egin digute".
Gelditu gabe dantzan
Hiru egunetan gelditu ere ez omen dira egin dantzan. Lehenengo egunean harrera egin ondoren, modu informalean, kaleko arropekin egin dute lehenengo erakustaldia, taberna batean bueltan, festa giroan. Larunbatekoa izan da egun nagusia, 9:00etan gosaldu eta 9:30etarako bi taldetan banatu dira, multzo bakoitza bost dantzari taldek osatu dute. Autobusean inguruko herrietan ibili dira eta geldialdi bakoitzean dantzatu dute. "Asteburu ederra izan da, baina fisikoki gogorra egin zaigu", Morris dantzekin alderatuta Berriztarren dantzak fisikoki exigenteagoak dira, eta ingelesen erritmoa jarraitzea ez omen da erraza izan. "Harrituta gelditu gara zenbat garagardo edaten duten. Gure dantzak beraiek adina edanda dantzatzea ezinezkoa da", gaineratu digu barrez Angiozarrek. Arratsaldean, alardea egin dute plazan eta afal ondoren ere dantzak ez du etenik izan. Igandean, prozesioan atera dira talde guztiak meza aurretik eta eliza barruan ere dantzatu dute San Lorentzoko dantzariek. Bazkalostean, berriz, erromeriarekin amaitu da jaia.
Ingelesak txundituta berriztarrekin
Ingelesei izugarri gustatu zaizkiela Berrizko ezpata-dantzari taldeak aurkeztutako dantzak esan digu Angiozarrek, "igarri egiten zen, atentzio eman diete gure dantzek, batez ere hanka altxatzeak". Txalo mordoa jaso dituztela dio eta oso gertu sentitu dituztela, ikusle asko eta asko hurbildu zaizkie dantzatu ondoren, zoriontzera, eskerrak ematera edota argazkiak ateratzera. Orain dela 80 urte, Jaialdi berean dantzatu zuen Euskal Herriko "Gerrako Umeek" osatutako dantzari taldeak. Haur erbesteratu horien inguruan lanean diharduen Basque Children elkarteko kideak ere bertaratu dira jaialdira eta berriztarrekin egoteko aukera izan dute. Carmen Kilner buru duen elkarteak 1937an Gerra Zibiletik ihesi ingalaterrara erbesteratu ziren 4.000 umeen historia eta memoria ezagutarazteko erakusketa antolatu du Thaxteden, han bertan ume haiek dantzatu zutela 80 urte direla gogoan hartuta.
Dokumentuaren akzioak