Dokumentuaren akzioak
Berrizko San Lorentzo dantza taldeak Ingalaterran dantzatuko du
Ingalaterrako Thaxted hiriko Morris Dantzaren jaialdian parte hartuko dute Berrizko San Lorentzo dantza taldeko kideek. Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra Berrizko ezpata-dantzariak 1911tik ospatzen den ezpata-dantzen jaialdian izango dira. Morris dantzen jaialdi zaharrena da Thaxtedkoa. Asteburu osoko egitaraua prestatu dute ingelesek eta Berrizko dantzariek morris dantza taldeekin batera dantza emanaldiak eskainiko dituzte. Irudi honetan dituzue, berriztarrekin batera, jaialdian parte hartuko duten morris dantzari taldeak.
Hamairu bat laguneko taldea joago da Ingalaterrara, dantzariak, txistularia eta atabala. Taldeak dantzatu ohi dituen dantzari-dantza eta erregelak dantzatuko dituzte Ingalaterran. Dantzari horiek Berriztik kanpo behin baino gehiagotan dantzatu izan dute, baina atzerrira lehenengo aldiz joango dira. Egungo dantzariek lehenbiziko aldiz dantzatuko badute ere, Berrizko ezpata-dantzariak lehenago ere izanak dira Ingalaterran. 1930eko urtarrilaren 4an Londresko Albert Hall aretoan dantzatu zuten berriztarrek.
Duela 80 urtekoa gogoratuz
Aurtengoan berriztarrak gonbidatzeko arrazoia da, orain dela 80 urte euskal dantzari talde batek dantzatu izana jaialdian. 1939ko Thaxtedko dantza jaialdi hartan Euskal Herriko haur erbesteratu talde batek dantzatu zuen, "Gerrako Umeak" bezala ezagutu zirenak Gerra Zibiletik babesteko bidali zituztelako. Ondorengo argazkietan ikus ditzakezue orduko irudiak:
Morrisak eta ezpata-dantzariak
Thaxted taldeko eta Euskal Herriko dantzarien arteko lotura aspaldi hasi zen eta gerora ere jarraitu izan du. 1981an esaterako, Donostian izan ziren. Donostian ospatu zen folklore kongresurako Ingalaterrako zenbait dantzarik eta musikarik elkartu eta Men of Essex izenarekin emanaldia eskaini zuten. Tartean ziren Thaxtedeko morris-dantzari batzuk. Ordutik Argia dantzari taldearekin harremana izan dute. Aurreko urtean bertan, bisitan izan ziren Euskal Herrian Thaxted morris taldeko dantzari eta musikarietako batzuk. Orduan adierazi zuten 1939an Thaxteden izan zen euskal ezpata-dantzari taldearen antzeko talde bat beraien jaialdira gonbidatzeko nahia. Hori horrela, Berrizko San Lorentzo taldearekin jarri zituzten harremanetan Argiakoek.
Ingalaterrako morris dantzarien eta euskal ezpata-dantzarien arteko harremanak ehun urteko ibilbidea du dagoeneko, izan ere XX. mendeko folkloristek bi dantza horien artean antzekotasunak ikusi zituzten, eta gonbidapenak eta bidaiak egin zituzten. Berrizko dantzariak izan ziren XX. mende hasierako euskal ezpata-dantzarien enbaxadore nagusiak, besteak beste Sevilla, Paris edo Londonen emanaldiak eskainiz, eta oraingoan ibilbide horri segida emango dioten Ingalaterran.
Dokumentuaren akzioak