Dokumentuaren akzioak
Eusko Ikusgayak 01 Berriz: Dantzari-dantza 1923-1928
Berrizko dantzariak 1920ko hamarkadan dantzari-dantza egiten ageri zaizkigu irudi hauetan. Maiz aipatzen den Eusko Gaztediren erreformak eragin gabe mantendu dute Berrizko dantzari-dantza eta irudi hauek altxor zoragarria dira hori erakusteko. Berrizko dantzariek XX. mende osoan erakutsitako estiloa bete-betean ikusi daiteke hemen.
Berrizko eliza aurrean agintariena, ezpata-joko nagusia, banangoa, makil-jokoa eta txotxongilo dantzak egiten dituzte. Aipatzekoa da taldearen antolaketan gaur egun baino distantzia handiagoak hartzen dituztela dantzarien artean. Urratsetan eta estiloan gaur egun arte iraun duen dantzakera garbi-garbi ageri da, are gehiago, dantzariak gorputzez aske antzematen dira, dantzakera aeroago eta espresiboagoa antzematen zaie.
Aipatzekoa da txotxongiloan bi dantzari altxatzen dituztela gora eta goian daudela ezpatak gurutzatzen dituztela. Gaur egun Berriz-en eta Durangaldean oro har, dantzari bakarra altxatzen da gehienetan, baina Abadiñon ordea bi dantzari altxatzen dituzte gaur egun ere.
Eusko Ikusgayak
Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:
- Eusko Ikusgayak 01 Berriz: Dantzari-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 02 Donostia: Ezpata-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 03 Zumarraga: Ezpata-dantza 1923-30
- Eusko Ikusgayak 04 Donostia: Gipuzkoar aurreskulariak 1923
- Eusko Ikusgayak 05 Donostia: Gizon-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 06 Zumarraga: Aurreskua 1923-28
- Eusko Ikusgayak 07 Lekaroz: Zazpi jauzi 1923
- Eusko IKusgayak 08 Lekaroz: esku-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 09 Lekaroz: Katadera-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 10 Lekaroz 1923 soka-dantza
- Eusko Ikusgayak 11 Doneztebe: Trapatan 1923-1930
- Eusko Ikusgayak 12 Maskaradetako dantzak 1923
- Eusko Ikusgayak 13 Donostia: Trikitixa dantzariak 1923
- Eusko Ikusgayak 14: Otsagabia 1924
- Eusko Ikusgayak 15: Arizkun 1923
Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu eta Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den dantza artxiboen digitalizazio programan txertatuta daude. Berriz, dantzari-dantza, 1923-1928. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma (Eusko Ikaskuntza).
Etiketak
- banangoa
- irudi-zaharrak
- tokian-tokikoa
- ezpata-joko-nagusia
- xxmendea
- euskadiko-filmategia
- tradizionala
- bizkaia
- txotxongilo
- manuel-de-intxausti
- agintariena
- ikerfolk
- berriz
- manuel-intxausti
- eusko-ikusgayak
- dantzari-dantza
Dokumentuaren akzioak
Bitxia egin zaizkit bi gauza:
1- Dantzarien arteko distantzia handiak. Horrek potentzia handiz dantzatzera behartuko zituen (eta hala egiten dute)
2- Azken dantzariak banakoa bukatuta, dantzari guztiak berriz dantzan hasteko deiaren ordez saltoa egiten dute. Nik hori "Eusko Gaztedi"tik eratorritako bertsioetan baizik ez nuen ikusia.
Aiba, banango bukaerako saltoarekin konturatu gabe nengoen. Benetan bitxia eta galdera mordoa mahai gainean jartzen dituena! Badago hari polit bat hor tira egiteko...
1. Punta pijue eitteko edo eta botetako era (zuzena)
2. Grabilletie (aurrean barik, atzean egiten dute)
3. Janzkera, ez daramate txalekorik, gaurko Berrizko dantzariek bai.
4. Materiala: Ezpata eta makila, luzeak.
Pena ez izatea dantzari dantza osoa.
1. Bai?? Benetan punta pijue era zuzenean altxatzen dutela iruditzen zaizu? Niri ez zait horrela iruditzen. Ez nuke esango, ezta ere, bi denboratan garbi markatuta, belauna lehenengo eta oina ondoren altxatzen dutenik. Eta ez nuke esango, ezta ere, denek berdin-berdin altxatzen dutenik.
Niri iruditzen zait, kontu honekin, beste askorekin bezala, aniztasuna egon dela. Batetik mugimenduaren ejekuzioa aldatu egiten da dantzari batetik bestera. Bestetik, mugimenduari buruz dantza-maisuek eta dantzariek ematen dituzten azalpenak ez datoz beti bat gero egiten dutenarekin. Hau oso ohikoa da, gauza bat esaten dugu eta beste bat egin, eta gainera, ez gara konsziente horretaz.
Eta azkenik, ejekuzioak erdibidekoak izan daitezkeela kontuan hartu gabe mugimenduen ahozko definizioan muturretara joaten gara, eta gero ahoz esandakoa praktikan jartzen tematzen gara. Ahozko definizioan zuzen altxatzen dela esanez gero ahalegin praktikoan erabat zuzen altxatzera jotzen dugu. Punta pijue edo artazia bi denboratan, belauna lehenengo eta oin punta ondoren, altxatzen dela deskribatzen badugu, mugimendu hori oso nabarmen egitera jotzen dugu. Praktikan, tradizioan ikusten dena da, dantzari gehienek ez dituztela mugimenduak definizioaren muturrera eramaten. Ez dute ez zuzen-zuzen altxatzen, ezta bi denbora garbitan bereizten. Askok erdibideko bat egiten dutela esango nuke.
2. Grabilletari buruz beste horrenbeste esango nuke. Akaso hor gehienei atzean egiten ikusten zaie, baina batek behintzat nabarmen aurrean egiten du. Ikusi 1:25ean eskumako lerroan aurrean egokitu den dantzariaren grabilleta,nabarmen aurrean egiten duela dirudi.
3. Txalekoari buruz. Berrizko dantzarien argazki zaharretan bietarikoak ikus daitezke, maiz ageri dira txaleko gabe, eta baita txalekoekin ere.
4. Materialari buruz arrazoi duzu. Argazki zaharretan ere nabaria da gaur egungoak baino ezpata eta makila luzeagoak darabiltzatela.
Irudiak askorako ematen dute bai. Beste pare bat puntu:
5. Punta pijuaren aurretik, bueltaren bukaeran bi oinak batera jartzen dituzten lurrean ala ez. Baietz esango nuke.
6. Txotxongiloko urratsa ezkerrarekin hasten dute, gaur egun Berrizen eskumarekin.
Gure inguruan, Durangaldean, ikuspegii diferenteak ditugu Ezpata Dantzaie edo Dantzari Dantzaieri buruz hitzegiterakoan, eta beti agertzen da esaldi potolo bat "guk beti holan egin dugu edo hemen beti holan egin da" baina zuk esaniko moduan, orokorrean dantza eta nola ez gure inguruakoari ere tokatzen zaio, anitza da, eta bideo hau ikustea gustatu zait.
Ni ez naiz honen edo bestearen kontrakoa, agian dantza talde desberdinetan dantzatu eta ikasiagatik, dantza guztatzen zait eta honetan beti ere, ondo egiten den bitartean, hemen dago mamia, niri danak guztatzen zaizkit. 1920 berrizko dantza talde hau bikaina da, azkenengo dantzaria 2:27tik azkenera doana ikusten badozu, puntapijue eiterakoan ez dau artazirik egiten eta grabiletie argi atzean marketan dau, eta nozki zuk esandakoak argi eta garbi aurrean egiten du, besteek esango nuke ezetz, baina niretzako dana ondo dago, mamira joanda, ondo dantzatzen dutelako zortziek!
Ondo izan
Etor G.