Dokumentuaren akzioak
Eusko Ikusgayak 13 Donostia: Trikitixa dantzariak 1923
Bi bikote dantzari soltean dantzan Donostiako II. Erakusketa Azokako oholtzan. 1923ko irailaren 15etik 31ra egin zen azoka eta irudi hauek 22koak edo 23koak izan behar dute, bi egun horietan egin baitziren dantza solteko erakustaldiak.
Lau dantzari ari dira oholtzan dantzan, bi gizonezko eta bi emakumezko. Gizonezkoak zuriz jantzita daude, koloretako (gorria seguruenik) txapela, lepoko zapi, gerriko eta abarketekin. Emakumezkoak, berriz, arropa beltzak eta lepoko zapi zuria daramate eta badirudi abarketa zuriak zinta gorriekin.
Elkarrengandik distantzia luze utzita dabiltza dantzan, tranpaldoa okupatu nahian edo. Erritmo ternarioan dabiltzala dirudi, fandangoa edo jota deitzen duguna gaur egun. Bideoaren izenburuan trikitixa terminoa ageri da; egun kopladun piezetarako erabiltzen da hitz hori; ezin jakin koplarik abesten ari ote diren tarteren batean.
Urratsei dagokienez, aurrena bueltak ematen ari dira, alde batera keinu egin eta beste aldera jiratuz. Lekuan markatutako urratsak ondoren (0:17). Pauso honen bukaeran (00:23), buelta eman aurretik, ezkerreko mutilak bi pauso egiten ditu: artazia eta grabilleta, molinetea edo belauneko gurpila. Ez-ohiko pausoak dira dantza soltean, baina noizean behin, dantzari jolasti batzuk erabili izan dituztenak, bereziki esaldi aldaketetan, buelta aurreko keinuen unean.
Bueltaren ondoren (0:25) Bizkaia aldean hara honakoak deiturikoak, edo paseoak, pauso luzeak egiten dituzte. Momentu batean (0:32), sekuentziak mozketaren bat duela dirudi, baina pieza beraren jarraipena dela ematen du. Edozelan, neskek urratsa behe xamar markatzen dituzten bitartean gizonezko biek mugitu behar duten alderako hankarekin kanporako gurpil antzeko bat markatzen dute ostiko batekin bukatzen dena. Besoei dagokienez, berriz, gehienetan ez dituzte sorbaldatik gora igotzen, ireki xamar, are gehiago, beherantz kokatzen dituzte, ukondoak flexionatuta besaurreak goranzko joeran.
Eusko Ikusgayak
Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:
- Eusko Ikusgayak 01 Berriz: Dantzari-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 02 Donostia: Ezpata-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 03 Zumarraga: Ezpata-dantza 1923-30
- Eusko Ikusgayak 04 Donostia: Gipuzkoar aurreskulariak 1923
- Eusko Ikusgayak 05 Donostia: Gizon-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 06 Zumarraga: Aurreskua 1923-28
- Eusko Ikusgayak 07 Lekaroz: Zazpi jauzi 1923
- Eusko IKusgayak 08 Lekaroz: esku-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 09 Lekaroz: Katadera-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 10 Lekaroz 1923 soka-dantza
- Eusko Ikusgayak 11 Doneztebe: Trapatan 1923-1930
- Eusko Ikusgayak 12 Maskaradetako dantzak 1923
- Eusko Ikusgayak 13 Donostia: Trikitixa dantzariak 1923
- Eusko Ikusgayak 14: Otsagabia 1924
- Eusko Ikusgayak 15: Arizkun 1923
Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu. Donostia, trikitixa dantzariak, 1923-07-22,23. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma, Eusko Ikaskuntza.
Etiketak
- irudi-zaharrak
- donostia
- manuel-intxausti
- tradizionala
- arin-arin
- trikitixa
- 1923
- fandangoa
- dantza-soltea
- xxmendea
- eusko-ikusgayak
Dokumentuaren akzioak