Dokumentuaren akzioak
dantza-soltea etiketa duten bideoak
Añorga: Karmenak 2024 Oilasko biltzea
Dantzan hasi dira aurten ere Karmengo Amaren festak Añorgan. Azken hamarkadan egitarauko lehen jarduera da oilasko biltzea. Guztira, adin guztietako berrogeita hamar bat lagun aritu dira dantzan, musika jotzen edota bertsotan. Fandangoa eta arin-arina dantzatzen dira, eta nahi duen orok har dezake parte. Bisita jasotzen duten baserri eta etxeetako familiek estimu handiz hartzen dute bisita, jan-edan ugarirekin eskertuz. Zenbait urtetan egin gabe egon ondoren, 2012an ekin zioten añorgatarrek etxez etxeko puska biltzeari, "oilasko-biltzaileak" izena mantenduta, nahiz eta dagoeneko ez duten animaliarik jasotzen. Ordutik musika jartzeko lanetan aritu diren Joseba Jon Aranburu eta Lierni Otamendi omendu zituzten antolatzaileek. Haiekin batera aritu ziren panderoan, Naroa Arozena eta Amaia Izagirre. Ibilbidean, Añorgako industria eta landa-eremuak zeharkatu dituzte: Pedro Jose etxe-taldea, Txarratain baserria, Lindaberri baserria, Manttalin baserria, Bertan Goxo baserria, Lukainkategi erretegia, Bidarte baserria, Loiza etxea, Txalaka etxea, Zinkuentenario etxe-taldea, Errekaldeko Elkartea, Karmengo Ama auzoa, Arzak etxe-taldea, Jolas Etxea (Añorgako Kultur eta Kirol Elkartea) eta Gure Kabia elkartea. Auzoko frontoian amaitu da, kuadrillen paella-jatea hastearekin batera. Irudiak: Gari Otamendi. Oilasko-biltzea, Añorga, 2024-07-06.
Dokumentuaren akzioak