Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Eusko Ikusgayak 04 Donostia: Gipuzkoar aurreskulariak 1923

Dokumentuaren akzioak

Eusko Ikusgayak 04 Donostia: Gipuzkoar aurreskulariak 1923

2016/03/07 11:50

Aurresku txapelketa bat Donostian, 1923. urtean. Gipuzkoako dantza-tradizioaren XX. mendeko transformazioa agerian jartzeko dokumentu bikaina. Hasierako karatulan "Gipuzkoar aurreskulariak" jartzen du. Lau-bost dantzari identifikatu ditugu filme laburrean, 1'30" baitu guztira.

Aurreskulariak banan-banan

00:02 Adin-ertainekoa, gutxienez ez gazte-gaztea, iruditu zaigu lehen dantzaria. Beste guztiak bezala zuriz jantzita dago, baina honako honek gorbata darama gainera. Muriskak, belauneko gurpilak alboetan eta belauna altxatu eta ondoren oinarekin ostiko txikiak egiten ditu lehen urratsetan. Urrats batzuk oso garbi definitzen ditu: lasterka ezkerrera, lasterka eskuinera, eta ondoren lasterka egiteko moduko prestaketa egiten du eta grabilleta edo belauneko gurpila jiran egiten du. Lasterkak ezkerrera eta eskumara berriz, oin-puntarekin loratuz. Aipatzekoa da lasterka, gurpil eta hainbat urratsetan, besoekin nola markatzen eta janzten dituen urratsak.

00:28 Bigarren aurreskularia gazteago eta argalago ageri da. Airean jira eginez hasten da bere zatia (ez dakigu bere dantza). Dantzakera saltarintxoagoa du. Belauneko gurpilak, eta belaunetik igotako ostikadatxoak ohikoak ditu. Une batean eskumara eta ezkerrera pauso sentzillo batzuk egin eta hirugarrenean lasterka jirakoa artaziarekin egiten du. 

00:47 Hirugarrena eskuak gerrian, edo zehatzago esanda, gerrikoan jarrita ageri zaigu dantzan. Gipuzkoako urrats klasikoak markatzen ditu garbi. Antzeko sekuentzia, ez bada berbera (errepikatua egon liteke filme zatia), birritan ageri da, osorik ez bada ere. Ezpata-dantzako urratsarekin hasten da, sentzilloa modu zaharrean, lehen partean oinak apur bat altxatuz eta ixtea behean eginez. Mugimendu hori "deia" bezala identifikatu du Mikel Sarriegik.

00:58 Laugarren dantzariak eskuak oinak beste dantatzen dituela esan liteke. Geldi egonda urratsak marrazten ditu horretarako eskuekin eta gorputzarekin  lagunduz. Dantzakera saltarintxoa, aurrera eta atzera mugimendu biziak eginez du, hain zuzen, XX. mendean Bizkaian ezagutu izan den aurreskua dantzatzeko moduaren tankera gehiago du Gipuzkoan nagusitu den ereduarekin baino. Oin jokoak, muriskak eta grabilletadun jirak kateatzen ditu eta desplazamenduak, aurrera, atzera eta alboetara.

1.18 edo 1.23tik aurrera ageri dena beste dantzari bat izan ote daitekeen iruditu zaigu, baina ez dugu hori ziurtatzerik. Ez gaude ziur bosgarren dantzari bat den, ala laugarrena den, beste doinu-erritmo batean dantzakera aldatu duena. Gorpuzkeran antzekoak dira, eta saltarintxo ari da hau ere, baina dantzakera oso desberdina ageri da azken irudietan eta horregatik beste dantzari bat izan ote daitekeen susmoa hartu dugu. Pasarte laburregia da baina ondorio garbirik ateratzeko. 

Dakiguna eta ez dakiguna

Ez dakigu irudiak alde egokitik ikusten ditugun ala ez. Hau da, Gipuzkoako dantzetan hainbat urrats eskuinera hasteko ohitura dago (lasterkak, ezpata-dantzakoa, e.a.) eta irudiotan ezkerrera ageri dira horietako batzuk. Ez dugu esaterik filmea horizontalki iraulita dagoen ala ez. Eusko Ikusgayak grabazioetan ageri diren beste irudi batzuk kontuan hartuta, jakin ahal izan dugu Donostian hartutako irudiak direla, zehazki Amaran egiten zen feriaren aterpe aurrean. 1923an hartutako irudiak direla ere badakigu. Oholtza batean ari dira dantzan, txistulariak eskuma aldean, eta ikusleak alboetan. Arkupean, mahai batean, epai-mahai izan daitekeena egon daitekeela suma daiteke. 

Irudi hauek dantzakeran Gipuzkoan XX. mendean izan den bilakera, aldaketa eta homogeneizazio prozesuak agerian jartzen ditu, eta orain gutxi, Dantzan Ikasin egin berri dugun Gipuzkoako dantzen ikastaroarekin, eta zehazki, azken saioan Mikel Sarriegik aurkeztu zigun Gipuzkoako dantza eredu zaharraren berrosatze ahaleginarekin bete betean egiten du bat. Badira hainbat kontu behatzeko eta azertzeko: besoen erabilera, oina altxatzea behin ere ez agertzea, lasterkak egiteko lehen mugimendua preparatorioa, grabilletak edo belauneko gurpilak jiran egiterakoan lasterketarako erabiltzen den prestaketa bera erabiltzea, lasterka jirakoak, ezpata-dantzako urratsa, dantzakera libre eta inprobisaziozkoa urrats sistema antolatu eta egituratuarekin elkarbizi zireneko argazkia, e.a.

Eusko Ikusgayak

Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:

Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu eta Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den dantza artxiboen digitalizazio programan txertatuta daude. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma (Eusko Ikaskuntza). Donostia, Gipuzkoako aurreskulariak, 1923.

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.