Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

aurreskua etiketa duten bideoak

Boise: Jaialdi 2025 Soka-dantza kapitolioan

Idahoko (AEB) estatu kapitolioa euskaldunek hartu dute eta bertako agintariak euskal kulturarekin lotu dituzte, eskuz esku soka-dantza osatu eta Bradd Little Idahoko gobernadoreak aurresku jarrita gidatu baitu soka. Oñatiko Korpus dantzetako San Migel zortzikoaren doinura ageri dira irudiotan Idahoko agintariak, amerikar eta euskal herritarrak, eta Oinkari taldeko  dantzariak sokan elkarrekin dantzan. Aurreskua sokan dantzatuz komunitatea lotzen dela agerian jarri dute Ameriketako euskaldunek, bateko eta besteko herritarrak dantzaren bidez batuz. Ez da kasualitatea Oñatiko dantza-doinuak entzun izana, Boise eta Oñatiren arteko harremana oso sendoa baita, AEBtako euskal komunitatearen antolaketa eta sustapenean Oñatira orain 50 urte egindako bisitak eragin handia izan baitzuen, San Inazio egunez Oñatiko dantzak egiten baitira Boisen eta Jaialdirako Oñatiko ordezkaritza zabala baita Boisen.

Egun hauetan Boisen (Idaho, AEB) euskal kulturaren Jaialdi festa ospatzen ari dira; Euskal diasporako eta Euskal Herriko herritarrak batzen dituen jaialdi erraldoia. Egitarau zabala antolatu dute; hamaika dantza saio eta emanaldi izango dira datozen egunetan. Dantzak protagonismo handia izango du, besteak beste Boiseko Oinkari eta Añorgako dantzarien emanaldiak tarteko, eta Idahoko gobernu egoitzan egindako soka-dantzaren bidez Jaialdiren abiatze sinbolikoa ere dantzan egin dute. Irudiak: Gari Otamendi. Soka-dantza kapitolioan, Jaialdi, Boise, AEB, 2025-07-29.

 

Dokumentuaren akzioak