Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak Eusko Ikusgayak 02 Donostia: Ezpata-dantza 1923-1928

Dokumentuaren akzioak

Eusko Ikusgayak 02 Donostia: Ezpata-dantza 1923-1928

2015/12/02 09:55

Lau dantzari, ezpata-dantzan, ezpata txikien zatian, Donostiako Santa Maria elizaren aurrean dantzatzen ageri dira honako irudiotan. Manuel Intxaustik egindako Eusko Ikusgayak filmazio sortaren beste ale eder bat da honako hau. 1923 eta 1928 bitartean egin zituen grabaketak Intxaustik, Eusko Ikaskuntzaren enkarguz.

Dantzari dagokionez aipagarria da gaur egungoaren aldean dantzakeran antzeman daitezkeen berezitasunak. Lehen zatian, ageriko da hankarik ez dutela gaur egun bezala gora altxatzen, eta bitxia da ordea, eskuekin egiten duten keinua. Aipagarria da baita ere dantza-maisuaren zuzeneko parte-hartzea. Dantzarien aurrean zutik, dantzarien lana gidatu eta laguntzen du besoekin keinuak eginez. Jose Lorenzo Pujana izan daiteke berau? Posible da, baina irudien kalitateak ez du aukera ematen hori ziurtatzeko.

Bigarren zatian ezpata-dantzariek, ezpata luzeekin zubia egin eta agintariak zubipetik pasatzen ikus daitezke. 

Eusko Ikusgayak

Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:

Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu eta Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den dantza artxiboen digitalizazio programan txertatuta daude. Donostia, ezpata-dantza, 1923-1928. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma (Eusko Ikaskuntza).

Etiketak

Jarri bideo hau zure webgunean

Dokumentuaren akzioak

2015/12/02 21:26
Lehen kolpe batean identifikatutako beste zantzu batzuk:

- Hasierako besoen mugimendu hori, Ordizian Jose Lorenzo Pujanak erakusten zuen Brokel-dantzetako Paseoko bera da, baina ezpata-txikiekin egina.
- Bukaeran txapela bi eskuekin helduta agurtzea, gaur egun Beasaingo Loinazko ezpata-dantzan egiten den berbera da, belaunikatu gabe.
- Ezpata-txikiek daramaten txaleko itxuraz zuri-gorri hori, geroago behintzat Ordiziako Txapel Gorri elkarteko brokel-dantzariek erabili zutenaren berdina dirudi.

Ez litzateke beraz harritzekoa izango, hor ageri den dantza-maisua Pujana aita bera izatea, 1924 inguruan izendatu bait zuten Donostiako Udal Eskolako Dantza-maisu.

Ongi diozuen moduan, altxorra da bideoa!
2015/12/03 09:23
Mila esker ekarpenengatik Mikel!

- Ezpata-dantzako urratsean egiten duten besoen mugimendu hori oso bitxia da, eta bai, bete-betean bat dator Boastitzea edo Paseoan egiten denarekin. Bitxia da boastitzea neskek egin izan dutenean zapiak dantzatu dituztela eskuekin eta besoen mugimendua zapiekin lotuta zegoela zirudiela. Mutilek ordea, Goizaldiren ereduan behintzat, zapirik ez dutenez erabili besoen mugimendurik gabe ezagutu dugu. Mugimendu hori ere Goizaldiren baitan "garbituko" ote zen? Añorgan (Pujanarekin ikasitakoak 1920ko hamarkadan) gerra ostean jarraitzen zuten besoekin laguntzen ezpata-dantzako lehen urratsa.

- Bukaerako txapelarena.Beraz, belaunikatutakoan txapela bi eskuekin kendu eta txapelarekin egiten dute keinua? Ohartu gabe nengoen!

- Txalekoari buruz. Erroperena oso kontu interesgarria da. Aurreko batean, Berrizko dantzarien inguruan ere atera zen txalekoen kontua, gaur egun Berrizkoek beti baitarabilte txalekoak, baina irudi zahar horietan txaleko gabe ageri baitira. Itxuraz aurretik gorria izan daitekeen txalekoak bide-luzea egin du. Iztuetak ez du txalekorik aipatzen, Jose Antonio Olanoren beraren eta bere brokel-dantzarien deskribapenetan ere ez da txalekorik ageri. Jose Lorenzo Pujana bera zenbait janzkera desberdinekin ageri da argazkietan, eta horien artean bada bat, Donostian Corpus Christi prozesio batean txaleko batekin ageri dena. Irudi hauetan azkendariak (ezpata txikiekin aritzen direnak) zaraulekin (belaun azpirainoko praka motzak), txalekoa eta txapelarekin ageri dira. Ezpata luzeekin dantzatzen dutenak berriz praka luzeekin.

Bai, dantza-maisua Pujana izatea litzateke lojikoena. Ekitaldi ofiziala da eta garai horretan bera da Donostiako Udal Eskolako dantza-maisua. Eta taldea aurrez aurre duela zuzentzeko ohitura hori ohikoa zen beregan (akaso beste batzuengan ere, baina Pujanarengan ere bai).

Nik beste kontu bat gehituko nuke orain arte esandakoari:

- Lau lerroko ezpata-dantzaren irudi zaharrenak izan daitezke hauek. Bi segundu eskas dira (0:27-0:29), baina azkendariek beraien lana bukatzean, argi ikusten da lau lerrotan antolatutako ezpata-dantzari segitzen diotela. Hau dokumentu historiko oso garrantzitsua da. Goizaldik 1955an Llangollen-eko jaialdian parte hartu zuenean ezpata-dantza egin zuen, baina bakarrik ezpata txikiekin. Epai-mahaian Violet Alford zegoen eta honek esan zien 1928an Donostian Korpus egunean ezpata-dantza ikusia zuela ezpata luzeekin eta hori galdua zutela. Harrigarria bada ere, Pujanarekin 40eko hamarkada arte ezpata luzeak erabili ziren baina Goizaldik 1955erako ez zen ezagutzen ezpata luzeekin dantzatzea. Hortik aurrera bi lerroko ezpata-dantza maiz atera zuen Goizaldik, baina lau lerrokoa Argiak berreskuratu zuen 1970eko hamarkadan. Berreskuraketa hauen aurretik, lau lerroko ezpata-dantzari buruz dauden datuak oso urriak dira, Iztueta eta Larramendiren idatziak nagusiki, baina dokumentu grafikoak ia-bat ere ez. Lau lerroko taldearen erreferentzia sendoena niretzat Tolosako bordon-dantza izan da, hor bai, hor lau lerroko formazioa sendo ageri baita XX. mendean. Tolosatik kanpo, nik orain arte ezagutzen nuen bakarra 1929ko argazkia da, Iztueta eta Olanori Zaldibian egin zitzaien omenaldikoa, ezpata-dantzariak buruzko zapiekin eta lau lerroko formazioan erakusten dituena. Donostiako Filme honetakoa urte gutxi batzuk lehenagokoa da, beraz, erreferentzia oso garrantzitsua da.
2015/12/03 14:38
Eskerrik asko,

Filma hau aspaldi ikusia nuen eta guk deitutako modu zaharreko dantzakeraren lehenetako erreferentzia izan zen niretzako, Juanani aitutakoak eta Andoainen ikusitakoekin batera.

“Ozenki pentsatzera noa” batik bat nire ideiak ordenatzeko: Bere garaian filma ikusi genuenean, hasieran egiten duten besoetako eboluzio hori, Boastitzearekin lotzen genuen. Iztuetaren Brokel dantzaren irudi malguagoa izan aurretik, Boastitzea niretzako, Goizaldin neskek painueloekin egiten zuten dantza zen. Nork sartu ote zuen painueloa? Propioago esan da Brokel dantza zikloko Paseoa litzateke, eta hau da, uste dut nik, Mikelek diona bere oharrean.

Taula gimnastikoan txingo luzearen pausoa deitu diogunarekin egiten da bai Ezpata dantza nola Boastitzea, beraz ez da harritzekoa filmean ikusten den dantzakera modu hori. Gauza da, nola galdu zen besoen mugimendu hori mutiletan, bi dantza hauetan?

Galdera hauek garai horretan eman zen aldaketen inguruan sortu diren galderen barruan sartzen ditut nik.
2015/12/03 15:34
Eskerrikasko zuri Iñaki,

'Boastitzea' edo 'paseoak' askorako eman dezake, bai. Hasteko, izenak berak. Iztuetak, brokel-dantzaz ari denean behin bakarrik izendatzen du eta hain zuzen ere biak erabiliz, zerrendaren hasieran: "1. Boastitzea edo paseoa". Izan liteke bi izenak erabiltzea dantza berarentzat, baina izan liteke baita ere "Boastitzea" ez izatea izen ezaguna, eta beraz, lehenengo ematen duen izen ezezaguna (boastitzea) ulertarazteko ematea bigarrena (paseoa).

Mari Jose Ezeizabarrenak (1990) dioenez ohikoak dira Iztuetaren testu osoan "edo baten bidez lotutako hitz pareak", gehienetan "hitz zaharra(?)" eta "ezagunagoa" elkarren ondoan jarriz. Iztuetak ere azaltzen du hau: "ikusirik gure izkera gozoaren itz erazko anitz, gaurko egunean ez daudena usuan, oen ondorean ifinten ditut erdararenak".

Boasti erroko hitzak beste bi aldiz erabiltzen ditu Iztuetak liburuan:
- " Jai egun ostargi eta ateri dan batean dezakeanak lokabekiro boastitu edo paseatu..."
- "Ekersia edo ejerzizio indarrena, (...) boastitze edo paseoak,..."

Ikusten denez ez zuen batere konfidantzarik boastitu edo boastitzea ulertuko ote zen bere horretan idatzita, eta beti "paseatu" edo "paseo" gaztelerazko maileguarekin lagunduta idatzi zuen.

Boastitzea edo boastitu ez dira maiz ageri euskarazko idatzietan. Larramendiren "Diccionario trilingue"n ageri da eta ez dirudi tradizio handirik duenik, ez baita beste idazleen testuetan ageri.
2015/12/05 13:20
Guzti honek oso luzerako eman dezake, baina aipatu dituzuenei buruzko gogoeta txiki batzuk momentuz, abiadura aprobetxatuz:
1. Boastitzearen erabilerari buruz:
Dokumentu zaharretan Paseoa izeneko dantza beti agertzen da brokel-sailaren hasieran (Iztuetaren liburuan, dantza jaialdien egitarau zaharretan, …). Zergatik? Ziur asko plaza hartzeko pieza edo dantza zelako. Dantza, “paseo” bezela (txingo luzeko paseoa) ezagutzen dugun aldairaren errepikapenez osatzen da, eta bere ezaugarria da desplazamenduak egitea, eta honek bihurtzen du egokia dantzariak eta hauekin batera talde osoa lekuz aldatzeko. Angel Muruak idatzia da: “el paseo inicial parece indicar que se refiere a la forma de entrar los dantzaris en la plaza y que puede ser la que todavía se utiliza hoy en Lizarza, Berastegi y Aduna”. Badu interesik ere Antzuolako makil-txiki hasierako paseoak, ezpata-dantzarenerako transizio moduko bat erakusten baitu egikera aldetik.
Eta fokoa zabalduta, gure Paseoak badu funtzio-parekidetasunik, esate baterako Luzaideko martxekin, kaleetan zehar joateko erabiltzen direnak eta gorputza alde batera eta bestera mugituz markatzen dena. Gure Paseoan Ordiziako Pujanaren beso mugimendu horren berri jakiteak, giltza ematen digu beste herrietako dantza-tradiziokoekin oso interesgarriak diren loturak egiteko: San Asensioko dantzariek egiten duten “pasacalles”ak mugimendu beretsua iradokitzen du: “Durante la procesión, los danzadores realizan varios números coreográficos con los que van progresando al ritmo de las castañuelas, principalmente los conocidos como "El pasacalles" y "La danza de atrás". El primero de ellos sirve para el avance de la comitiva,” QUIJERA PEREZ, José Antonio 1992. Ikusi https://dantzan.eus/bideoak/danzas-de-la-rioja-san-asensio (1:10tik aurrera)
Talde modernook berriz, funtzio horren berri izan gabe, dantza emankizunetan biribilketa “arrunt” eta zozoak erabili izan ditugu hau bera egiteko.
Hari honi jarraituz, funtzio honek seguru aski, kokatzen du Paseoa baita ere bi dantza hauen hasieran: jorrai-dantzan eta ezpata-dantzan. Izan ere, nahiz eta geroago bi dantza hauek Brokel-dantzen sailaren barruan sartu izan diren, Iztuetak aparte zerrendatu zituen eta bakoitzak bere izaera isolatua zeukan.
Eta honek beste afera potzolo batera garamatza: brokel –dantzen hasierako zortzikoetara. Esate baterako, joan den mendeko lehen erdiko Segurako dantzari txikiek, Pujanaren ikasleek hain zuzen, brokel-dantza guztiak hasten omen zituzten paseoarekin, zortzikoarekin egin beharrean. Ordiziko Pujanaren ikasleek berriz, ez zituzten zortziko horiek gaur egungo eskemarekin egiten. ”Txistulari 146-Dantzariak-1991” aldizkarian luze eta zabal aztertzen dira kontu hauek (J.I. Ansorenaren "Gipuzkoako dantzak" artikulua), eta hemen oraindik jorratu beharreko alor zabal handi bat irekitzen zaigu. Izan ere, brokel-dantzetako joku bakoitzari aurretik zortziko jakin bat eranstea, eta modu honetan dantza bakoitza finkatuta uztea, gauza “berria” dela esan daiteke, eta argitzeko daukagu nortzu izan ziren horren agente zuzenak: Pujanatarrak, Ireneo Rekalde bezalako ondorengoak edota Goizaldiren hastapenak? Guzti hau aztertze fasean daukagu oraindik.
Gure taldean momentuz, adibide gisa eta guzti honen ondorioz, badira urte batzuk Pujanak Ordizian utzi zuen Paseo zahar hori egiten hasi ginela, Brokel –dantzen saioen hasiera bezela: https://www.youtube.com/watch?v=59QzVUJyR1A

2. Boastitzeako Paineluarena:
Ahotan darabilgun bideoak ematen dit giltza hipotesi hau botatzeko: Pujanak ezpata-txikiekin boastitzea egiten baldin bazuen, neskentzako dantzak “moldatu” zituenean/zirenean ezpatak neskentzan “egokiak” ez zirela iritzita, ez al zituzten ezpata-txiki horiek kenduko baina zapiak eskuetan mantenduz? Horrela balitz, bitxia izango litzateke prozesua, Eliza barruan armarik eramateko debekuari aurre egiteko dantzariek inkorporatu zituzten zapiak, gero genero aurriritziagatik ezpatak desagertu eta zapi bihurtzekoa.

3. Lau ilarako ezpata-dantza:
Ondo azaldu du Oierrek lau ilarekin gertatutakoa. Pujanak Goierrin ez zuen lau ilarakoa erakutsi gerra ondoren, ziurrenik horretarako nahikoa dantzari ez zuelako ((12-)16 behar dira gutxienez, gehi buruzagi ta azkendariak) eskura izaten. Eta horri zor dakioke bizpahiru hamarkadatan ia desagertu izana.



Guzti hauek hipotesiak dira, jakina, baina nire ustez, hemen azaleratzen ari garen kontu hauek aztertzeko orduan, txip aldaketa bat egitea beharrezkoa dugu, gauzak nondik nora joan diren aurrejuzkurik gabe aztertu ahal izateko.
Beti pentsatu dugu, gehienoi horrela erakutsi digutelako, halako dantza, “horrela” zela, eta hasi eta bukatu, egitura eta koreografia jakin bat duela beren-beregia, auskalo noiztik.
Eta seguru asko ahazten zaigu, Iztuetak ez zuela apenas dantzen koreografi finkorik eman, baizik eta aldaera jakin batzuk, nahierara konbinatu zitezkeenak. Are gehiago, banaka dantzatzeko zortziko eta soinu-zaharretan, “inprobisaketa” lehenesten du nolabait, ia erabat gure dantzetan desagertu den araubidea.
Aztertzeko dagoen kontua da, taldeko dantzek zein egitura izan duten denboran zehar (Iztuetaren garaian berrikuntza gertatzen ari zen alor honetan), zenbateraino ziren finkoak edota zenbateraino jarraitzen zieten arau orokor jakin batzuei, eta horren barruan malgutasunik zegoen. Nire ustetan, garbi dago azken honen antzeko zerbait gertatu izan dela. Eta horregatik ikusten ditugu, dantza-maisu eta herri bakoitzak bere moldaketak ezagutu dituela.
Bide honetatik, Gipuzkoako dantzen beste alorretan bezala, badirudi Pujanatarren eta Goizaldi taldearen ibilbidean zehar, brokel-dantzen saileko dantzek halako finkatze bat ezagutu zutela, eta horrek eragin duela denok daukagun ondorengo pertzepzio hori.
2015/12/06 10:27
Arrazoi duzu Mikel, kontu mamitsuak dira hauek bideo baten erantzunetan garatu ahal izateko. ;-)

Ados Boastitzea edo Paseoari buruz esandako guztiekin. San Asensiokoak aipatu dituzun moduan, Guardia eta Eltziegokoen pasacalleak etortzen zaizkit niri, "la fuente" edo "iturria" moduko figurak, bete-betean bat datoz Boastitzean egiten denarekin.

Argi dago baita ere zortzikoak eta jokoak dantza bakarreko partetzat aurkezteko joera hori berria dela. Iztuetak eta Olanok dantza bereizitzat aurkezten zituzten zortzikoak eta tresnekin egindako dantzak. Noiz gertatzen da lotzea? Erronka polita hori argitzea!

Azken parrafoan eman duzu guzti honen gakoa, noski. Dantzak adierazpen bukatu eta itxi moduan ulertu izanak ekarri du eredu jakin batzuk "jatorrizkotzat" jotzeak, kasu gehienetan uneko saiakerak eta formulazioak baino ez zirenean. Zerbait ikasi badugu da berrehun urtean gure dantza hauek etengabe eraldatzen eta egokitzen joan direla, eta aldaera bat jatortzat aurkeztu eta hedatu den bakoitzean, kasu gehienetan hori baino lehenagokoak ziren beste hainbat aldaera baztertu eta ezkutatu ditugula.
2015/12/08 12:06
Ze gozamena zuen azalpenak irakurtzea. Eta ze pagotxa Gipuzkoan, pixka bat lausotuta bada ere, dantzen arkeologia moduko bat egiteko zantzuak (idatzitakoak, irudizkoak eta biziak) geratzen direlako oraindik ere. Zuenak irakurri eta niri jakinmina pizten zait, Gipuzkoako tradizioaren traza pixka bat duten Nafarroako soka-dantza eta ingurutxoen (Leitza, Iribas, Urdiain, Altsasu...) atzean zer dantza-maisu eta gora-behera egon ote diren. Hor bada ikerketa-hobi eder bat ere.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.