Dokumentuaren akzioak
eusko-ikusgayak etiketa duten bideoak
Eusko Ikusgayak 10 Lekaroz 1923 soka-dantza
Lekarozen egindako filmazioen sorta borobiltzen du honako honek, dantzariak soka-dantzan erakusten dituena. Dantzari dagokionez oso laburra eta soila da irudietan ageri dena. Dantzariak, neska eta mutil sokan ageri dira, elkarri zapia emanda, txistularen inguruan jira-biran dantzatuz. Doneztebeko Trapatan soka-dantzan urrats berarekin, hiruko urratsean aritzen dira sokan pasarte batzuetan (Ikus 10'00"-tik aurrera Trapatan-aren bideo honetan) eta horren itxura handia dute Lekarozen filmatutako soka-dantzaren irudi hauek. Soka-dantzaren ondoren talde argazki-moduko bat egiten ageri dira, dantzari eta txistulariak batera.
Eusko Ikusgayak
Irudiok Eusko Ikaskuntzak 20ko hamarkadan Manuel de Intxaustiri enkargatutako Eusko ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel de Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:
- Eusko Ikusgayak 01 Berriz: Dantzari-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 02 Donostia: Ezpata-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 03 Zumarraga: Ezpata-dantza 1923-28
- Eusko Ikusgayak 04 Donostia: Gipuzkoar aurreskulariak 1923
- Eusko Ikusgayak 05 Donostia: Gizon-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 06 Zumarraga: Aurreskua 1923-28
- Eusko Ikusgayak 07 Lekaroz: Zazpi Jauzi 1923
- Eusko Ikusgayak 08 Lekaroz: Esku-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 09 Lekaroz: Katadera-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 10 Lekaroz: Soka-dantza 1923
Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu eta Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den dantza artxiboen digitalizazio programan txertatuta daude. Lekaroz, soka-dantza, 1923-08-26. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma, Eusko Ikaskuntza.
Dokumentuaren akzioak