Emakumeak dantzari dantzan parte hartzeko bidean jarri dira Berrizen
Dantzari-dantza egin ohi dute Santa Isabel eta San Pedro jaietan Berrizen. Orain arte San Lorentzo eta Iremiñe dantza taldeetako gizonezkoek izan dute tradizioa betetzeko ardura, hemendik aurrera, ordea, neskek ere dantzari-dantzan parte hartzeko aukera izango dute.
Akordio horretara iritsi dira herriko Udala eta aipatutako bi dantza taldeak. Anboto aldizkariak aste honetan Maialen Narbaiza (Irimiñe) eta Ismael Lasarte (San Lorentzo) dantzariei egindako elkarrizketan zehazten denez, berdintasun sailak, herritarren parte hartzearekin zuzendutako norabideak emakumea "prozesu natural baten" bitartez txertatu nahi du Durangaldeko dantzen erregean.
Genero ikuspegitik gauzak aldatzen hasi dira bi taldeetan. Lasartek dioenez, San Lorentzo dantza taldean dantzari-dantza besterik ez dute egiten eta umeen neskato taldea sortu dute aurten prozesuan naturalki aurrera egin ahala plazara dantzara irteteko helburuz. Iremiñen, aldiz, neska-mutilak dantzari-dantza zein gorularien dantzak ikasten ari dira, denek dana jakin dezaten. Denborak ekarriko die beraz plaza hartzeko momentua bi taldeetako neskei.
Prozesuaren naturaltasuna azpimarratzen dute bi taldeetatik. Diotenez, gauzak indarrez egiten ez direnean atzetik datozen gaztetxoek natural ikusiko baitute emakumeen parte hartzea. Honela Ismael Lasarteren hitzetan "ez da tradizioa apurtzen, egin egiten da, sasoietara moldatu". Moldaketa honetan dantzarien aukeraketan ere aldatetak emango dira. Akordioaren aurretik txistulariek herriko dantzari gizonezko ezkongabeen artean aukeratzen zituzten dantzariak, baina aurrerantzean "dantzaria ez da zertan gaztea eta ezkongabea izan: emakumea, gaztea, heldua, ezkondua, ezkongabea... izan daiteke".
Talde mistoak plazan dantzan ikustea da itxaropena, nahiz eta oraindik bidea egiteko dagoela ikusten duten biek, hala nola, dantzarien jantziei dagokienean.
Hona Anboto aldizkariak argitaratutako elkarrizketa osoa:
-
Dantzen tradizioa sasoi berrietara egokituz 2016-07-08)