Dokumentuaren akzioak
Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere
"Dantza modernoak? Gazte, dibertitu zaitez beste modu batera!". Horrela zioen Frankismo garaiko lema batek. Genero estereotipoak eraiki eta ezartzeko indar handia egin zuen Frankoren diktadurak Espainian 1940 eta 50eko hamarkadetan. Emakumearen irudia nola eraiki eta zabaldu zen erakusten du Diego Galan-ek zuzendutako "Con la pata quebrada" dokumentalak. 2016ean eskaini da La2 telebista kate espainiarrean dokumentala, eta garaiko zineko irudiak baliatu dituzte berau egiteko, zehazki 180 filmetako zatiak erabili baitira.
Errepublika garaian eta aurreko urteetan emakumeen berdintasunaren bidean emandako aurrerapausoak eten eta nazioartean zabaltzen ari ziren emakume eredu berrien sarrera oztopatu nahirik, Espainiar emakumearen eredu otzan eta apala asmatu eta zabaldu zuen diktadurak. Dantza eta janzkera borroka horren guda-zelai garrantzitsuak izan ziren.
Aberriak eskatzen dizu
Bitxia da ikustea nola espainiartasunari dei egin zitzaion eredu hori ezartzeko: "Mujer española, que es decir mujer católica. Si siéndolo cediste en usar modas francesas inmorales..., ahora por patriotismo no puedes seguir haciéndolo" eta ondoren, "Decidete hoy a ser Española de verdad. La patria te lo pide".
Frantziatik eta Ameriketatik zetozen dantzakera eta janzkera modak oztopatu nahirik, "Mujer española, mujer católica" leloa asmatu eta etxeko-lanetan, eta janzkera eta dantzakera apalekin aritzera bultzatu zituzten emakumeak. Dantza likinak Espainiaren gainbeherarekin lotzen zituzten lema horien bidez: "Zer uste duzu, emakume, ohitura immoralek ez dutela zerikusirik Espainiaren zorigaitzekin? Izan zaitez zuhur zure jantziekin, zure ohiturekin, zure giroarekin, zure dibertsioekin... Ez itzazu erakarri zigor gehiago zure immoralitateekin".
Espainiaren aldeko abertzale onak, kristau onak, emazte onak eta ama onak izaten laguntzeko zerbitzu soziala sortu zuten, emakumeen soldaduzka moduko bat, baina armak erabiltzeko baino etxeko lanak egiteko eta emazte otzan, langile eta esanekoa izateko prestatzen zituena. Dantza eta janzkera probokatzailearen ordezko eredu egokia Falange Españolaren Sección Femeninako "Coros y Danzas" taldeen bidez antolatu zen: jantzi erregionalak diseinatu zituzten, estereotipo neurritsu eta otzanarekin bat zetozenak, eta dantza eta dantzakera apalak egokitu eta sortu zituzten, atzerriko dantza lizun eta gordinen aurrean Espainiar ereduzuhur eta apala erakutsiko zutenak.
Femeninoak bai, feministak ez
Sección Femeninaren zuzendariak, Pilar Primo de Riverak zioenez, "femeninoak izan behar gara, ez feministak". Izan ere, emakumeei sortzaile talentua falta omen zitzaien, hori Jainkoak gizonen adimenarentzat gorde baitzuen.
Sección Femeninako dantza eta abesbatz talde horien inguruan egindako filme baten irudiak jaso dituzte dokumental honetan. Ronda Española da filme hori, 1952 urtekoa, eta lehen ere ikusi izan ditugu filme horretako pasarteak. Oraingoan, besteak beste euskal poxpolin talde bat Espainiako banderarekin Agintariena egiten ageri da, eta ondoren, hainbaten artean "Uno de enero, dos de febrero..." sanferminetako kanta ezaguna abesten ageri dira.
"Emakume espainola: otzana eta xumea, bereziki dantzan", Con la pata quebrada, Diego Galán, La2, 2016-01-17.
Etiketak
- generoa
- ronda-española
- agintariena
- espainia
- xxmendea
- 1940-50
- tradizionala
- bandera
- 1952
- espainiako-bandera
- irudi-zaharrak
- frankismoa
- emakumea-dantzan
Dokumentuaren akzioak
Dantzaren eremuan, kasu askotan, gizonezko estereotipoa sortzen da emakumezkoarena eraikitzen den unean. Adibidez, korpus dantzariak edo San Joanetako ezpata-dantzariak ez ziren gizon-dantzariak, dantzariak edo ezpata-dantzariak ziren, zapatariak, medikuak edo txistulariak ziren moduan. Une zehatz batean, emakumeen estereotipoa eraikitzen da eta horrekin emakumeei 'dantzari' izateko aukera ukatzen zaie, dantzari emakumearen figura sortuz, eta aldi berean, ordurarteko 'dantzari' figura desagertu egiten da eta 'gizon dantzari' bihurtu.
Beraz, hemen ez gaude bakarrik genero baten konstrukzioa deseraikitzen, sistema bitarra da auzitan jartzen ari garena, eta bi konstrukzioak desegiten. Kasu batzuetan, gonak eta pololoak ez dira feminitatearen ezaugarri, baizik eta genero sistemaren ezaugarri. Niretzat genero kruzeak bultzatzea (emakumeak prakak eta gizonezkoek gonak jartzea) ez du sistema bitarra hausten, baizik eta genero estereotipoak berresten ditu.
Garai batean ez bezala, medikuak gizon eta emakume ditugu gaur egun, medikuntza da alorra eta medikuak horretan jarduten dutenak, ez dago mediku femeninorik ez mediku maskulinorik, eta ez dago mediku izateko modu maskulinorik ez femeninorik. Janzkera gorputzaren araberakoa da (altuagoa, txikiago, argalagoa, gizenagoa, bulartsuagoa, bularrik gabekoa, aldaka zabalduna, estua,...) ez dago emakume medikuaren uniforme bat eta gizon medikuaren uniforme bat. Lehengo emakume medikuek gonak zebiltzaten, baina ez emakume mediku izateko hori behar zutelako, gizarteak (estatuak, elizak eta horien eraginez gizarteak...) emakumeak gona janztera behartzen zituelako baizik.
Orain zaila da irudikatzea, baina orain 50 urte ez zegoen emakume txistularirik. Txistulari izatea, txistua jotzea gizonezkoen jarduera zen. Lehenengo emakume txistulariek gonarekin jotzen hasi ziren. Zure herrian bertan orain gutxi arte emakumeek txistulariek gona jantzi dute. Ez dago txistua jotzeko modu femenino ez maskulino bat. Txistua musika da, eta mila modutakoa izan daiteke, baina ez du generorik. Ez lukeena zentzurik izango da genero estereotipoak deseraikitzeko gizonezkoak gona jartzea txistua jotzeko.
Tradizioan errotua dagoen tokietan gonak ez du genero markarik. Oñatiko Korpusean, Villabuenako dantzetan edo Iturengo joaldunetan, gizonezkoek gona janzten dute. Emakume jantzita daude? Ez, horixe. Dantzari jantzita daude. Emakumeek horietan parte hartuz gero (gehienetan ari dira) ez dute "emakume dantzariaren" estereotipoa eraiki beharrik. Dantzaria generorik gabeko kategoria baita testuinguru horietan, ez dago genero marka erreproduzitu beharrik, dantzari izan eta kitto: batzuk argalago, beste batzuk altuago, norbait gizenago, halako txikiago... dantzariak denak.
Galdera litzateke niretzat, guk gizon (gizon-gizon, edo ia-gizon, edo erdi-gizon) moduan orain arte monopolizatu dugunok espazio publikoa eta boterea oro har, zer egin behar dugu aurrerantzean? Zein pauso eman behar ditugu atzera?