Dokumentuaren akzioak
espainiako-bandera etiketa duten bideoak
Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere
"Dantza modernoak? Gazte, dibertitu zaitez beste modu batera!". Horrela zioen Frankismo garaiko lema batek. Genero estereotipoak eraiki eta ezartzeko indar handia egin zuen Frankoren diktadurak Espainian 1940 eta 50eko hamarkadetan. Emakumearen irudia nola eraiki eta zabaldu zen erakusten du Diego Galan-ek zuzendutako "Con la pata quebrada" dokumentalak. 2016ean eskaini da La2 telebista kate espainiarrean dokumentala, eta garaiko zineko irudiak baliatu dituzte berau egiteko, zehazki 180 filmetako zatiak erabili baitira.
Errepublika garaian eta aurreko urteetan emakumeen berdintasunaren bidean emandako aurrerapausoak eten eta nazioartean zabaltzen ari ziren emakume eredu berrien sarrera oztopatu nahirik, Espainiar emakumearen eredu otzan eta apala asmatu eta zabaldu zuen diktadurak. Dantza eta janzkera borroka horren guda-zelai garrantzitsuak izan ziren.
Aberriak eskatzen dizu
Bitxia da ikustea nola espainiartasunari dei egin zitzaion eredu hori ezartzeko: "Mujer española, que es decir mujer católica. Si siéndolo cediste en usar modas francesas inmorales..., ahora por patriotismo no puedes seguir haciéndolo" eta ondoren, "Decidete hoy a ser Española de verdad. La patria te lo pide".
Frantziatik eta Ameriketatik zetozen dantzakera eta janzkera modak oztopatu nahirik, "Mujer española, mujer católica" leloa asmatu eta etxeko-lanetan, eta janzkera eta dantzakera apalekin aritzera bultzatu zituzten emakumeak. Dantza likinak Espainiaren gainbeherarekin lotzen zituzten lema horien bidez: "Zer uste duzu, emakume, ohitura immoralek ez dutela zerikusirik Espainiaren zorigaitzekin? Izan zaitez zuhur zure jantziekin, zure ohiturekin, zure giroarekin, zure dibertsioekin... Ez itzazu erakarri zigor gehiago zure immoralitateekin".
Espainiaren aldeko abertzale onak, kristau onak, emazte onak eta ama onak izaten laguntzeko zerbitzu soziala sortu zuten, emakumeen soldaduzka moduko bat, baina armak erabiltzeko baino etxeko lanak egiteko eta emazte otzan, langile eta esanekoa izateko prestatzen zituena. Dantza eta janzkera probokatzailearen ordezko eredu egokia Falange Españolaren Sección Femeninako "Coros y Danzas" taldeen bidez antolatu zen: jantzi erregionalak diseinatu zituzten, estereotipo neurritsu eta otzanarekin bat zetozenak, eta dantza eta dantzakera apalak egokitu eta sortu zituzten, atzerriko dantza lizun eta gordinen aurrean Espainiar ereduzuhur eta apala erakutsiko zutenak.
Femeninoak bai, feministak ez
Sección Femeninaren zuzendariak, Pilar Primo de Riverak zioenez, "femeninoak izan behar gara, ez feministak". Izan ere, emakumeei sortzaile talentua falta omen zitzaien, hori Jainkoak gizonen adimenarentzat gorde baitzuen.
Sección Femeninako dantza eta abesbatz talde horien inguruan egindako filme baten irudiak jaso dituzte dokumental honetan. Ronda Española da filme hori, 1952 urtekoa, eta lehen ere ikusi izan ditugu filme horretako pasarteak. Oraingoan, besteak beste euskal poxpolin talde bat Espainiako banderarekin Agintariena egiten ageri da, eta ondoren, hainbaten artean "Uno de enero, dos de febrero..." sanferminetako kanta ezaguna abesten ageri dira.
"Emakume espainola: otzana eta xumea, bereziki dantzan", Con la pata quebrada, Diego Galán, La2, 2016-01-17.
Dokumentuaren akzioak