Emakumea atera da aurresku Ordiziako Santanazaleen esku-dantzan

2022/08/01
Emakumea atera da aurresku Ordiziako Santanazaleen esku-dantzan

Orain arte gizonezkoek bete dituzte aurresku eta atzesku paperak Ordizian egiten den Santanazaleen esku-dantzan, baina aurtengoan emakume batek gidatu du soka, Maria Balluerkak, hain zuzen ere. Eñaut Gereñu izan du sokaren azken lekuan lagun, atzesku lanetan beraz. Aurreskua ez ezik, maiordomoak ere emakumeak izan dira: Garazi Mujika eta Larraitz Bueno.

Santanazaleen esku-dantza, Ordizia, 2022-07-27. Argazkia: Ordiziako Udala

Santanazaleen soka-dantzan ezkonberriak hartzen dute parte. Urte horretan ezkondu diren bikoteak karrika-dantzan ibiltzen dira, geldialdietan fandango eta arin-arina dantzatzen dituzte eta, azkenik, plazan aurreskua dantzatzen dute. Aurten 14 herritar atera dira dantzara, 12 bikote eta bakarkako bi.

Santanazaleen esku-dantza, Ordizia, 2022-07-27. Argazkia: Ordiziako Udala

Amets Bide dantza taldeko kideekin prestatu dituzte dantzak ezkonberriek. Maria Balluerka lehenengo emakumea izan da Ordizian aurresku paperean, baina ez da familiako lehen aurreskua, aitak eta aitonak ere ezkondu zirenean soka gidatu baitzuten.