Emakumeek aurreskua dantzatu zuten Añorgan 1944an Pujanaren begiradapean
Añorgan, 1944ko festetan lantegiko langileen meriendaren ondoko aurreskua, neskek dantzatu zuten. Halaxe dago jasota Añorgak 75 urte dantzan liburuan:
"Nesken sokak atera zituen mutilak, Rezolako agintariak eta abar. Aurresku hartan Milagros Basurto izan zen aurresku eta Tani Soroa atzesku, eta Julian Rezola eta Jose Irastorza atera zituzten hurrenez hurren haiek. Sokan gerra aurreko taldeetako neskak ziren ia denak eta Mª Jesus Gaston bakarrik izan zen, Lorenzo Pujanak sarrarazita, gazteen artetik bertan parte hartu zuena; horrez gain, aurreko taldeetan ibili gabe zen Karmele Egaña ere han izan zen parte hartzen."
Garaiko Hoja Quincenal delakoan ere aipatu zuten Añorgako nesken aurreskua: "Merece mención especial el aurresku a cargo de las señoritas del barrio. A pesar de la prevención con que se acogió el anuncio de éste número, y de los juicios poco favorables con que se le arropó, resultó simpatiquisimo, alegre y sano. Y ya se sabe que cuando un festejo es sano es moral. El aurresku en los postres de la merienda de confraternidad pasará a la historia de las fiestas de Añorga como símbolo de alegría y hermandad."
Argazkian ageri dira, Jose Lorenzo Pujana dantza-maisuarekin batera, 1944an aurreskua dantzatu zuten dantzariak. Ezkerretik eskuinera, Rosi Urrestarazu, Josefina Marañon, Karmele Egaña, Tani Soroa, Angelines Marañon, Angelines Tolaretxipi, Milagros Basurto, Alejandra Yurramendi, Pilar Izagirre eta María Jesus Gaston. Argazkian Isabel del Campo falta da.
1980eko hamarkadan ere bai
Urte batzuk beranduago ere, 1980ko hamarkadan, Añorgako Arkaitz dantza taldeko neskek aurreskua dantzatu zuten. Aurresku lanetan Itziar Otamendi ageri zaigu eta atzetik sokan Alex Ollo, Jexux Alkorta, Joxe Eduardo Alberro, Idoia Arizmendi, Jose Luis Lopez eta Idoia Zulaika.