Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kattalin Agerre Zu irteten zaren egunean

Dokumentuaren akzioak

Zu irteten zaren egunean

2019/07/10 13:15
Zu irteten zaren egunean

San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Goizeko 8:00rak baino zertxobait lehenago iritsi gara Lesakara. Lurra bustita dago, potzuak eta bezperako parrandako hondarrak nonahi. Autobusera igotzen ari da gazte andana, batzuk erdi lo beste asko oraindik builaka. Plazara bidean bikote bat etxeraka, beste bi lagun eztabaidan eta zubi ondoko ostatu kanpoan eserita, etxera joateko inongo intentziorik ez duen koadrila gurutzatu ditugu. Udaletxe azpian txistulariak, parrandatik zuzenean agertu diren gazteak eta goizeko 8:00etarako arrankada inoiz galtzen ez duten lesakarrak topatu ditugu. Kamerak prestatzen hasi orduko entzun ditugu zintzarri hotsak, ezpata-dantzariak ere iritsi dira. Arropei azken ukituak egin eta arrankadarako kokatu dira.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Lesakar askoren iritziz goizeko arrankada da eguneko unerik kuttunena. Momentu hunkigarria benetan, denak isilik dantzariei begira-begira gaudela, txistularien doinua hasi eta bat-batean, indartsu irten dira kalean aurreraka ezpata-dantzariak. Dantzarien indarra barruraino iritsi zaigu, tripak buelta emateraino. Aitzineskuak ere oilo ipurdia jarri zaiola aitortu digu. Aurtengoa bereziki indartsua izanda, ikusleen artean malkoek ihes egin dienik ere ikusi dugu. Neska-mutilek osatutako ezpata-dantzari taldeak arazorik gabe ekin dio eguneko lanari. 

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Makil gurutzeak eginez elizara igo dira meza isilera. Dantzariak barrura sartu dira eta txistulari gehienak atarian gelditu dira. Txistulari bat emozioari eutsi ezinik dago, pozik malkotan eta aldameneko lagun neskari honakoa esan dio belarrira "gaur horrela banago zu irteten zaren egunean...".

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Egun handiena

San Fermin eguna berezia izan ohi da Lesakan, eta aurtengoa zer esanik ez, ezpata-dantzari taldea neska-mutilek osatu baitute lehen aldiz. Egun handia igandea egokituta ez zen gutxiago espero, Euskal Herriko punta guztietako jendea elkartu da Lesakan. Herritarrak, une historikoak erakarri dituen dantzari eta dantza zaleak edota bezperatik erretiratu gabeko parrandazaleak, denak Onin ibaiaren bueltan, dantzarien zain.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Ezpata-dantzariak dira Lesakan San Fermin eguneko protagonistak eta aurten historia egin dute. Bereziki ikusleen begiek emakume ezpata-dantzarien gainean jarri dute arreta aurtengoan, baina hemendik aurrera ez da bereizketarik egingo, denak izango dira ezpata-dantzari.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Neska-mutil ezpata-dantzariak

Hilabete lehenago hasten dira San Ferminetako dantzak prestatzen. Ezpata-dantzari irten nahi dutenak entseguetara agertu eta dantzak ikasten hasten dira, baina normalean urte batzuk pasatzen dira dantzak ikasi eta kalera dantzara irteteko. Ezpata-dantzari beteranoren batek bere postua uzten duenean ematen zaio aukera dantzari berri bati. Duela hiru urte neska batzuk entseguetan parte hartzen eta dantzak ikasten hasi ziren. Hiru urte pasata, ezpata-dantzari taldean parte hartzeko aukera iritsi zaie.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Aurten honako dantzariek osatu dute ezpata-dantzari taldea: Unai Gurrutxaga, Igor Gurrutxaga, Fernando Etxegarai, Martin Etxegarai, Mikel Arriola, Andoni Arriola, Xabier Arriola, Bittor Etxabide, Jon Erro, Alaitz Etxabide, Maddi Taberna, Mikel Maia, Xuban Larretxea, Fred Ramos eta Leire Pastor.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Prozesua natural joan dela azaldu dute, baina aurtengo ezpata-dantzari taldea osatzeko orduan bozketa egin dute beteranoek eta neskek dantzatzearen aldeko bost eta kontrako bost boto izan dira dira. Berdinketa ikusita, entseguetan dabiltzan dantzariei eman zaie bozkatzeko aukera eta horrela neskek dantzatzearen aldeko iritzia gailendu da.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Bigarren arrankada 

Meza bukatzean hamarretakoa egin eta bigarren arrankadarako prestatu dira. 10:30ean, goizean goiz egin bezala, dantzariak ilaratan kokatu dira bigarren arrankadarako. Orain Musika Bandak lagunduko ditu. Jendetza bildu da udaletxe inguruetan, lehen orduan gau-guztikoa eginda zeudenetako batzuk erretiratu dira eta egun handirako fresko-fresko atera diren lesakarrek ordezkatu dituzte kale kantoietan.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Bapatean itxiltasuna egin da. Ezpata-dantzarien taldea tinkatu egin da, lasterketa baterako irteera bailitzan. Musika bandaren lehen notarekin batera ziztu bizian abiatu dira dantzariak, ikusleen txalo eta oihu artean. Lehenengo arrankada barruraino sartzen bada, musika bandaren Napoleones doinuarekin egindako arrankadak dardaran jarri gaitu eta egun osoan zehar ez dute alde egingo soinu, erritmo eta dantzarien indarrak eragiten dituzten kilimek.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ezpata-dantzariekin batera igo dira elizara agintariak ere. Ladis Satrustegi alkateak atabala aginte-makilarekin ordezkatu du bigarren igoaldian. Bereziak ditu aurtengo sanferminak, inoiz baino lanpetuago dabil musikari eta alkate lanak uztartu nahian. Elizako sarrerara iritsi eta makilekin arkua osatu dute ezpata-dantzariek, horien azpitik igaro dira bertaratutako herritarrak. Dantzariak musikaren erritmoan oinak mugitzen jarraitzen dute eta behin eta berriz errepikatzen dute musikarekin batera "porobon pon pon pon pon...", tarteka azpitik pasa direnak agurtzen dituzte irribarrez.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Meza ondorenean bandera-dantzatu eta plazarantz abiatu dira. Dantzariak makil-gurutzeak eginez ibili dira goizean zehar kalean gora eta behera. Dantzariak abiadura bizi-bizian mugitzen dira alde batetik bestera, lurra bustita egoteak tentsio handitu du. Ezpata-dantzari batek irrist egin eta lurrera jauzi da, baina inor ohartu baino lehen jaiki eta jarraitu du lanean, irribarre txiki eta guzti. Dantzarientzat ez da eguraldirik egokiena izan gaurkoa, lurra bustia eta sargori handia. Xiri-miria eta izerdia denak batuta, dantzariak blai eginda dabiltza alde batetik bestera.

Zeharkakoak eta zubigainekoa

Prozesioan elizatik udaletxeko plaza aldera jaitsi direnean ezpata-dantzariak, leporaino beteta zeuden Onin ibaiaren ertzak; lan ederra izan du udaltzaingoak trafikoa eta bertaratutako jendetza kontrolatzen. Denak zubigainekoa ikusteko desiratzen, ordubetetik gora egon dira ikusleak zain, zubigainekoaren aurretik bi zeharkako dantzatu behar ziaten baitituzte dantzariek; bata Plaza Zaharrean eta bestea Ziobiko plazan.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Zeharkakoak dantzatu ondoren, zubira iritsi dira ezpata-dantzariak, txalo zaparrada artean hartu dituzte ikusleek. Musika banda isildu denean dantzariak ibaiaren alde banatako petrilera igo dira, berriro txaloak eta oihuak. Halako batean iritsi da horrenbeste itxarondako momentua: Onin ertzean ezpata-dantzariek zubigainekoa dantzatu dute. Bizitzan behin bada ere zuzenean bizi beharreko momentua.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Leitzako ingurutxoa
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zubitik jaitsi eta berriro plazara abiatu dira azken zeharkakoa dantzatzera. Dantza horrekin bukatu dituzte goizeko lanak. Udaletxeko arkupeetan elkartu dira ezpata-dantzariak, udal-ordezkariak, familiakoak eta lagunak. Besarkadak, muxuak eta irribarreak nonahi, denak pozik.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Arratsaldeko saioa

Bazkaltzen indarrak hartu eta 18:30ak aldera eguneko bigarren saioa eman dute dantzariek. Oraingoan ezpata-dantzariekin batera beste hamabost neska irten dira plazara. Ezpata-dantzariek plazaren inguruan zantzo-monona dantzatu dute aurrena. Herritarren oihuek auspotuta, hori da abiadura harrapatzen dutena dantzariek! Ondoren, esku-dantzan sartu dira plazara hogeita hamar dantzariak.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

 

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Denak sokan dantzan, bakoitzak bere bikoteari barre txikiak eginez. Jarraian aitzineskuak agurra dantzatu dio bere dantza-bikoteari, ez du falta izan gainerako ezpata-dantzarien animorik. Jota eta arin-arinarekin bukatu dituzte lanak.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

2019. urtea Lesakako ezpata-dantzarien historian borobilduta geldituko da, lehen aldiz emakumeek dantzatu zuten urtea. Hemendik aurrera genero bazterketarik gabeko ezpata-dantzari taldea izango da Lesakan, mutil edo neska kontutan hartu gabe, denak ezpata-dantzari.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza
San Fermin eguneko dantzak, Lesaka, 2019-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Argazki galeria: Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kattalin Agerre

Kattalin Agerre

Urratsez urrats. Dantzaz dantza. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Kattaliñaño nauzu, Agerreko alaba. Ez nauzu gehiago Murde Beltzuntzen beldurrez.

 

Emakumeak dantzan: gertatzen ari da

Legazpi: ezpata-dantza (1915-2015)

Deba: San Roke dantzan (1967, 2013)

Durango: dantzari-dantza (2015)

Lasarte (2011), Arizkun (2011)

Villabuena (2013), Pasaia (2015)

Ermua (2015), Barakaldo (2015)

Zumarraga: ezpata-dantza (2015)

Bera: makila-dantzak (2015)

Leitza: ezpata-dantza (2015)

Durango: San Fausto (2015)

Antzuola: trokeo-dantzak (2015)

Ermua: dantzari-dantza (2015)

Unanu: mamuxarroak (2016)

Goizaldi: Gipuzkoako dantzak (2016)

Luzaide: Bolant-dantzak (2016)

Ajangiz: dantzari izandakoei omenaldia (2016)

Nesken parte hartzea Santa Agedatan

Berriz: emakumeak dantzari-dantzan parte hartzeko (2016)

Antzuola: Mairuaren Alardeko trokeo-dantzak (2016)

Itziar: Gazteen aurreskua (2016)

Aizarna: Aurreskua (2016)

Elgoibar: Soka-dantza (2016)

Durangaldeko ezpata-dantzari eguna (2016)

Luzaide: Jauziak (2017)

Lezo: Soka-dantza (2017)

Zaldibar: Dantzari-dantza (2017)

Iurreta: dantzari-dantza (2018)

Aduna: axeri-dantza (2018)

Goizueta: zahagi-dantza (2019)

Beasain: umeen aurreskua (2019)

Berriz: dantzari-dantza (2019)

Lesaka: ezpata-dantza (2019)

Lizartza: dantza-soka (2019)

Monteagudo: paloteadoa (2019)

Markina: saragi-dantza (2020)

Markina: karmenetako aurreskua (2020)

Abaltzisketa: Txantxoak (2022)

Donibane Lohizune: Donibaneko aurreskua (2022)

Lekeitio: Kaxarranka (2022)

Ordizia: Santanazaleen aurreskua (2022)

Markina: ezpata-dantza (2022)

Uztaritze: Kaskarotak (2023)

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak (2023)

Atzerrian:

Neska-mutil kurduak: gerra eta dantza

Genero rolak hankaz gora tangoan

Boise: Oñatiko dantzak (2019)

Generoa dantzan: lehengo kontuak:

Behin batez yoan ninduzun

Emakume espainola: otzana eta xumea, baita dantzan ere

Balletaren maskulinitatea

Potxuak, Idahon aurreskua dantzatzen zuten emakumeak

Orio: aurreskua (1942)

Añorga: aurreskua (1944)