Orain 75 urte, Orion, emakumeek dantzatu zuten aurreskua Kontxan lortutako garaipena ospatzeko
Oriok irabazi ditu 2017ko Donostiako estropadak eta, orain dela 75 urte ere, 1942an, oriotarrak izan ziren garaile Kontxan. Kutxatekan gordetako argazki hauek Orioko arraunlariek Kontxako bandera irabazi eta herrian egin ziren ospakizunekoak dira.
Emakumeak aurreskua dantzatzen ikus daitezke irudietan. Domingo Mitxelena patroi zutela, Kontxako bandera irabazi zuten Orioko arraunlariek, eta garaipena ospatzeko kalejira, meza, aurreskua, bazkaria eta festa antolatu ziren Orion.
Hain zuzen soka-dantzan ageri dira hainbat emakume zuriz jantzita, aurreskua dantzatzen. Ondoko argazkian, Domingo Mitxelena patroia izan daiteke aurreskulariaren parean dagoena.
1921eko Santurtziko estropadetan emakumeek arraunlariei dantzatutako aurreskuaren tankera handia dute irudi hauek. 20 urte beranduago eta Orion dira irudiak, baina bietan errepikatzen da eszena: herriko arraunlariek estropada garrantzitsuak irabazi dituzte, harrera egin diete herrian, eta herriko emakumeek atera dute soka-dantza, aurreskua dantzatuz.
Arraunlari eta emakume dantzariek, talde argazkia ere egin zuten elkarrekin.
Pascual Marin eta Vicente Martin-ek egindako argazkietan festako hainbat une ikus daitezke, Donostiako estropadetatik hasita, arraunlariak Orion, ontzian bertan irabazitako bandera beraiekin dutela, eta prozesio eta aurreskukoak barne.
- Estropadetan garaipena ospatzeko festa Orion 1942an (Pascual Marin, Kutxateka)
- Estropadak Donostian, Orion garaipena eta festa Orion 1942an (Vicente Martin, Kutxateka)