Dokumentuaren akzioak
Santurtzi 1921 Ohorezko aurreskua emakumeen eskutik
Mugarria den dokumentu historiko zoragarria da irudiotan ikus dezakezuena. Emakumeek euskal dantzan zuten parte hartzeari buruz azken urteetan defendatzen ari ziren ideiak berretsi eta gure dantzen historia begiratzeko moduan zartako erabakiorra ematera dator. Ondoko artikuluan, Emilio Xabier Dueñas-ek bildu ditu filme honen jatorria eta testuinguruari buruzko xehetasunak: "Nesken aurreskuan bukatu zuten estropadak".
Soka-dantza irudi zaharrenetakoak izateaz gainera, ezagutzen ditugunen artean, emakumeek eskainitako soka-dantza baten irudi zaharrenak dira honakoak. Gainera, horren berri ez zegoen eremu eta data batean, Santurtzin eta 1920eko hamarkada hasieran.
Gutxienez dantzaren eta protokoloen inguruko bi gai mahai-gainean jartzen ditu filme honek. Batetik, generoari dagokiona. Argi uzten du emakumeek aurreskuak eta soka-dantzak egin izan dituztela. Bestetik, gaur egun nagusitu den aurresku indibidual eta gimnastikoaren aurrean, ohorezko aurreskua sokan egiten zen dantza dela agerian jartzen du. Eta beraz, beste behin ere, agerian jartzen du ohorea ez datorrela norbanako baten erakustaldi akrobatiko bati begira egotetik, baizik eta elkarri eskuak emanez, eskuz esku beraz, osatutako sokarekin egiten den dantzan parte hartzetik. Ohorea ez dela izan aurreskua "errezibitzea", ohorea aurreskuan parte hartzea izan dela.
Wikipediara gazteleraz sartu eta aurresku sarrera irakurri: "en este baile la mujer no baila, sino que es bailada". Aita Donostiak ere horixe zioen 1932an. Azken hamarkadetan, hainbat folklore ikertzailek esaldi horren faltsutasuna ageria jarri dute. Fernando Rojok 1999. urtean nabarmendu zigun Azkuek Izturitzen bildutako kantan emakume batek gidatzen zuela soka-dantza: "Behin batez yoan ninduzun...". Josu Larrinagak 2004an ohartarazi zigun emakumeen soka-dantzak ohikoak izan direla XVIII. eta XIX. mendeetan, baita XX. mende hasieran ere hainbat herritan. Urteotan Iñaki Irigoienek hainbat eta hainbat testigantza bildu eta ezagutarazi ditu, emakumeek hainbat eratako dantzetan parte hartu izan dutela, eta bereziki soka-dantza eta aurreskutan parte hartze zabala izan dutela agerian jarriz.
Baina irakurtzea gauza bat da, eta ikustea beste bat. Eta Santo Tomas bezala, ikusi gabe sinestu ezinik zeudenentzat, honako irudi hauek argigarriak izango diren itxaropena dugu, ikusi nahi ez duen itsuari argia egitea ezinezkoa dela jakin arren.
Esan bezala, irudien testuingurua zein den azaldu du Emilio Xabier Dueñas-ek honako artikulu honetan. 1921ean Santurtzin jokatutako estropadak irabazi zituen herriko ontziak, eta hori ospatzeko antolatutako festetan dantzatu zuen herriko neska talde batek honako soka-dantza edo aurreskua. Estropada irabazi zuten arraunlariei egin nahi izan zieten ohore aurreskuaren bidez, eta arraunlariak eta agintariak sartu zituzten sokan.
Jatorrizko montajetik soka-dantzaren zatia bakarrik ikus daiteke hemen, eta bertan aldaketa txiki eta bakar bat egin diogu bideoari. Hasieran ageri ziren dantza solteko irudietako batzuk bukaerara eraman dugun. Bukaeran baitzeuden horien aurrekoak diruditenak, eta beraz, iruditu zaigu bukaerako joten sekuentzia zatitu, eta azken zatia hasierara eramana zela. Beste aldaketarik ez diogu egin montajeari, jatorrizkoan dagoen ordena errespetatu dugu. Hauxe da beraz planoz plano filmean ikusi daitekeena:
00:00 Bi emakume agintarien aurrean ageri dira aurreskua dantzatzen. Txistulariak ezkerrean eta arraunlariak eskuinean ikus daitezke. Itxura guztien arabera soka-dantzan aurresku eta atzesku egingo dutenak dira agintarien aurrean dantzan ageri direnak. Soineko argia daramana iruditu zaigu aurreskulari lanetan aritu dela soka-dantzan eta soineko iluna daraman atzesku lanetan. Juana Agirre aritu omen zen aurreskulari eta Maria Fernandez atzeskulari.
00:10 Aurreskua ageri da sokaren buru eginez, sokari tira eginez atzera begira dantzatzen duen bitartean. Soka emakumez osatuta dago erabat, eta hamabigarren dantzaria pantailan sartzean aldatzen da planoa. Sokan parte hartu zuten emakumeetako batzuren izenak jaso ziren filmean: Elena Goyarzu, Maria Pagazaurtundua edo Maria Ibarra adibidez.
00:18 Bi zerbitzariek arraunlari bat atera dute aurrera, txistulariak eskuma aldean daude orain, eta emakume bat etorri zaio aurrera bere aurrean dantzatuz. Arraunlaria Daniel Obregón “Resaca”, ontziko patroia izan daiteke. Dantzaria ez da hasierako soka gidatu duena, beraz, atzeskua izan liteke hau. Aurrera eta atzerako urratsak eta birak tarkeatzen ditu arraunlariaren aurrean.
00:32 Arraunlariak sokan sartzen ageri dira. Bi emakume, soka-dantzan zerbitzari lanetan ari direla dirudi, baina une horretan arraunlari guztiak batera sartzen direla ikus daiteke.
00:46 Soka ageri da berriz, aurreskua sokatik tiraka lehen bezala eta atzera begira dantzan, baina oraingoan sokan ondoan duena, agintari jantzitako gizonezkoa da, eta ondoren emakumeekin tartekatuta arraunlariak ageri dira. Trajez jantzitako gizonezkoa Ildefonso de Arrola y Aqueche izan daiteke, Santurtziko alkatea eta estropaden antolaketa batzordeko kidea.
00:56 Sokaren azken zatia ageri da, eta sokatik askatuta aurreskua dago sokako azken arraunlariari dantzan. Hainbat soka-dantzetan ohikoa den "desafio gurutzatua" izan daiteke hau. Hau da, aurreskuak atzeskuaren bikotearen aurrean dantzatzen du eta atzeskuak aurreskuaren bikotearen aurrean. Pentsa daiteke, une hori, sokaren atzealdeko irudian ageri dela hemen.
01:03 Soka kalejiran ageri da. Emakume, alkate eta arraunlariekin batera beste zenbait agintari sokan sartuta daudela antzeman daiteke. Soka luzea da, hogei bikote inguru izan daitezke. Zubi bat egiten ari direla ikusten da. Hain zuzen ere, aurreskuak eta alkateak egindako zubitik pasa da soka osoa, eta azpitik pasatzerakoan, aurreskuak eta alkateak eskuarekin bizkarrean kolpatzen dituzte gainontzeko dantzari guztiak.
01:27 Orain zubia atzeskuak eta arraunlariak egiten dute, eta azpitik pasatzen ari da soka osoa. Hauek ere eskuarekin kolpatzen dituzte azpitik pasatzen diren guztiek bizkarrak.
01:37 Soka hausten da eta dantza soltea hasten da. Jota edo fandangoa dantzatzen hasten dira, borobil txikietan, bizpahiru bikote, eta bakoitzak bere aurrean duen bikotearekin dantzatuz.
Pentsa daiteke zatiak falta direla soka-dantzaren sekuentzian. Adibidez, aurreskuak eta atzeskuak agintariei harrera egin eta soka atera ondoren, zerbitzariek plazara atera eta aurreskuak dantzatuko zion lehen pertsona alkatea izango zela irudika dezakegu, nahiz eta zati hori ez den ageri filmean.
Bukatzeko, pelikula garrantzitsu hau gure eskuetara iristearen erantzuleak aipatu eta eskertu behar ditugu. Filmea Ildefonso de Arrolak, garai hartan Santurtziko alkate zenak kontratatu zuen produktorak grabatu zuen, eta ondoren berak gorde zuen, zendu zen arte. Ondoren, bere seme Ildefonso Arrola Elias-ek gorde du filmea, eta berak eman dio baimena Emilio Xabier Dueñas-i irudiok zabaldu eta ezagutzera emateko.
Pelikula, Euskadiko Filmategian, Juan Carlos Fernandez Caldevillak utzi zuen 2014ko apirilaren 2an. Filmategiko kontserbazio-zuzendari den eta dantzari urte askotan aritu izan den Ion Lopez-en eskutik, Soka erakusketa prestatzeko filmeen bilketa burutzen ari zen Euskal Kulturaren Erakundeko Jakes Larrek ikusteko aukera izan zuen. Jakes Larrek, Soka erakusketan aholkulari aritu den Oier Araolazarekin konpartitu zuen filmea. Hain zuzen ere, Soka erakusketan ikus daiteke filmea —Biarritzen izan zen 2015ko irailean eta 2016ko otsailean Donostian— eta era honetako beste hainbat altxorrekin batera Koldo Mitxelena Kulturunean da ikusgai 2016ko apirilaren 2 arte.
Gutxienez horiei guztiei esker dugu gaur, dantzan.eus-en honako filme garrantzitsu hau ezagutzera emateko aukera. Mila esker denei beraz.
Irakurri Emilio Xabier Dueñas-ek filme honen testuinguru eta jatorriari buruzko bildutako xehetasun eta argibideak eta ikusi jatorrizko filmea osorik ondoko loturetan:
-
Nesken aurreskuan bukatu zuten estropadak (Emilio Xabier Dueñas, 2016-02-17)
-
Santurtzi 1921 Arraunlarien garaipenaren festa (filme osoa, 7'20)
Santurtzi, ohorezko aurreskua emakumeen eskutik, 1921-09-11.
Etiketak
- ohorezko-aurreskua
- soka-dantza
- aurreskua
- emakumeak
- emakumeak-dantzan
- xxmendea
- santurtzi
- tradizionala
- 1921
- irudi-zaharrak
- bizkaia
Dokumentuaren akzioak