Dokumentuaren akzioak
1921 etiketa duten bideoak
Lezama 1921 Dantzari-dantza ezteietan
1921ean Lezaman ospatu zen Julian de Ajuria eta Maria Luisa Landabururen ezteietan ezkonberrien omenez dantzatutako dantzari-dantzaren irudiak dituzue filme honetan. Txistulari eta atabalariaren atzetik sartzen da zelaira ezpata-dantzari taldea formazioan eta jarraian ezkonberriak eta gonbidatuak dantzan, bakoitza bere erara kalejiran, launaka, binaka, banaka... (00:00-01:02). Ondoren, agintariena (01:02), zortzinangoa (02:01), makil-jokoa (02:39), txotxongilo (2:59), ezpata joko txikia (3:54) eta banangoa (4:20) daude grabatuta, musikarien zein ikusleen irudiekin tartekatuta. Bukatzeko, ezpata-dantzari taldea ageri da bi lerrotan kokatuta eta ezpatak igota zubi edo arkua osatuta (5:12), eta ezkonberriak euren artetik pasatzen dira kotxean.
Durangaldeko dantzari-dantzan oinarrituta, baina egokitzapen batzuekin, Euzko Gaztedik prestatu zuen ezpata-dantzarako dantza-moldea antzematen da dantzari-dantza egiteko moduan. Adibidez, zortzinangoan eta banangoan salto egiten dute bueltaren aurretik. Mugimendu bera ikus daiteke txotxongiloan, bueltaren aurretik egiten duten salto txikiarekin.
Jatorrizko grabazioa 18 minutuko da, besteak beste, ezkontza eguna baino bi egun lehenago ezkongaiek andregaiaren familiaren etxean gertukoei eskainitako harrera ekitaldia eta ezkontza eguneko hainbat irudi agertzen dira. Bideo honetan dantza irudiak jaso ditugu. Garai hartako horrelako ezkontza-erreportaje asko ez dira izango, baina Ajuria ikus-entzunezkoen munduan bazen norbait. Enpresari eta zine ekoizlea izan zen. Ubiden (Bizkaian) jaio zen 1886an eta Argentinara emigratu zuen 1906an. Film mutuen komentarista gisa aritu zen lanean eta filmen kopiak alokatzeko sistema ezarri zuen. Hainbat film luze ekoiztu zituen eta Hego Amerikako banatzaile garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi zen. Geroago, filmak saldu eta banatzen ere ibili zen Espainian. Maria Luisa Landaburu Ciriaco Llodioren iloba zen, garaiko politikari eta enpresaburu garrantzitsua, eta Angetu etxea jarri zuen zegozkion ospakizunetarako. Angetu familia-etxean grabatutakoak dira dantza irudi hauek.
Irudiak: Ezkonberrien omenezko dantzari-dantza, Lezama, 1921-05-04.
Dokumentuaren akzioak