Dokumentuaren akzioak
Emazteek dantza guzietan parte hartzearen alde egin dute Luzaideko galdeketan
Boza eman duten 150 lagunetatik %75ek eman dute oniritzia, baina emakumeek bolanten ohiko jantzia erabiltzearen kontra daude %65
Luzaideko Bolanten Egunean emakumeek dantza guzietan parte hartzen ahal duten ala ez. Horixe galdetu zieten joan den martxoaren 24an, 25ean eta 26an Luzaideko (Nafarroa) herritarrei zein herriko dantza taldean noizbait aritu izan diren dantzari guziei. 150 lagun inguruk eman zuten boza, eta Bolanten Batzordeak ortziral arratsean jakinarazi zuen emaitza: botoa eman dutenetatik %75 agertu dira emazteek dantza guzietan parte hartzearen alde, %20 kontra, eta bertze %5en boza baliogabea izan da.
Pasatu berria da aurtengo Bolanten Eguna, eta, berez, heldu den urterako baliagarria izan beharko luke aurtengo bozketak. Hartara, heldu den urteko bestan emakumeek ere parte hartzen ahalko lukete Luzaideko dantza nagusietan —orain arte dantza bakar batzuetan baino ez ziren dantzatzen ahal andreak—.
Emazteek parte hartuz gero soinean eraman beharko luketenari buruz ere galdetu diete, ordea. Hau izan da erantzuna: boz-emaileen %65ek ez dute nahi emazteak gizonak bezala jantz daitezen. Hots, gehienen arabera, emazteek ez lukete bolanten ohiko jantzia eraman beharko: gaur egun erabiltzen duten arropa gonadunarekin segitu beharko lukete emakumeek. Boz-emaileen %18 baino ez dira agertu andreek ere bolanten jantzia eramatearen alde. %17ek bertze jantzi bat sortu beharko litzatekeela uste dute.
Nola jokatu, erabakitzeke
Emaitza argia da, baina Bolanten Batzordeak ez du oraindik jakinarazi heldu den urteko Bolanten Egunari begira nola jokatuko duen. Hurrengo urratsak erabakitzeko, bildu eginen dira.
Dokumentuaren akzioak