Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iratxe de Arantzibia Igor Yebra: “Bakarrik egin dut ia ibilbide guztia, nire buruaren bila”

Dokumentuaren akzioak

Igor Yebra: “Bakarrik egin dut ia ibilbide guztia, nire buruaren bila”

2017/01/10 08:30

Dantzanentzat esklusiban, Igor Yebrak errepasoa eman die bere ibilbideari eta helburu profesional berriei. Alexander Borodinen Igor printzea operan inspiratuta, amak bere hirugarren semea aukeratzean izandako bihozkada ezin hobea izan zen. Ez du ezeren eredu izan nahi, ihes egiten die estereotipoei eta badaki ibilbide “surrealista” izan duela. Berrogeita piko urterekin ez du adinik esaten, Igor Yebrak itzulingururik gabe hitz egin digu bere ibilbideari buruz, ohikoa ez den zintzotasunarekin.

Zure ibilbideko zein unetan zaude?

Fase berri batean nago. Gauza asko etor litezke edo batere ez. Ezin dut gehiago zehaztu, hainbat esparru ireki ditudalako eta zer ematen duten ikusi behar dudalako. Trantsizioa egiten jakin izan duten dantzari gutxi dago, eta hau beste eboluzio-une bat da. Ezin dut pentsatu duela hamar urte dantzatzen nuen guztia dantzatzea, ez zaidalako interesatzen. Emanaldiak egiten nituenean, beti pentsatzen nuen akaso ikuskizun hura egingo nuen azken aldia izango zela. Zertarako kontatuko dizut plangintza, agian bihar hemen ez banaiz egongo? Gauza desberdinak egitea gustatuko litzaidake, egin dezakadanaren kalitatera egokitutakoak. Eskola irekitzearen arrazoietako bat zen askatasuna izatea, eta hala gainetik presioa ken nezakeen. Dantzari gehienek ez dute pentsatzen gero zer datorren. Badakit etorkizunak ez digula ezer ziurtatzen, baina ezer ziurra suertatuz gero, hobe plangintza bat prestatuta edukitzea.

Igor Yebra, Serge Lifarren "Ikaro"
Igor Yebra, Serge Lifarren Ikaro dantzatzen. Lan horrekin debutatu zuen Bordeleko Operako Balletean. Argazkia: Igor Yebraren artxiboa

Azken hamar urteotan ezerk bete bazaitu, hori Bilboko ballet eskola izan da.

Duela hamar urte, eta gogoratzen den inoizko krisirik gogorrenarekin batera ireki zen, zer eta dantza bakarrik egiten den eskola bat. Alegia, gurasoek alde batera utz dezaketen jarduera bat. Hortxe duzu balantzea: hamar urtetan eskolaren errendimendua ez da gutxitu; aitzitik, oso ondo mantendu da. Eskolako zenbait haurrek aurrera egin izana eta orain atzerrian lanean aritzea ondo dago, baina ez dira horiek gehien arduratzen nautenak. Arduratzen nauena da gizarteak dantzarekiko duen jarrera aldaraztea, eta hori dantzatzen ez dutenen bidez lortzen da. Guztiontzako eskola izatea nahi nuke, gizarte mailan zerbait desberdina egiteko. Hori da gizarteari eta nire hiriari egiten diodan ekarpena. Hori dantzari ikusgarri eta zoragarri bakanak lortzea baino garrantzitsuagoa dela uste dut.

Atzera begira jarrita, zein izan zen dantzaren munduarekin izan zenuen lehen kontaktua?

Oholtza batera ikastetxeko antzerki-taldearekin igo nintzen, 6. OHOn. Gizon grisak lana eman genuen Salesianoen antzokian, eta ni XYQ 384 agentea nintzen. Hurrengo egunean 39,5ºC-ko sukarra neukan. A zer tentsioa… magikoa izan zen. Dantzari gisa, beti esan izan dut teknikotik baino gehiago izan dudala aktoretik. Villar Palasi ikastetxe publikoan izan nuen lehen kontaktua barrarekin. Une hartan dantzari izatetik oso-oso urrun nengoen. Kirolaria izan behar nintzen. Futbito taldeko atezaina eta kapitaina nintzen; nire amak ballet-klaseak ematen zituen eskolan, eta joateko eskatu zidan behin. Taldeko batzuk ere konbentzitu nituen joateko. Klasea egin genuen eta noski, bigarrenean ez zen bat bera ere joan, kar kar! Dantzaria izan behar zuena nire arreba zen, eta gerora Euskadiko Balleteko zuzendari izan zenak esan zion ni eramateko haien klase batera. Corte Inglesera eraman ninduten, klaseak egiteko zerbait egokia erostera. Hautatzen utzi zidaten, eta maillot eta elastiko gorriak aukeratu nituen. Dirudienez, gogo handia zuten ni dantzan ikusteko, eta inork ez zidan esan arropa hura ez zela egokia. Han agertu nintzen arropa gorri harekin eta liluragarria iruditu zitzaidan lehen egunetik. Gaur arte.

Dantzaria izan nahi zuen mutil kirolariaren gaineko aurreiritzirik bazegoen 80ko hamarkadan?

Gaur egun baldin badaude, pentsa orduan. Edonork imajina lezake nolakoa izan zen. Gainera, bolada batean, banatutako gurasoak zituen mutil bakarra nintzen, beraz imajinatu une berean zenbat gauza arraro gertatzen ziren nire inguruan. Naizen bezalakoa naiz, eta dantzari izatea erabaki nuen unean, dantza egin nahi nuen eta ezerk ez zuen hori eragotziko. Eta bai, beste haurrek gauza larriak egin zizkidaten, nahiz eta klaseko garaiena izan, nolabaiteko klaseko ikono edo marka, liderra. Inbidia zidan jende asko zegoen, eta haiek are gehiago erasotzen ninduten. Gauza larriak izan ziren, baina horiek ez dira haurren kontuak, gurasoenak baizik, haurrek ez baitute beren kabuz halakorik egiten, ezpada jaso duten hezkuntzagatik. Zein izan da horren ondorioa? Ez dudala eskolako lagunik.

Kontaktua izan zenuen baita ere gerora Euskadiko Balleta izan zenarekin.

Oso denbora gutxi egin nuen han, eta ezin dut esan ezeren parte izan nintzenik, nahiz eta Bilboko Ballet Gaztearen lehen ikuskizunean parte-hartu nuen, Euskadiko Balleta izentzat hartu baino lehen. Campos antzokian izan zen, eta ikuskizunean zehar lehen urratsak ematen zituen mutiko irrigarriaren papera egin nuen, baita Giselle laneko nekazarien laukotean aritu ere. Ez zen denbora asko izan, baina bai bizitasun handikoa. Sekta baten antzekoa zen, eta noski eragina izan zuen nigan. Zorionez, nire gurasoak garaiz jabetu ziren, eta handik berehala atera ninduten.

Igor Yebra "Ivan izugarria" Moskun
Igor Yebra, Errusian Ivan izugarriaren rola egin zuen lehen dantzari ez errusiarra izan zen. Kremlingo jauregia, Mosku, 2004. Argazkia: Igor Yebraren artxiboa

Nola agertu zen Victor Ullateren eskola zure bizitzan?

Gurasoak izututa zeuden ni han ikusita, eta handik atera nahi ninduten. Nik ez nuen nahi, munduko tokirik onenean nengoela uste nuelako. Espainian une hartan zegoen tokirik onena bilatu zuten, eta hori Victor Ullateren eskola zen. Borroka itzela izan genuen zortzietatik goizeko bostak arte. Etxean giltzapetuta utzi ninduten, eta nik ihes egin nahi nuen. Azkenean amore eman nuen, baldintza bakarrarekin: joango nintzela, ikusiko nuela eta, ez gustatzekotan, itzuli eta nahi nuen tokira joaten utziko zidatela. Banatu ondoren, nire aita etxean sartu zen okasio bakarretakoa izan zen. Nire amaren bikoteak, Carlosek, kotxea hartu zuen eta zuzenean sartu ninduten han. Victor Ullateren eskolara iritsitakoan, ordu arte dantzan ikusi nuena baino askoz jende gehiago ikusi nuenean nire adineko mutilak ere bazeuden, eta nirea baino maila askoz hobearekin, begiak ireki zitzaizkidan berehala. Eszena hark, ikusitako guztiak, eragin handia izan zuen nigan. Azkenean, ni han gelditzeko modua egin genuen, eta ez nintzen etxera itzuli klaseak bukatu eta hilabete eta erdi arte. Baina nire burua aldatuta eta garatuta zegoen ordurako. Istorio bitxia da.

Arriaga antzokia, 1988ko apirilaren 28a. Victor Ullateren balletarekin lehen emanaldia. Zein oroitzapen dituzu?

Ordukoa baino gehiago oroitzen ditut beste batzuk, nahiz eta Victor Ullaterentzat data garrantzitsua izan liteken. Trantsizioa denbora tarte ikaragarri laburrean gertatu zen: Victor Ullateren balletera iritsi eta bi hilabetera jarri ninduten lanean, bera konpainia sortzen ari zenean. Han zeudenak 7-8 urte zituztenetik ari ziren balleta egiten, eta ni 13rekin hasi nintzen. Oso azkar gainditu behar nituen hainbat etapa: animalien pare egiten nuen lan, eta dantzako ezagutzarik gabe. Egia esanda, eszenario gainean ikasi dut dakidana, eta alde horretatik nire ibilbidea erabat surrealista da. Horregatik esan ohi dut Victor Ullaterena naizela, baina ez naizela Victor UIllateren produktu bat, gerora han aritutako beste batzuk bezala. Aparteko bertsoa naiz. Horrek ez du esan nahi hobea edo txarragoa naizenik; baina bai erabat desberdina.

Orduan Luis Iturri Arriagako zuzendariak parte-hartze garrantzitsua izan zuen.

Luis Iturri Arriagako zuzendariari buruz esan dezakedana da konpainia hartan sinistu zuen pertsona izan zela. Gogoratzen naiz prentsarentzat eta beretzat egindako lehen entseguan ikusi nuela. Ikaragarria izan behar zuek horrek: pertsona garrantzitsuak zuri begira, era berean zu haiek ikusten, ez zelako eszenario bat. Luis Iturri oso pertsona berezia izan zen niretzat, konpainian sinistu zuen lehen pertsona izateaz gain, nigan sinistu zuen lehena izan zelako.

Charles Jude eta Igor Yebra, "Giselle"
Charles Jude eta Igor Yebra, Giselle prestatzen, Bordeleko Operako Balletarekin. Argazkia: Igor Yebraren artxiboa

Madriletik antipodetara, Australian Balletera.

Ez naiz oso dantzari teknikoa, dantza-gelara sartu eta inpresioa eragiten duena. Dantzatzeko gonbidatu nauten guztiek aurretik ikusi naute dantzan. Hala erdietsi izan ditut arrakastak. Maya Plisetskaya sariketako epaimahaian jende garrantzitsua zegoen, tartean Australian Balleteko zuzendari berria, Ross Stretton. Ikusi ninduenean txundituta geratu zen, eta haiekin dantzatzeko gonbita egin zidan. Esperientzia sinestezina izan zen, Australian Ballet munduko konpainia onenetako bat delako, produkzio handiekin eta maila ekonomiko handiarekin, nahiz eta hemen ez den oso ezaguna, antipodetan dagoelako.

Australia utzi eta munudu osoko konpainien gonbidapen-zurrunbiloan sartu zinen. Ez da oso ohikoa ibilbidea freelance-dantzari gisa egitea.

Badakit egin dudan ibilbidea jende gutxik egin dezakela, ez kalitateagatik, maila psikologikoagatik baizik. Zergatik? Diziplina handia behar duzulako, bakarrik zaudelako. Jendearekin baino gehiagotan aritu izan naiz bakarrik lanean, eta oso gogorra da. Jendez inguratuta egoteak motibatu egiten zaitu. Nire ibilbidearen zati nagusia halakoa izan da: bakarrik, nire buruaren bila. Beheraldia psikologikoa datorrenean, edo lanik ez dagoenean, norberak bilatu behar du bere motibazioa, lanean jarraitu behar duzu egunero. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Beti esan izan duzu begiko dituzula errusiar kultura eta balletak.

Dantza klasikoaren sortzaile eta oinarri diren hiru herrialde nagusietan lanean aritzeko zortea izan dut: Italia, Frantzia eta Errusia. Gainera, hiru herrialdeotan babesle izan ditut hango balletean funtsezkoak diren pertsonak. Ez naiz “halako edo bestelako egin dut” esan zalea, baina zer pentsatua ematen du. Halako lorpenak ez dira lerdena izanda soilik lortzen. Antipodetara joan nintzen, maite eta gurtzen dudan Errusiatik urrun, eta hala ere errusiarrek barruan dudana nik baino hobeto irakurtzen jakin izan dute. Bereziki Lorca Massinek, berak esan baitzidan: “printze baten gorputz batean sartuta zaude, baina arima basatia dago zure barruan”. Hala da: nire estereotipoa, nire irudia, printzearena da; barruan dudana aldiz, kontrakoa da. Hori gogorragoa da Walt Disneyren printze baten gorputz batean harrapatuta zaudenean.

Balleteko hiru ikonori —Carla Fracci, Charles Jude eta Yuri Grigorovich— huts ez egitea erronka garrantzia izan zen zuretzat. Zergatik?

Desagertzen diren egunean dantzako jainkoen Olinpoan egongo diren pertsonak dira. Horietako batek konfiantza, lana, maitasuna eta miresmena emateak dena esan nahi du. Dantza bokazio gisa hartzen denean, gurasoen parekoak dira. Ezin diezu pertsona horiei kale egin, erabateko konfiantza itsua eman dizutelako. Carla Fracciren etxean bazkaldu izan dut, harekin dantzatu (oso heldua zenean), etengabe gonbidatu izan nau Erromako Operara… Italian burokraziak nola funtzionatzen duen dakienak, badaki zer esan nahi duen nire aldeko halako apustua egiteak. Izan ere, nire ibilbidean geldialdi bat izan nuen, eta dantzatzeari uztekotan nengoenean, hilabeteko epean Erroman dantzatzeko deia jaso nuen. Niri bizitza aldatu zuen horrek: guztia uztetik berriz ere dantzan aritzera.

Igor Yebra eta Carla Fracci, "Beltxargen aintzira"
Igor Yebra eta Carla Fracci, Beltxargen aintzira dantzatzen, Erromako Operako Balletaren emanaldi batean. Argazkia: Igor Yebraren artxiboa

Charles Juderi buruz hitz egitea Parisko Operako izar bati buruz hitz egitea da. Rudolf Nureyeven oinordeko naturala da, Frantzian dantzaren munduko pertsona garrantzitsuenetako bat. Bordeleko zuzendaria zen, eta Erromako deiaren ondorengo astean mezu bat jaso nuen: “kaixo, Charles Jude naiz. Zatoz bihar Bordelera”. Eskaini zidan lehen gauza izan zen frantziarrentzako sinbolikoa den zerbait: Parisko eta Bordeleko Balleten errepertorioan bakarrik dagoen Serge Lifarren Ikaro dantzatzea. Pentsa dezakezu zein zaila den ballet hori dantzatzea. Gai historikoen oso zalea naizenez, ez dago ni konbentzitzeko halakoa baino karamelu hoberik. Charlesekin, gauza zirraragarriak bizi izan ditut: eman didan askatasuna, urte hauetako borroka, nik utzi nahi nuelako eta berak ez.

Hirugarrenik, Yuri Grigorovich. Ivan Izugarria da lan gailena harentzat, eta Moskun dantzatzeko gonbitea egin zidan. Ordu arte errusiarra ez zen inork ez zuen egin Errusian; gainera Vladimirovekin jarri ninduten entseatzen, eta uste dut hark sortu zuela papera. Horri gehitu behar diozu hara iritsi nintzen egunean, etxera eraman ninduela, han zegoela bere emaztea, Natalia Bessmertnova dantzari itzela, eta beren sukaldean arrautza frijituak jaten ari nintzela. Arrautza frijitu horiei ezin nien hutsik egin, kar kar!

Igor Yebra, Natalia Bessmertnova eta Yuri Grigorovich,
Ezkerretik eskuinera: Igor Yebra, Natalia Bessmertnova eta Yuri Grigorovich, Mosku. Argazkia: Igor Yebraren artxiboa

Balletak lotura du dantza tradizionalarekin eta zuk ere bai.

Korrontzirekin eta Oinkarirekin ikuskizun bat egin nuen. Maila oneko jendea zegoen. Nire ezkontzan aurreskua ere dantzatu nuen, kar kar! Euskal dantza oso garrantzitsua da ballet klasikoaren garapenean, oso gutxi direlako urratsen izen-abizenak mantentzen dituzten tokiko dantza tradizionalak: pas de basque, saut de basque, grand pas de basque. Horrek dagoeneko adierazten du euskal dantzen urratsak garatuta eta estilizatuta daudela. Logika osoa du, orduko koregrafo batzuk Ipar Euskal Herrikoak zirenez, urratsei izen-abizenak jartzeko ohorea eta begirunea izan zutelako. Ballet klasikoa elikatzen da baita ere herrialde askoko tokiko dantza tradizionaletako urratsetatik. Zergatik? Ballet klasikoak gehien interesatzen zaiona aukeratzen eta integratzen duelako.

Ia hiru hamarkadaren ondoren, nola ikusten duzu Euskal Herriko dantzaren egoera?

Ari da pixkanaka eboluzionatzen. Ez niri gustatuko litzaidaken edo egokien iruditzen zaidan mailan eta abiaduran, baina nik nazioarteko ikuspegitik begiratzen diot egoerari. Gauza asko egin dira. Duela 30 urte non ginen, eta orain non gauden ikusi behar dugu. Urratsak eman dira, baina atzerrira joan eta dantza egonkortuta dagoen herrialdeak ikusita, ohartzen zara oraindik ere egiteko bide luzea dagoela.

Ez-ohiko izar baten ibilbidea

Haurra zenean Athleticeko atezain izan nahi bazuen ere, Igor Yebraren ibilbide profesionala bestelakoa izan zen. Betitik izan zuen dantzarekin kontaktua, bere gurasoek ABAO Balletean dantzatu zutelako. Hamahiru urterekin hasi zen serioski dantzatzen. Handik gutxira Victor Ullate Balletean egin zuen debuta (1987-1996); antipodetan, Australian Balleten amaitu zuen aro hura (1997-1999). 

Igor Yebra atezain Athletic Bilbao
Igor Yebra, Bilboko Athleticaren elastikoarekin, San Mamesen atezain. Haurra zenean futbolaria izan nahi zuen Yebrak. Argazkia: Igor Yebraren artxiboa

Mundu osoko konpainiek gonbidatuta dantzatzen jarraitu zuen bere ibilbidea Yebrak, freelance gisa, nahiz eta gerora egonkortasun handiagoko aroa bizi izan zuen Erromako Operako Balletaren (2001-2002) eta Bordeleko Operako Balletaren (2002-2016) etengabeko gonbidapenekin.Bordelen lortu zuen kategoria gorena: étoile (izarra). 2004an balletaren munduan mugarri bat ezarri zuen: Yuri Grigorovichen Ivan Izugarriaren papera jokatu zuen lehen dantzari ez errusiarra izan zen Kremlineko jauregian. 

Ia hiru hamarkadako ibilbide sarituarekin eta goraipatuarekin, Bordelen erretiratu da 2016an, bere ibilbidean aro profesional berri bati ekiteko. Nork ote daki Bilbon, bere jaioterrian, duela hamar urte irekitako eskola ez ote den aro berri horren oinarria.

Eranskina: Igor Yebrari egindako elkarrizketaren jatorrizko bertsioa (pdf)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iratxe de Arantzibia

Iratxe de Arantzibia

Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna