Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak Eibarren II
Patxi Labordarekin haurrei dantza tradizionala lantzeko baliabideei buruzko ikastaroak arrakasta itzela izan duenez hirugarren saioa antolatu dugu; Eibarren martxoaren 5ean izango da. Izena eman duten ikasle kopurua ikusita saio bera hiru egunetan antolatu dugu. Eibarren izan da lehena pasa den urtarrilaren 22an, bigarrena Beasainen izango da otsailaren 12an eta hirugarrenerako izen-ematea ireki dugu, martxoaren 5erako.
Haurrei dantzan irakasteko zenbait gako
Dantza tradizionalaren irakaskuntzan eta transmisioan, zailtasun, muga eta ezintasun ugari aurkitzen ditugu maiz, bereziki haur eta gaztetxoei irakasteko ahaleginean. Horretan dihardutenei zenbait leiho irekitzen laguntzea da ikastaro honen xedea. Dantzaren pedagogiaren inguruan urte askotako eskarmentua duen Patxi Labordak eskainiko du ikastaroa. Metodologia bakarra baino, haurrekin lantzeko baliabide sorta mahai gainean jartzea izango du helburu. Aiko Taldeko dantza-maisuak berak dioenez irakasleari “pistak” eskaintzea da asmoa, norberak bere bidea marrazteko proposamen sorta.
Saio bakarrean oraingoan, zer irakatsi behar dugunetik hasi eta oinarrizko kontzeptuak (egitura erritmikoa, isiluneak, pultsua, puntua, suspentsio edo esekidurak, zapaltzea, karga, oreka...) eta dantza tradizionalaren oinarrizko erritmoak (binarioa, ternarioa, konposatuak) errepasatuko dira, eta horretarako ikasketa sistema orokorrak (imitazioa, jarraipena, logika...) eta era desberdinetako ariketak (musika ariketak, perkusioak, diagonalak, bat-patekotasuna...) landuko dira.
Ikastaroa: dantzan irakasteko baliabideak
Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen
Patxi Laborda (Iruñea, 1967)
Dantzari, dantza-maisu eta dantza sustatzaile urteak daramatza Bilbao Musikan helduendako tradiziozko dantzaren irakasle lanetan. Aiko taldean erromeria dinamizatzaile moduan ere aritzen da eta hauekin dantzarako zenbait disko eta DVDren prestaketan eta grabaketan parte hartu du. Dantza tradizionalaren inguruko hamaika ikastaro eman ditu bai gurean eta baita gure mugetatik kanpo ere, hango eta hemengo dantza-maisuekin etengabeko hartu emana mantenduz. Neguko folklorean berezitua, hainbat lan egin ditu euskal dantzaz, neguko solstizioaz eta inauterien inguruan. Zenbait aldizkaritarako dantzaren inguruko artikuluak idatzi izan ditu, besteak beste 2007ko neguan EDBko Dantzariak aldizkariaren 54. alean argitaratutako "Dantzan irakasten" izenburukoa, edota Euskonews-en jasotako "Euskal plaza dantzen akademizazioaren inguruan" gogoeta.
-----------------------------------------------------------------------------
Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.
